Olio lurrunkor

Wikipedia, Entziklopedia askea
Olio lurrunkorrak dauzkaten botilatxo batzuk.

Olio lurrunkorra landareen konposatu kimiko lurrunkorrak dauzkan isurkari hidrofoboa da. Olio hauek giro-tenperaturan isurkariak dira, baina, berotzean, laster lurrundu egiten dira, eta erraz pizten. Olio lurrunkorrak zein landaretatik atera ziren, eta landare horren olio izena edukitzen dute (e. b. teondo-olioa eta iltze-olioa). Horretaz gain, olio lurrunkorrei esentzia-olio esaten zaie, landare baten lurrinaren esentzia barnebiltzen dutelako. Isurkari hauei olio deitzen bazaie ere, olio lurrunkorrek ez daukate koiperik.

Landareen hainbat ataletik ateratzen dira: loretik, fruituetatik, hazitik, hostoetatik, oskoletik, azaletik edo zuretik (enbor, adar edo sustraietakoa). Gehienetan, landareak ez du % 1 baino esentzia-olio gehiago edukitzen, baina, intxaur muskatuaren eta iltzearen kasuan, % 10 baino gehiago edukitzen dute. Batzuetan, landarearen atal bakoitzak olio lurrunkor ezberdinak edukitzen du.

Landare-erreinuaren zati txiki bat (% 10 inguru) baino ez da osagai lurrintsu hauek sortzeko gai. Esentzia-olioa gehienbat honako familia hauen kideetatik ateratzen da: perrexil hezearenetik (Apiaceae), izarkarenetik (Asteraceae), Burseraceae, nekostarenetik (Cupressaceae), zapart-belar zuriarenak (Lamiaceae), giloriarenetik (Myrtaceae) eta errudarenak (Rutaceae). Olio lurrunkorren osagai nagusiak monoterpenoak eta hidrokarburo ziklikoak dira, bai eta haien alkohol-, aldheido- eta ester-deribatuak ere.

Olio lurrunkor mota batzuk nahiko garestiak dira, zenbaitetan landare askok olio-kopuru txiki bat ekoitzi behar izaten du-eta. Dena dela, badira olio hauen artean merkeagoak direnak, esaterako, laranja-olioa, ezen laranjen azalak zuku-industriaren hondakinak izaten baitira. Arrosa-olioa, ostera, garestia da, hura ekoizteko, horretarako berariaz landatutako makina bat arrosa behar direlako. Lurrinetarako olioa merkeagoa da, baina usain ahulagoa izaten du. Lurrin-olioak kimikoki formulatuak daude, eta usain gozo bat antzeratzekotan ekoizten dituzte.

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]