Méduse

Koordenatuak: 16°N 39°W / 16°N 39°W / 16; -39
Wikipedia, Entziklopedia askea
Méduse
Historia
Gila jartzea 1806ko ekainaren 24a
Uretaratzea 1810eko uztailaren 1a
Esleipena 1810eko irailaren 26a
Naufragioa 1816ko uztailaren 2a
KudeatzaileaFrantziako Itsas Armada
Erregistro-herrialdeaFrantzia
Kokapena
Koordenatuak16°N 39°W / 16°N 39°W / 16; -39
Ezaugarriak
Dimentsioak5,9 (zingoa) × 11,91 (zabalera) × 46,93 (luzera) m
Erruna11,91 m
Zingoa5,9 m
Masa1.880 t
Edukiera326 Tripulazio

Méduse 1816ko uztailaren 2an Mauritaniako kostaldean hondoratu zen fragata frantsesa izan zen. 390 pertsona hilik suertatu ziren eta 15 pertsonek bizia salbatu zuten.

Gertaerak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1816ko ekainean, Rocheforten (Frantzia); Argus, Écho eta Méduse ontziek osatutako konboia portutik abiatu zen Senegalerantz. Méduse fragataren buru Hugues Duroy de Chaumereys bizkondea aukeratu zuten, irizpide garbirik gabe, hogei urte nabigatu gabe eman ondoren[1].

Espedizioaren helburua Senegal britainiarren eskuetatik berreskuratzea zen. Britainiarrek hala zuten onartua Parisko Itunean, eta ez zen gorabeherarik espero bidaian. Eguraldi ona lagun, Chaumereysek beste ontzien aurretik joatea erabaki zuen. Baina kapitainaren trebetasun ezak medio Médusek joaira galdu zuen, eta uztailaren 2an hondarpe bat jo zuen egungo Mauritaniako kostaldetik gertu[1].

Hiru egunez hondartutako ontzia askatzen saiatu ondoren, salba-txalupetan kostaldera iristen saiatzea erabaki zuten. Baina eskifaia 400 lagunek osatzen zuten eta txalupetan 250entzako tokia besterik ez zegoen; beste 150ek, presaka, almadia modukoa prestatu behar izan zuten[1].

Salba-txalupek baltsa atoiontzian eraman behar zuten, baina bide laburra egin ondoren, erdi hondoratuta zegoen almadia txalupetara lotzen zuten amarrak askatu egin ziren (edo norbaitek askatzeko agindua eman zuen). Baltsan gaileta pakete bat, bi bidoi ur, bi ardo upel eta ehundik gora gizon geratu ziren[1].

Jakiek egun bat besterik ez zuten iraun, baltsa gobernaezina zen, hondoratzeko arriskua oso handia zen, eta tentsioak eztanda egin zuen. Liskarretan hainbat gizon sastakatu zituzten, beste batzuk kareletik bota, eta tirabira horietan ardo upelak itsasoan galdu ziren. Bizirauteko aukera gutxi zutela ikusita bere buruaz beste egin zuenik ere izan zen. Beste elikagairik ezean, bizirik geratzen ziren geroz eta marinel urriagoak hildakoen haragia jaten eta haien odola edaten hasi ziren, laguntza iritsi arte eusteko itxaropenez[1].

Méduse hondartuta geratu eta hamahiru egunera, espedizio bereko Argus ontzia almadiaraino iritsi zen. Jitoan geratutako 150 lagunetatik hamabost geratzen ziren soilik. Ozta-ozta iritsi zitzaien erreskatea, baina bizirik ateratzea lortu zuten[1].

Galeria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b c d e f Irazustabarrena, Nagore. (2013-02-17). «Itsas tragedia erromantizismoaren ikono» Argia CC-BY-SA lizentzia.

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]