Huda Sha'arawi
Huda Sha'arawi | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Minya (en) , 1879ko ekainaren 23a |
Herrialdea | Otomandar Inperioa (1879 - 1914) Egiptoko sultanerria (1914 - 1922) Egiptoko Erresuma (1922 - 1947) |
Heriotza | Kairo, 1947ko abenduaren 12a (68 urte) |
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | egiptoar arabiera turkiera frantsesa |
Jarduerak | |
Jarduerak | politikaria, ekintzaile soziala, poeta eta kazetaria |
Jasotako sariak | ikusi
|
Kidetza | Egyptian Feminist Union (en) |
Sinesmenak eta ideologia | |
Erlijioa | islama |
Huda Sha'arawi edo Hoda Shaarawi, arabieraz هدى شعراوي , Hudá Sha‘arāwī), jaiotzez Nur al-Huda Sultan (Menia, Egipto, 1879ko ekainaren 23a – Kairo, 1947ko abenduaren 12a) egiptoar poeta, kazetaria, aktibista feminista eta nazionalista izan zen, eta mugimendu feminista egiptoar eta arabiarraren aitzindaritzat hartzen da.[1] [2] 1923an Egiptoko Batasun Feminista sortu zuen. Haren ekintza ezagun eta sinbolikoenetako bat 1923an izan zen, Europan kongresu feminista batera joan ondoren El Cairoko estazio zentralean harrera egitera joan ziren ehunka emakumeren aurrean beloa kentzea erabaki zuenean.[3]
Haurtzaroa eta ezkontza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Huda Sha'arawi Nur al-Huda Sultan izenarekin jaio zen Meniako familia aberats batean, Egipton, 1879an. Turkiar jatorriko Sultan Pasharen eta Egiptoko Ordezkaritza Kontseiluko lehen presidentearen eta Iqbal Hanim izeneko zirkasiar emakumearen alaba izan zen.
Sha'arawik haurtzaroa eta gaztaroa goi-klaseko harem egiptoar batean eman zituen, eta han ikasi zuen buruz korana, ez baitzuen baimenik hizkuntza arabiarreko eskolak jasotzeko. Hudak berak bere haurtzaroa eta gaztaroa kontatu zituen Haremgo urteak: Egiptoko feminista baten memoriak, 1879-1924 autobiografian.[4]
Hamahiru urte zituela, Ali Pasha Sha'arawi lehengusuarekin ezkondu zuten. Al-Wafd alderdi laiko eta liberaleko politikaria zen, Huda baino hogeita hamar urte zaharragoa, eta orduko bera baino bi alaba zaharragoak zituena. Handik 15 hilabetera (1892an), dibortziatu egin zen Huda. Izan ere, senarrak Hudaren amaginarrebaren etxeko zerbitzuan lan egiten zuen "esklabo-konkubinarekin" ume bat izatear zegoela jakin zuen.[5] Senarra banantzeak hezkuntza zabala lortzeko denbora eman zion, baita espero ez zen independentzia-nahia ere. Garai hartan, Korana irakurtzen ikasi zuen, eta prestakuntza jaso zuen arabieraz, turkieraz eta gai islamiarrez Kairoko irakasle musulmanen eskutik. Sha'arawik poesia arabieraz eta frantsesez ere idatzi zuen, pianoko klaseei berriro heldu zien eta pinturako tutore berria kontratatu zuen. Senarrarengandik urrun igaro zituen zazpi urteetan, "esperientzia berrietarako eta helduarora hazteko" denboraz gozatu zuen.[6] Gainera, denbora horretan Eugénie Le Brun-en lagun egin zen, eta hark markatu zuen sakonki, eta gizartean hasi zuen Aretoan emakumeen bileretara eramatean.
Hogeita bat urterekin Ali Sha'arawirekin itzultzea erabaki zuen, zeinek Huda Egiptoko protektoratu britainiarraren aurkako borrokarekin lotu zuen. Bathna alaba eta Muhammad semea izan zuten. Hudak bere bizitzako hainbat urte igaro zituen gaixo jaiotako Bathna alaba zaintzen.
Konpromiso nazionalista eta feminista
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1908an, Huda harremanetan jarri zen Marguerite Clement intelektual frantsesarekin, eta Ain al-Hayat printzesaren laguntza lortu zuen Kairoko Unibertsitatean emakumeen aldeko eta emakumeentzako lehen solasaldia egiteko. Lehen txosten horren arrakastaren ondoren, ostiralero emakumeentzako areto esklusiboa gordetzea lortu zuen Hudak.
Huda Sha'arawik 1909an kontsultategi bat sortu zuen, haurtzaintza eta etxeko higienean espezializatutako eskola batekin. Mabarrat Muhammad Ali al-Kabir (المبرات محمد علي الكبير) Egipto mehatxatzen zuen haurren heriotza-tasa handia geldiaraztea helburu zuen goi-mailako gizarte egiptoarreko emakume-talde batek babesturiko erakunde bat zen.
Proiektuak arrakasta handia izan zuen, eta 1919an, Kairoko auzo batean sortu zuen Mabarrat Muhammad Ali al-Kabirko emakume-talde berak, Egiptoko Iraultzan, emakumeen lehen kale-manifestazioa zuzentzen lagundu zuen, asaldura nazionalista bete-betean. Emakume Berriaren Gizartea elkarteak emakume gazte pobreen alfabetatzea eta ideia orokorrak eta higieneari buruzkoak irakastea helburu nagusi zuen.
Lehen Mundu Gerraren ondoren, senarrak Wafd sortu zuen, Egiptoko independentziaren alde Erresuma Batuaren aurrean militarra zen alderdi nazionalista. Bera borrokaldi nazionalistarekin konprometitu zen, batez ere manifestazio batzuen bidez. Garrantzitsuenen artean, 1919ko martxoaren 16ko emakumeen martxa nabarmentzen da; Huda soldadu britainiarrei aurre egitera iritsi zen eta emakumeak hiru orduz egon ziren zutik Kairoko eguzkiaren azpian. Hudak ere zeregin garrantzitsua izan zuen elkartegintzan, eta bere etxea utzi zuen emakumeen antolaketarako bilerak egiteko. Sha'arawik sortu zuen 1920ko urtarrilean Wafd-eko Emakumeen Batzorde Nagusia, eta lehendakari hautatu zuten.
1923an, Huda Sha'arawik Egiptoko Batasun Feminista sortu zuen, emakumeen eskubideak defendatzeko. Horien artean, unibertsitatera eta funtzio publikora iristeko bidea erraztea bezalako aldarrikapenak nabarmentzen ziren, baina baita beloari, dibortzioari edo poligamiari buruzkoak ere. Urte horretan bertan, senarra hil ondoren (1922), Huda izan zen nazioartean ezagutzera eman zuen keinuaren protagonista, oraindik ere, feminismo arabiarraren sinbolo nagusietako bat dena. Erromako Emakumeen Nazioarteko Aliantzaren kongresu bateko Kairo estaziora iristean, Sha'arawik bidaian askatu zuen beloa berriro ez jartzea erabaki zuen, bere borroka politikoa "agerian" jarraitzeko.[7] Ekitaldi horren hasierako ustekabearen ondoren, han zeuden beste emakume batzuk ere beloa kentzen hasi ziren. 1924an, Wafd-en gobernuak bere eskaera nazionalista eta feministak alde batera utzi ondoren, Emakumeen Batzorde Nagusiko kargua utzi zuen.
Urte batzuk geroago, Egiptoko Batasun Feministak L'Égyptine (Al-Misriyah) bi hilean behingo aldizkari bat kaleratu zuen arabieraz. Aldizkari horretan, Hudak aktibista gisa eta kazetari gisa egin ahal izan zuen lan, Céza Nabaraoui erredaktoreburu eta lagun onenarekin batera. Garai hartan, Hudaren konpromiso politikoa nazionalismo egiptoarretik nazionalismo arabiarrera iritsi zen. Une horretatik aurrera, Sha'arawik bere aldizkaria erabili zuen teoria panarabista eta kausa palestinarra defendatzeko, joera islamiarreko hiztegi batekin.
Huda Sha'arawiren konpromiso politikoa beti egon zen Palestinako auziarekin lotuta. Palestinako Arabiar Matxinada Handiaren ondoren, feminista egiptoarrak babesa eman zion Jerusalengo Emakume Arabiarren Elkarteari, eta Balfour Adierazpenaren nazioarteko kondena eta Egiptoko lehen ministroaren babesa lortzen saiatu zen. 1938an Ekialdeko Emakumeen Konferentzia-ren buru izan zen, eta bertan politika britainiarra eta Palestinako praktika sionistak gaitzesten zituen Tarab Abd al-Hadi feminista palestinarrak ere parte hartu zuen.
1944an, feminismoa eta nazionalismo arabiarra elkartzen zituen lehen Kongresu Feminista Arabiarra egin zen Kairon, Sha'arawik berak antolatuta. 1945ean, Batasun Feminista Arabiarraren lehendakaria eta sortzailea izan zen.
Legatua
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1947an hil zen arte, Hudak Egiptoko Batasun Feminista zuzentzen jarraitu zuen, L'Égyptine aldizkari feminista argitaratuz. Herritarren sufragio eta berdintasunaren aldeko Emakumeen Nazioarteko Aliantzako kide izan zen, eta Egipto ordezkatu zuen emakumeen biltzarretan Grazen, Parisen, Amsterdamen, Berlinen, Marsellan, Istambulen, Bruselan, Budapesten, Kopenhaguen, Interlakenen eta Genevan. Bere aktibismoan, egiptoarrak bakea eta desarmea defendatu zituen, eta, bere eskari batzuk bakarrik entzun baziren ere, bere mugimenduaren legatuak onura gehiago ekarri die emakume egiptoar eta arabiarrei.[8]
Polemika
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Sha'arawi bizitza osoko proiektu filantropikoetan murgilduta egon zen, eta uste zuen emakumeek zuzendutako gizarte-zerbitzuen proiektuak garrantzitsuak zirela bi arrazoirengatik: batetik, proiektu horietan konpromisoa hartzean, emakumeek beren aukerak zabaltzen zituztelako, ezagutza praktikoak hartzen zituztelako eta beren ikuspegia kanporantz bideratzen zutelako; eta, bestetik, proiektu horiek erronka bat zutelako: emakume guztiak plazerezko eta babesa behar zuten izakiak ziren ideia haustea. Hala ere, bizi izan zen eta hezi zen ingurune aberatsak emakume pobreen bizitzaren ikuspegi klasista samarra eman zion, gizarte-zerbitzuen hartzaile pasibo gisa ikusten baitzituen, lehentasunei edo helburuei buruzko kontsultarik egin gabe. Pobreen arazoak aberatsen karitate-jardueren bidez konpondu behar ziren, hezkuntza-programetarako dohaintzen bidez.
Aberats eta pobreen arteko bereizketa horrexek ere ez du zerikusirik beren borrokaren emaitza desberdinekin. Aipatutako autobiografiaren epilogoak dioenez, Harem years, The memoirs of an Egyptian Feminist/ Haremgo urteak: Egiptoko feminista baten memoriak, 1879-1924, goi-mailako klasearen barruan, gizonen eta emakumeen arteko oztopoak gutxitu egin ziren, eta borroka feministaren klasearen testuinguruan, emakumeen arteko mugak murriztu egin ziren, desagertu gabe.
Beste polemika bat zuzenean lotuta dago Huda Sha'arawiren borroka feministatzat hartzen den beloaren sinbolo ezagunenarekin.[9] Beloa ez jartzeko erabakia feminista Eugénie Le Brun egiptoarra buru izan zuen emakume-mugimendu zabalago baten parte izan zen, eta Malak Hifni Nasif bezalako intelektual feministen gaitzespena jaso zuen. Hala ere, ekintza jarraitu eta beloa erabiltzeari utzi zioten emakumeak batez ere Egiptoko aristokraziakoak ziren, eta keinu hori ez zen beste talde batzuetara zabaldu, nekazariak ez baitziren inoiz estali, eta artean ez baitzegoen burgesia nabarmenik garaiko egiptoar komunitatean.
Hil ondoko aitorpenak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- 2021eko ekainean, Parisko Mundu Arabiarraren Institutuak antolatutako "Divas" erakusketan jaso zen haren historia.[10]
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ «Ruiz de Almodóvar Sel, Caridad (1989). Universidad de Granada, ed. Historia del movimiento feminista egipcio. - Bilatu» www.bing.com (Noiz kontsultatua: 2022-06-26).
- ↑ BARON, BETH. (1994). The Women's Awakening in Egypt: Culture, Society, and the Press. Yale University Press ISBN 978-0-300-05563-4. (Noiz kontsultatua: 2022-06-26).
- ↑ Gallego-Díaz, Soledad. El día en que Huda Shaarawi se arrancó el velo. .
- ↑ (Ingelesez) Shaʻrāwī, Hudá; Šaʿrāwī, Hudā aš-. (1987). Harem Years: The Memoirs of an Egyptian Feminist (1879-1924). Feminist Press at CUNY ISBN 978-0-935312-70-6. (Noiz kontsultatua: 2022-06-26).
- ↑ Ibíd, pp. 60-61
- ↑ Ibíd, pp.62
- ↑ AMMOUN, Par DENISE. (9 de octubre de 2011). En 1923, Hoda Charaoui enlève son voile. ISSN 0242-6056..
- ↑ Huda Shaarawi, Egyptian feminist & activist - Amazing Women In History. 12 de noviembre de 2012.
- ↑ «El velo arrancado, Huda Sha'arawi (1879-1947)» www.mujeresenlahistoria.com.
- ↑ «Las divas de la música oriental, el rostro femenino de un sueño frustrado» ElDiario.es 2021-06-06.
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Huda Sha'arawi |