Munoa jauregia

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search
Munoa jauregia
Logotipo del Gobierno Vasco.svg Eraikitako euskal ondasun nabarmena
Munoa jauregia, Juan Echevarría La Llana jaunaren aginduz, XIX. mendearen bukaeran eraikitakoa. Barakaldo, Bizkaia, Euskal Herria. 2015-06-20.jpg
Kokapena
Herrialdea  Euskal Herria
Probintzia  Bizkaia
Herria Barakaldo
Koordenatuak 43° 17′ 03″ N, 2° 58′ 43″ W / 43.284202°N,2.978737°W / 43.284202; -2.978737Koordenatuak: 43° 17′ 03″ N, 2° 58′ 43″ W / 43.284202°N,2.978737°W / 43.284202; -2.978737
Historia eta erabilera
Irekiera1916
Arkitektura
Arkitektoa Ricardo Bastida
Ondarea
EJren ondarea 224

Munoa jauregia Barakaldoko eraikina da.

2017ko otsailaren 8an Eusko Jaurlaritzak monumentu izendatu zuen, Sailkatutako Kultura Ondasuna[1].

Deskribapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eraikin nagusia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Barakaldo udalerrian dagoen eraikin errektangeluarra da, Ibaizabal-Nerbioi itsasadarraren gaineko ikuspegia duen muino batean kokatuta dagoena, hain zuzen ere, Gurutzeta, Burtzeña, Llano eta Lutxana auzoak elkartzen dituen lorategi-eremu batean. Eraikina estalki amansardatu batez estalita dago (estalkiaren gorputz nagusia teilazkoa da, eta alboetakoa arbelezkoa), eta zerbitzu-solairu bat, bi solairu altu eta estalkipean dagoen solairu bat ditu.

Gaur egungo itxura 1916an hartu zuen, Ricardo Bastida arkitektoak egindako obraren ondorioz. Hark, Rafael Etxebarria Azkarateren eta honen emazte Amalia Etxebarrietaren ekimenez, hasiera bateko jauregitxoa aldatu zuen. Jauregitxo hori 1860. urte inguruan eraiki zen, Juan Etxebarria La Llanaren udako egoitza izateko.

Lehen eraikin hori, geroago, Etxebarria-Etxebarrieta senar-emazteek erabili zuten, eta Horacio Etxebarrieta ere bizi izan zen han. Bilboko itsasadarreko ibai-sistemaren ikuspegi onena zuen lursailean kokatu zen, eta fatxada nagusia hego-ekialdera begira zegoen, eta sarrera nagusia finkaren beheko aldean zuen. Hasierako bolumenetik kontserbatzen dira, bolumena bera eta hasierako eraikuntza-elementu asko, hala nola fatxadako hutsuneak eta horiek berriz hesitzeko harriak eta moldura apaingarriak eta errementaritzako eta zurgintzako zenbait lan.

Bastidak egindako berritzeak jatorrizko eraikinaren estilo frantsestua errespetatu zuen, eta bolumenari monumentaltasuna ematen zioten bi gorputz simetriko gehitu zituen, bakoitza hasierako eraikineko mutur batean. Horrez gain, kareharrizko terraza bat gehitu zuen, solairu nagusiaren maila berean kokatua. Solairu nagusira solairu horretako ateetatik sartzeaz gain, kanpoaldetik ere sartzea dago, bi eskailera simetrikoren bidez. Horiek ere harrizkoak dira, eta, kurba pixka bat duen bide bati jarraituz, terrazara iristen dira.

Ondorengo fase batean, Bastida arkitektoaren zuzendaritzapean ere, atezaintzako pabiloia, autoak sartzeko ate handia, garajearen eraikina eta baratzeko ustiapenarekin lotutako korta-baserri bat eraiki ziren. Gaur egun, ez dira kontserbatzen ez atezaintzako eraikina, ez eta korta-baserrikoa ere.

Halaber, Bastidaren esku-hartzearen ondorioz, etxera sartzeko sarrera nagusi berri bat eraiki zen, Bilbo eta Santurtzi arteko errepideari begira, eta horrek inguru horretako kokalekua aldatu zuen.

Esku-hartze osoa «Beaux-arts» estiloko elementu bereizgarriz beteta dago. Osaera simetrikoa du, bai eta ardatz bertikalen arabera antolatutako hutsuneak ere, eta bolumen nagusia pixka bat atzera eramanda dago, alboko hegalekin batera kokatuta geratzeko. Hegal horiek kuxin moduko pilastrak dituzte ertzetan.

Horizontalki, solairuen banaketa agerikoa da fatxadetan, inpostak erabiliz. Elementu apaingarriak nabarmentzearren, osaerak txandakatze kromatikoa sartzen du elementu horien eta harresien artean. Eraikin osoa altxatutako ataletan zehar doan hegal jarraitu batekin amaitzen da, eta bolumen nagusian balaustrada bat gehitzen da.

Solairu nobleetan, behekoa eta lehenengoa, arku beheratua duten baoak ageri dira, harlanduarekin berriz hesitua eta giltzarri molduradunarekin. Beheko solairuan, hutsune guztiek terraza zabalera sartzeko aukera ematen dute, eta, lehen solairuan, erlaitzen gainean karelak dituzten hutsuneak daude, nagusian izan ezik, forjazko balkoi dat baitu. Gainerako solairuetan, baoek tamaina eta estilo ezberdinak dituzte, espazioen hierarkia adierazteko.

Solairuen antolamendua burgesen egoitza-eraikinetan ohikoa da: espazioa antolatzen duen korridore baten bi aldeetan banatzen dira gelak. Gelen antolamenduari dagokionez, beheko solairuan eraikinerako sarbidea dago eta bertan areto adierazgarriak daude: Areto Nagusia izenekoa, eraikinaren hegoaldeko muturrean organo bat duena, sarrerako atari nagusiaren alboetan dauden bi areto gehiago, jantokia ofizioarekin, bulegoa, kapera, komun bat eta josteko gela bat. Lehenengo solairuan gela pribatuak daude: 7 logela eta lau bainu- eta apain-gela. Esltalkipeko solairuan zerbitzarien gelak daude: zerbitzarientzako 6 logela, komuna, arroparentzako gelak eta biltegiak. Eta erdisotoan, sukaldea eta zerbitzarien jangela daude, lisatzeko gela, garbitokia, esekilekua, upeltegia, biltegia, jaki-tokia, ikaztegia, galdara eta komun bat. Erdisotora sartzeko beheraka doan eskailera nagusi baten zati bat erabili behar da. Eskailera horren hasiera da eraikinaren atzeko fatxadako erdian kokatutako ate nagusia.

Eraikitako bolumenaren barnealdeko espazioez gain, kanpoko terrazaren egiturak galeria bat kokatzen du lorategiarekin lotutako gune gisa. Hala ere, eguraldi txarretik babestua dago. Espazio hori lauza ikusgarriz estalita dago, apaindura geometrikoak eta lorekoak dituztenak.

Garajearen eraikina[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Jauregiaren garajea

Garajearen eraikina finkaren goiko aldeko sarrera nagusiaren ondoan kokatzen da. Beheko solairu bat eta estalki amansardatudunpeko solairu bat ditu, eta, haren funtzio-programan, ibilgailuen aparkalekua ez ezik txoferraren etxebizitza ere jasotzen ziren.

Garajeko pabiloia eraikitzeko erabili ziren eraikuntza- eta osaera-elementuak jauregiko erakinean erabilitakoen antzekoak dira; hortaz, eraikinaren irudi koherentea lortzen laguntzen dute. Gaur egun, hormak estaltzeko elementuak berreskuratu behar dira, baita jatorrizko pabiloiko estalkiarenak zein sarbidearen jatorrizko aroztegiko elementuak (kontserbatzen direnak) ere.

Lorategia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lorategiaren gaur egungo antolakuntza finkak izan duen bilakaera historikoaren ondorioa da. Hasiera batean, etxearen eta jabetzaren beheko aldearen arteko eremua hartzen zuen finkak, eta, bigarren fase batean, etxearen eta gaur egungo Llano kalearen arteko eremua gehitu zituen.

Eremu zabala da, sei hektarea ingurukoa. Seguruenik Bastidak berak diseinatu zuen eta eraikin nagusia duin bihurtzeko pentsatua dago, bai eta bertan bizi direnen intimitatea bermatzeko ere.

Orokorrean, ingeles motako lorategi bat da, itxura naturala duena, landaredi dentso eta ugaria duena, are nabarmenagoa dena eraikin nagusitik urrun dauden guneetan. Trazadura bihurriko bidexkaz lotua dago eta zenbait eskulturak osatzen dute. Horiek, balio artistikoa emateaz gain, erromantizismoz betetzen dute eremua eta agerian uzten dute jauregian bizi direnentzako kalitatezko espazio bat sortzeko nahia.

Emaitza lorategi-eremu bat da, laua zein aldapatsua, eraikin nagusiarekin lotura zuzena duena, baina, gainera, txertatuta dagoen metropoli-inguruarekin ere espazio-harremana baduena; izan ere, paisaia-balio bereziak eransten dizkio ingurune horri.

Lorategira sartzeko gaur eguneko sarrera nagusia finkako goiko aldeko antzinako sarreraren bidezkoa da, Llano kaleari begira dagoena, eta jatorrizko itxiduraren harrizko harresiaren parte dena. Erabilitako konponbidea kareharrizko harlanduzko pilare handi landu batzuetan oinarritzen da, egoera onean kontserbatzen direnak. Hala ere, sarrera horrek jatorrizko errementaritza berreskuratu beharko luke, kenduta baitago.

Lorategia antolatzeko trazari dagokionez, historian zehar izan dituen aldaketak gorabehera, hein handi batean ezagut eta berreskura daiteke. Izan ere, hortik igarotzen diren ibilbideak Ismael Gorostizak 1925ean egindako planoetan zehazten dira.

Lorategiaren urbanizazioak barne hartzen ditu zenbait elementu, lorategiaren parte direnak, lorategiari egitura ematen laguntzen dutenak, eta monumentu multzoari itxura dotoreagoa ematen diotenak; esaterako: finkaren goiko aldean kokatutako putzu zabala; Nemesio Mogrobejo eskultorearen obra, «Eva», eta Valentín Dueñas eskultorearena, «Dama», eta honako altzari hauek: balaustradak, jauregiko aurreko aldeko pitxer handia, eta lorategiko goiko aldean glorieta forman kokatutako lau bankuak.

Edonola ere, apaintzeko zuhaitzak eta zuhaixkak (500etik gora) dira nagusi, besteak beste zedroak, izeiak, ezkiak, palmondoak, makalak, pinuak eta magnoliak. Horiek, oro har, biriki berde bat osatzen dute biztanle-dentsitate handia duen metropoli batean.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena:
Euskal Wikiatlasa