Edukira joan

Nabawiyya Musa

Wikipedia, Entziklopedia askea
Nabawiyya Musa

Bizitza
Jaiotzako izen-deiturakنبوية موسى
JaiotzaZagazig (en) Itzuli1886ko abenduaren 17a
Herrialdea Egipto
HeriotzaAlexandria, 1951 (64/65 urte)
Hezkuntza
Hizkuntzakarabiera
Jarduerak
Jarduerakeskola zuzendaria

Nabawiyya Mohamed Musa Badawia[1](arabieraz: نبوية موسى محمد بدوية‎; Zaqaziq, Egipto, 1886ko abenduaren 17aAlexandria, Egipto, 1951ko apirilaren 30a) emakumeek hezkuntzarako duten eskubidea defendatu eta aldarrikatu zuen irakaslea, nazionalista eta feminista izan zen. Eskola egiptoar bateko zuzendari izan zen lehen emakumea izan zen.

Nabawiyya Musa 1886ko abenduaren 17an jaio zen Zaqaziq izeneko Niloko deltaren hirian. Aita Egiptoko armadako ofiziala izan zen eta ezin izan zuen inoiz ezagutu, jaio baino hilabete batzuk lehenago Sudanen espedizio batean hil baitzen. Ama etxekoandrea zen, senarraren pentsioarekin bizi izan zena.[2] Alarguna zela, Kairora bere bi seme-alabekin bizitzera joatea erabaki zuen, Musaren neba eskolara joan eta hiriko akademia militarrean sartzeko.[3] Musa, berriz, Abbasiyya lehen hezkuntzako eskolan sartu zen. Oinarrizko prestakuntza zentro horretan bukatzean, Musak bere prestakuntzarekin jarraitu nahi zuen. Hala ere, familiak uko egin zion, garai hartan ez zegoelako ondo ikusia. Zailtasun horiek gorabehera, Musak ahalegin handia egin zuen bere prestakuntzarekin jarraitzeko, eta Saniyya Bigarren Hezkuntzako Eskolan sartzea eta gainditzea lortu zuen.[4] Bigarren mailako ikasketak amaitu ondoren, Lehen Hezkuntzako irakasle gisa hasi zen lanean, bera ikasle izandako eskolan. Ikastetxean lan egiten zuten lankideek soldata altuagoa zuten, lan bera egiteagatik. Administrazioak Baccalaureate titulua zeukatela-eta justifikatzen zuen.[4] Egoerak haserrarazita, Musak Baccalaureate azterketara aurkeztea erabaki zuen, Hezkuntza Ministerioaren baimena lortzeko zailtasun handiarekin.[5] Titulua lortzeko emakumeentzako gobernu-eskolarik ez zegoenez, Musak azterketa pribatuan ikasi behar zan zuen. Azterketa hori gainditu zuen lehen emakume egiptoarra izan zen, eta beste inork ez zuen 1928 arte gainditu.[3] Azkenik, Musak Kairoko unibertsitate inauguratu berrian sartu nahi izan zuen, baina ez zioten sartzen utzi, gizonezkoentzat baino ez zen eta.

Hezkuntzako profesionala

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Unibertsitatean sartzeko saiakeran arbuiatu ondoren, Musak eskola eman ahal izan zien emakumezkoei. 1909an, Baccalaureate tituluari esker, Musa izan zen eskola egiptoar bateko zuzendari izan zen lehen emakumea, Fayyumeko nesken eskolakoa.[3] Hala ere, lanpostu horretan urtebete besterik ez zuen iraun, hiriko gobernadorearekin arazoak izan baitzituen eta Mansurako Irakasleen Prestakuntza Fakultatera eraman baitzuten 1910etik 1914ra. Aurreko postuan baino denbora gehiago eman bazuen ere, Musak, eskolako zuzendariaren laguntzaile gisa, arazoak izan zituen bere nagusi britainiarrarekin, eta berriro aldatu behar izan zuen. 1916an, Alexandriako Irakasleen Prestakuntza Fakultateko kargua hartu zuen 1924 arte. Gero, hezkuntzako ikuskatzaile izan zen.[3] 1926an, inspektore kargutik bota zuten, gobernu-sistemari kritika gogorrak egin eta sexu-jazarpena salatu ondoren.[5] 1926an, oztopo administratiboekin nazkatuta, erosteko ahalmen handiko emakume-talde bat mobilizatzeko ekimena izan zuen, Emakume Gazteen Aurrerapenerako Elkartea osa zezaten, neskentzako lehen mailako eskolen sorrera finantzatzeko. Aurrekontuaren kontrola zela eta, zatiketa batzuk izan ziren elkarte horretan, eta, azkenean, Musak laguntza finantzarioa eskatu behar izan zion Huda Sha'arawiri.[6] Azkenik, emakumeentzako bere erakunde pribatua sortu zuen Tarquiyat al-Fatah Lehen Hezkuntzako Eskolarekin eta Banat al-Ashrafekin. Kairoko bi eskola horiek ospe handia izan zuten eta Musa izan zen erakundearen buru 1942 arte, atxilotu zutenean eta bere erakundeak ixteko agindua eman zenean. Britainiarrek gerragatik zituzten beharretara egokitzen zela eta, Nahhas Pasha lehen ministroa kritikatzeagatik atxilotu zuten.[3] Musak feministen aldeko Murqus Fahmi abokatua kontratatu zuen, eta hark auzitegietan kasua irabazten lagundu zion. Musaren integritatea defendatzeko erabili zuten argudioetako bat izan zen lehen ministroaren emaztea Musaren ikasle izan zela eskola batean.[4] Azkenik, Musak bizitza publikotik alde egitea erabaki zuen eta Alexandrian hil zen 1951n.

Bere bizitzan, Musak idazteari denbora eskaini zion. Dhikriyyati (Nire memoriak) izeneko zutabe batean argitaratu zituen bere memoriak, berak sortu zuen Majallat al-fata (emakume gazteentzako aldizkaria). Bere argitalpen guztiak liburu batean jaso zituen, eta publikotasuna Ta’rikhi bi-qalami (Nire Historia, nire boligrafotik) izenarekin. 1920ko Emakumea eta lana izan zen bere libururik garrantzitsuena feminismoarentzat.

Mugimendu feminista

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Nabawiyya Musa oso gaztetatik sartu zen mugimendu feministan. Argitaratutako liburuetan ez zuen hizkera feministarik erabiltzen, baina haren ideiak bat zetozen mugimendukoekin. Bizitza osoa eman zuen emakumeen hezkuntza-eskubideak defendatzen. Klase altukoa zen Huda Sha’arawik sortutako Egiptoko Mugimendu Feministako kidea izan zen, baina Musa klase ertainekoa zen. Huda Sha'arawi eta Sizarekin batera, Emakumeen Nazioarteko Aliantzaren Nazioarteko Konferentzian izan zen 1923an. Idazle lanetan, Musak bere liburuekin aztertu zuen gizonen eta emakumeen arteko desberdintasunei buruzko gaia, garai hartan oso modan baitzegoen. Berak baztertu egiten zuen bien artean berezko desberdintasunak zeuden ideia, eta desberdintasun horiek guztiak gizarte-eraikuntzaren ondorio zirela defendatzen zuen.[4] Emakume horiek gutxiagotasun-egoera horretatik ihes egiteko goi-mailako prestakuntza izateko eskubidea izan behar zutela zioen.[4] Musak ere interpretatzen zuen, emakumeak lan egoki bat izatea askatzeko modu bat zela. Bereziki sentikorra zen erosteko ahalmen txikia zuten emakumeen egoerarekin, zortasun-postuetan lan egin behar izaten baitzuten eta sexualki eta ekonomikoki ustiatzen baitziren.[2] Musak uste zuen islamak emakumeei lan egiten uzten ez ziela zioen argudioa ezjakintasunaren ondorioa zela. Jarraian Musak gai horri buruzko gogoeta egin zuen:

“Ez da bidezkoa gizon hiritar baten adimena bere emaztearenarekin konparatzea. Nola konpara daiteke bere burua garatu duen eta esperientzia duen gizon baten adimena, txikitatik zaindu ez duten emaztearenarekin? Bere burua oxidatu egin da erabilera faltagatik... Erreprimitutako trebetasunak ditu, eta bizitzako esperientzietatik babestu du bere burua modu naturalean garatu aurretik”.[4]

Hausnarketa horretan, Musak gizonak eta emakumeak alderatuz ateratzen zuen ondorioa atera daiteke. Autoreak bidegabea ikusten zuen bere bizitzan intelektualki trebatu zen gizon bat, zorte hori izan ez zuen emakume batekin konparatzea. Horregatik, Musak hainbeste azpimarratzen zuen emakumeen prestakuntza, eta sinbolo bihurtu zen Egipton. Musak uste zuen hezkuntza emakumeen artean zabaltzea zela aktibismo nazionalista onena eta eragin handiena zuena.[6] Nazionalismoari dagokionez, ez zituen bultzatzen ikasleak manifestazio nazionalistetara joatera, 'dekoro' delakoan eta apaltasunean hezten baitzituen, eta hor bat etorriko ziren bi ezaugarrietako bat ere ez zuten ikasle gizonekin.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Nabawiyya Mohamed Musa Badawia - The Zagazig Feminist نبوية موسى musa.. "الأستاذة". .
  2. a b History, International Conference on Women's; Angerman, Arina; Binnema, Geerte; Keunen, Annemieke; Poels, Vefie; Zirkzee, Jacqueline. Current Issues in Women's History.  doi:10.4324/9780203104248/current-issues-women-history-international-conference-women-history-arina-angerman-geerte-binnema-annemieke-keunen-vefie-poels-jacqueline-zirkzee. (Noiz kontsultatua: 2022-06-27).
  3. a b c d e (Ingelesez) Akyeampong, Emmanuel Kwaku; Gates (Jr.), Henry Louis. (2012-02-02). Dictionary of African Biography. OUP USA ISBN 978-0-19-538207-5. (Noiz kontsultatua: 2022-06-27).
  4. a b c d e f (Ingelesez) Badran, Margot. (2013-10-01). Feminism in Islam: Secular and Religious Convergences. Oneworld Publications ISBN 978-1-78074-447-6. (Noiz kontsultatua: 2022-06-27).
  5. a b Feminist writings from ancient times to the modern world : a global sourcebook and history. Santa Barbara : Greenwood 2011 ISBN 978-0-313-34580-7. (Noiz kontsultatua: 2022-06-27).
  6. a b «Margot Badran. <italic>Feminists, Islam, and Nation: Gender and the Making of Modern Egypt</italic>. Princeton: Princeton University Press. 1995. Pp. xi, 352. $35.00» The American Historical Review 1997-12  doi:10.1086/ahr/102.5.1538. ISSN 1937-5239. (Noiz kontsultatua: 2022-06-27).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]