Almadia

Almadia luzera berdineko zuhaitz-enborrez eginiko erreka-ontziak da. Enbor hauek landare abarrekin elkarlotuta daude eta almadiaren aurreko zein atzeko atalean aurraunez horniturik dago, norabidea zuzentzeko.
XX. mendea arte Nafarroa Garaiko Aezkoa, Zaraitzu eta Erronkariko ibarretan, basoen ustiapena ekonomiaren zutabe nagusietako bat izan zen. Horregatik, almadiak egitea, zura garraiatzeko modurik onena zen. Almadiazainek Ezka ibaitik jaitsi eta Aragon ibaitik segitzen zuten Ebro ibaira iritsi arte. Han, ibaiertzeko hiriguneetan zura saltzen zuten.[1]
Aragoin ("nabata") eta Katalunian ("rai") ere erabili izan zituzten tradizionalki Pirinio aldean.[2]
Etimologia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Baltsa mota honi arabiarrek "al ma 'diya" deitu zioten eta "almadia" izenarekin, edo "armadia" eta "aumedía" aldaerekin (hau ekialdeko Pirinioetan) maiz agertzen da erregistratuta Nafarroako, Aragoiko eta Kataluniako Erdi Aroko dokumentuetan.
Historia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Zaila da jakitea noiz hasi ziren almadiak egiten, baina XIV. mendean jada agertzen dira Nafarroako Erresumako dokumentuetan[3]. Ziurrenik, aurreko mendeetan ere erabiliko ziren, izena arabieraz baitu, XII. mendean Zaraitzu eta eta Ezkatik jaisten zirenek Tortosan hizkuntza horrekin izandako harremanaren lekuko[4].
XVIII. mendean egurraren kudeaketa hil ala bizikoa bilakatu zen Espainiar Inperioarentzat, eta lau ontziola garrantzitsu eraiki zituen Cartagena, Ferrol, Cádiz eta Habanan. Ontziola horiek guztiek egurra behar zuten euren itsasontziak eraikitzeko. Horrela, 1748an ontziola bakoitzak egurra nondik har zezakeen erregulatu zen, baina Cartagenak arazo ugari zituen. 1749an Pirinioetan aritu ziren egur bila, eta 1777an Plácido Correa bidali zuten Irati eta Erronkari inguruan aztertu eta egurra nondik lor zitekeen ikustera[4]. 1779an Irati almadientzat nabigagarria egiteko lanak eskatu zizkioten Pedro Vicente Gambrari, 1781ean amaitu zirenak[4].
Eraketa prozesua
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Almadiak prestatzeko lanak mendian hasten dira, zuhaitzak moztearekin. Zuhaitza lurrera erori ondoren goiko adarra destaiatzen da. Behekoak euskarri modura erabiltzen direlako uzten dira azkenerako. Behin guztiz garbituta, enbor horiek tronkatzeko posiziorik egokiena bilatzen da, 4,00 eta 6,40 metro bitarteko luzerako enborrak lortzeko.
Enborra moztu ondoren, eskuairatu egin behar da. Soluaren kurbadurak zailtasunak sortu ditzakeenez, lan hau taldeko langile trebeenek egiten dute. Lehenik eta behin, bi aldeetan ikatziri kordelarekin markatzen dute, eta eskuairatu ondoren, enborra biratu eta beste bi aldeetan prozesua errepikatzen dute.
Almadiak eraikitzeko, enborren muturrak ginbaleta erabiliz zulatu behar dira. Ondoren, landare-jatorriko abarrekin elkarri lotu behar dira, 4 edo 5 metro inguruko zabalera duten zatiak, hau da, tramuak, lortuz. Elkarlotze hori behar bezala egitea garrantzitsua da almadiaren egonkortasuna bermatzeko, eta horregatik zehaztasun handiz jardun beharra dago.
Tramuak prest daudenean, uretaratu egiten dira, eta horien artean lau, bost sei edo zazpi zati elkartzen dira almadia bat osatzeko.Bukatzeko, jantzitokia jartzen da almadian; han jartzen dira arropak eta zakutoa, bidaian busti ez daitezen babesteko.
Izen desberdinak erabiltzen dira enbor kopuruaren arabera: “Decen”, 5 makilakoa; “Docen”, 6 makilakoa; “Catorcen”, 7 makilakoa; “Secen”, 8 makilakoa. Neurri handiagokoak ere badaude: “Aguilon” zortzi metrorainokoak eta “Vela”, zortzi eta hamabi metro bitartekoak. Makila bakoitzak 0,80 metroko luzera du.[5]
Almadiazainak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Almadiazainak, edo almadieroak, baso lanetan eta egur-garraioan aritzen ziren langileak ziren. 11-14 urterekin hasten ziren lanbidean, lehenik codero (atzeko aldean dagoena) eta gero puntero (aurreko aldean dagoena) gisa. Neguan egurra moztu, zatitu, eta lanabesak prestatzen zituzten. Baina almadiaren unerik erabakigarriena udaberrian iristen zen, errekek ur nahikoa zutenean haietatik jaitsi ahal izateko.
Gizonak maiatzaren amaieran joaten ziren mendira lanera, eta abuztuaren bukaera arte egoten ziren bertan. Garai hartan egiten zuten egurra mozteko lana. Egonaldi luze horretarako, kanpaleku moduko txabola bat izaten zuten. Abuztuaren bukaeran etxera itzultzen ziren egun batzuk pasatzera, eta bitarte horretan egurra lehortzen uzten zuten. Irailaren erdialdean, berriz mendira itzultzen ziren eta enborrak menditik ibaiertzera eramaten zituzten, Atadero izeneko tokira. Bertan hasten ziren almadiak prestatzen, egur hori ibaian behera garraiatzeko.[6]
Almadia jaistea ez zen lan erraza. Bidean arrisku asko egoten ziren, eta ezustekoak ohikoak ziren. Bihurguneetan harriak edo zurrunbiloak egon zitezkeen, eta ia beti bustitzen ziren. Normalean, ura belaunetaraino edo ipurdiraino iristen zitzaien, nahiz eta bidaia lasai egon.
Toki arriskutsuenetako batzuk Burgiko uharka eta Arbayuneko haitzartea ziren. Almadiazain askok istripuak izan zituzten, eta batzuk hil egin ziren lan horretan.
Almadiazainak lanean ari zirenean, abestiak kantatzen zituzten animatzeko. Bi kantu ezagun dira "El compás del remo" eta "Chirivirivi Morena".[7][8]
Almadiaren eguna
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Urtero Burgiko Udalak nahiz Burgiko Almadiaren Museoak antolatuta ospatzen den jaialdi bat da. Erronkari, Zaraitzu eta Aezkoako almadiazainen lana gogoraraztea eta omentzea du helburu. 1990ean ospatu zen lehen aldiz, Francisco Javier Beúnza almadiazainaren ekimenez, eta urte bat geroago Burgiko udalarekin eta Almadiaren Museoko arduradunekin batera antolakuntza finkatu zen. 2005. urtean, Interes Turistiko Nazionaleko Festa izendatu zuten.
Urtero, apirilaren amaieran edo maiatzaren lehenengo asteburuan egiten da. Data hau eguraldiaren eta uraren egoeraren arabera erabakitzen da.[9]
Nafarroako almadiazainen kultur elkartea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Almadiaren eguna eta almadieroen eguna antolatzeaz, Burgiko Almadiaren Museoa gestionatzeaz eta almadiei buruzko hitzaldiak, ekitaldiak eta beste hainbeste gauza antolatzeaz arduratzen den kultur elkartea da.[10]
Burgiko Almadiaren Museoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Almadiaren Museoa Burgin dagoen museo bat da eta almadiazainen eta zurginen lana nolakoa zen erakusten du. Bertan ikus daiteke nola hasten zen prozesua zuhaitzak saltzen edo enkantean jartzen zituztenetik, eta nola bukatzen zen enbor horiek errekan behera eramanez Katalunia, Aragoi edo Nafarroako Erriberan saltzeraino. Museoak testuak, argazkiak eta tresnak ditu, eta horien bidez basoan egiten ziren lanak eta enborrak nola garraiatzen zituzten azaltzen da. Nafarroako Almadiazainen Elkarte Kulturalak sortu zuen, eta Burgiko herriak lagundu du prozesuan. Helburua da belaunaldi berriek lan gogor hura ezagutzea eta baloratzea. [11]
Ikusi, gainera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ «Almadia | Almadías de Navarra» almadiasdenavarra.com (kontsulta data: 2025-05-08).
- ↑ «Wayback Machine» www.culturanavarra.es (kontsulta data: 2025-05-17).
- ↑ (Gaztelaniaz) www.site5.com. (2013-12-12). «Qué es una almadía» La Kukula (kontsulta data: 2025-10-07).
- ↑ a b c (Gaztelaniaz) .
- ↑ «Almadia | Almadías de Navarra» almadiasdenavarra.com (kontsulta data: 2025-05-08).
- ↑ (Gaztelaniaz) «Es tiempo de almadía en Burgui» EITB 2023-04-28 (kontsulta data: 2025-05-08).
- ↑ «Almadieroak | Almadías de Navarra» almadiasdenavarra.com (kontsulta data: 2025-05-08).
- ↑ «Almadiaren kantuak | Almadías de Navarra» almadiasdenavarra.com (kontsulta data: 2025-05-17).
- ↑ «Almadiaren Eguna - Planes | Visit Navarra - Web Oficial de Turismo de Navarra» www.visitnavarra.es (kontsulta data: 2025-05-08).
- ↑ «Almadías de Navarra | Balsas formadas por maderos amarrados entre sí para transportar la madera hasta los lugares donde podía ser vendida para su transformación.» almadiasdenavarra.com (kontsulta data: 2025-05-17).
- ↑ «Zer da | Almadías de Navarra» almadiasdenavarra.com (kontsulta data: 2025-05-08).
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Burgiko Almadiaren museoa
- (Gaztelaniaz) Nafarroako Almadiak