Edukira joan

Ordu-eremu

Artikulu hau Wikipedia guztiek izan beharreko artikuluen zerrendaren parte da
Wikipedia, Entziklopedia askea

Ordu-eremua edo ordu-zona denbora estandar bera onartzen duen Lurreko eskualdeetako bakoitza da. Elkarren alboan dauden ordu-eremu gehienek ordubeteko aldea izaten dute elkarren artean, eta, normalean, eremu bakoitzeko tokiko orduarekiko UTC duen aldearen arabera kalkulatzen da.

Ordu-eremu estandarrak Lurraren esferoidea ilargi formako 24 iruditan zatituz defini daitezke geometrikoki. Eremuok mugatzeko, 15º-ko longitudeko distantziara dauden meridianoak erabiltzen dira. Hala ere, ordu-eremu gehienek ez dute forma hori, arrazoi politiko eta geografikoen ondorioz itxura irregularra baitute. Ordu-eremu askok muga politikoak dituzte, eta, zenbait kasutan, uneko egoera politikoaren araberako aldaketekin. Bestalde, zenbait herrialdetan, ordua sasoiaren arabera aldatzen da, esaterako, energia aurrezteko, udan egiten den ordu-aldaketa.

Ordu-eremuak onartu baino lehen, jendeak tokiko eguzki-ordua erabiltzen zuen (hasieran, itxurazko eguzki-ordua, eta, gero, batez besteko eguzki-ordua). Egoera hori gero eta erabilgaitzagoa bihurtu zen garraioa eta telekomunikazioak garatzen joan ziren neurrian, bi tokiren arteko ordua longitude geografikoaren funtzioan aldatzen baitzen. Herrialde bateko toki guztietako erlojuak sinkronizatu zitezkeen, baina, orduan, zenbait hiri eta herrietako ordua oso desberdina izango zen ordura arteko eguzki-orduarekin alderatuta. Ordu-eremuak bi egoera horien arteko erdi bideko konponbidea izan ziren, geografiarekiko erabateko mendekotasuna hausten baitzuen eta tokiko orduak ez baitziren gehiegi aldentzen batez besteko eguzki-ordutik.

Urteen joan-etorrian, ordu-eremuen mugak mendebalderantz mugitzeko joera agertu da, udako ordutegia izeneko efektuaren bitartez energia aurrezteko.

Munduko ordu-eremu estandarrak.

XIX. mendea baino lehen, hiri bakoitzak bere ordu ofiziala ezartzen zuen, herriko eguzki-orduari egokituta. Horrek esan nahi du, iberiar penintsulan, adibidez, Mediterraneoko kostaldeko hiri baten eguzki-orduak 40 minutu baino gehiagoko aldea duela Atlantikoko kostaldeko beste batekin alderatuta.

Trenbideen eta telegrafoen garapenarekin, sare horiek hedatzen ziren eremu zabaletarako, ordu bera ezartzeko beharra ikusi zen. Hala, trenbidearen ordutegia izan zen herrialdeen ordu baterakuntzaren aurrekaria. Bere ordutegia bateratu zuen lehen trenbidea Londres eta Bristol lotzen zituena izan zen. Konpainiak, 1840an, Londresekoa hartu zuen ordu ofizialtzat, Greenwicheko Errege Behatokiak neurtua. Greenwicheko ordua railway time (trenbidearen ordua) izenez ezagutzen hasi zen, eta, azkenik, 1848an, Erresuma Batu osorako ofizial gisa ezarri zen[1].​ Ondoren, Estatuko ordu-baterakuntza Europako beste herrialde batzuetan eman zen. Ipar Amerikan, trenbideak luzeran lortzen ari ziren garapen izugarriak ez zuen bideragarri egiten ordutegi nazional bakar bat[2].

AEBn eta Kanadan, ekialdeko eta mendebaldeko kostaldeen arteko eguzki-orduen aldea zenbait ordukoa da. 1870ean, Charles F. Dowd zientzialari estatubatuarrak manifestu bat idatzi zuen, trenaren laurogei ordu ezberdinekin eta herrialdeko tokiko ordu kontaezinekin amaitzearen alde eginez eta lau ordu-eremu sortzeko. Eremu bakoitzak meridiano zentral bat zuen, eta, lehenengoa, Washington hiriari zegokion. Proposamen hori, baina Greenwich-i erreferentzia egiten dion orduarekin, 1883an[3] bultzatu zen trenbide buruen konbentzio batean[4].

Lehen argitalpenak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Planisferioak ordu-eremuekin. Italia, urtea: 1896.

1858an, lehen aldiz, ordu-eremuaren antzeko ideia bat argitaratu zen. Giuseppe Barilli matematikari eta astronomo italiarra (1812-1894), Kirico Filopanti ezizenaz ezagunagoa, Miranda! liburuan, ordubeteko hogeita lau ordu-eremu erabiltzea proposatzen zuen, berak luzetarako egunak deitu zituenak, lehenengoa Erroma hiriko meridianoan ezarriz. Gainera, astronomian eta telegrafian denbora unibertsala erabiltzea proposatzen zuen. Ideia horiek ez ziren hura hil arte ezagutu[5][6].

AEBko mapa. 1913ko 4 ordu-eremurekin. Ekialdetik mendebaldera: Eastern (ekialde), Central, Mountain Pacific.

1873an, Sandford Fleming ingeniariak, Kanadako trenbideetan lan egindakoak, gaur egun ezagutzen ditugun 24 ordu-eremu proposatu zituen. Horrela, eremu ezberdinetan kokatutako herriek ordubeteko ezberdintasunak izango lituzkete, eta minutuetan eta segundoetan bat etorriko lirateke[7].​ Orduen jatorri komunerako proposamen gisa, Greenwich-eko antimeridianoa proposatu zuen.

Meridianoaren nazioarteko konferentzia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1884an, meridianoaren nazioarteko konferentzia egin zen, nazioarteko estandarrekin lotutako helburu asko zituena. Bertan, honako akordio hauek hartu ziren[8]:

  • Munduko longitude geografikoko sistema baten meridianoa Greenwich-eko meridianoa izango da.
  • Luzerak ekialderantz neurtuko dira zeinu positiboarekin (180º arte), eta mendebalderantz zeinu negatiboarekin.
  • Herrialde guztiek Greenwicheko gauerdian hasiko den eta 24 ordu iraungo duen egun unibertsala hartuko dute.

Flemingek Kanadaren ordezkari gisa parte hartuko du konferentzia horretan, eta 24 ardatzeko proposamena aurkeztuko du. Proposamenak ez du behar adina babes lortzen, ez eta bozkatzen ere, eta ez da ebazpenen zerrendan sartzen. Baina konferentzia 24 ardatz dituen ereduaren ikuspen-mutur bihurtzen da, eta hori lotuta geratzen da luzerarako ebatzitakoarekin.

Orduaren nazioarteko konferentzia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1912an, orduaren nazioarteko konferentzia egin zen Parisen, 25 naziotako ordezkariak bertan zirela. Bertan, 1884ko konferentzian aurkeztutako ordu-eremuen sistema adosten da[8][9], eta Orduko Nazioarteko Bulegoa sortzen da.

Herrialdeen sistemaren onarpena

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1883 eta 1912ko konferintzietatik aurrera, munduko herrialdeak arauak ematen hasi ziren ordu ofiziala (edo legezko ordua) gertuen zuten ordu-eremura egokituz. Herrialde txikienek beren lurralde osora zabaltzen dute ordu hori. Handienek, berriz, ordu-eremutan banatzen dute beren herrialdea, eta, eremu horietako bakoitzean, ordu ofizialtzat hartzen dute hurbilen duten ordu-eremua.

1893an, Alemaniak orduaren batasun nazionala lortu zuen, eta ordu ofiziala Greenwichetik hamabost gradu ekialdera dagoen meridianoarena izan zen.

1900. urtearen erdialderako, Europa gehiena sistemara atxikita zegoen. Frantzia, Espainia, Portugal, Errumania eta Grezia bakarrik falta ziren[10].

Espainia: 1900ean, dekretu bat eman zen, zeinaren bidez penintsularako eta Balear uharteetarako sistemari atxikitzen den. Greenwicheko ordua hartzen da ia lurralde osoa ordu-eremu horretan dagoelako. Galizia bakarrik geratzen da kanpoan, baina denbora tarte txiki batean. Aldaketa 1901eko urtarrilaren 1ean gauzatu zen. 1922an, Kanariar uharteetarako ordua ezartzen duen beste dekretu bat eman zen. Dekretuak dio ordu hori Greenwichetik 15° mendebaldera dagoen ordu-eremukoa izango dela, hau da, penintsulan baino ordubete gutxiago[11].

Txilek 75° W meridianoaren ordu estandarra (zona +5) erabili zuen ordu ofizial gisa 1910az geroztik. Handik urte batzuetara, ordu ofiziala Santiagoko Quinta Normaleko astronomia-behatokiaren meridianoaren arabera finkatu zen, hau da, Greenwich-en erreferentzia bertan behera utziz. 1918an, nazioarteko sistemara itzuli zen[12].

Frantziak 1911n atxiki zen sistemara, ordu ofizialtzat Parisko batez besteko eguzki-ordua hartuta eta 9 minutu eta 21 segundo kenduta. Horrek esan nahi du Greenwich-eko ordua hartzen duela, baina arauaren testuan esplizituki aipatzea saihesten du. Urte horretan bertan, Portugalek sistemara atxikitzeko araua eman zuen, eta 1912ko urtarrilaren 1ean aplikatu zuen aldaketa{{Harvnp|Gámez Mejía|2008|p=388}

Ekialde urrunean, Japonia XX. mendea hasi baino lehen atxiki zen, eta Txina, 1911n, Inperioa erori eta berehala[13].

1912an, Venezuelak 67°30' W luzerari dagokion legezko ordua hartu zuen, eta horrek 4 ordu eta erdiko aldea dakar Greenwichekiko. Meridiano hori Villa de Cura herritik gertu igarotzen da, lurraldearen erdian, gutxi gorabehera. Irizpide horri, 60ko hamarkadara arte eusten dio.

Brasilek 1913an eman zuen bere araua, eta 1914ko urtarrilaren 1ean hasi zen aplikatzen. Urte horretan bertan Kolonbiak hartu zuen.

1915ean, oraindik ere, herrialde askotako orduak, ia denak hegoamerikarrak, ez zetozen bat Greenwich-ekin. Europan, une horretan, Grezia eta Errusia baino ez ziren geratzen[14].

Estatu Batuak lehen meridianoa eta ordu unibertsala ezartzen lehenak izan ziren esku pribatuko garraioetan, baina ordu ofiziala orokortuz egindako legegintza-jarduera ez zen 1918ra arte gauzatu[15].

1928an argitaratutako ordu-eremuen mapamundi ingelesa. Arrosa: Alde osoa bikoitia. Urdinxka: Alde osoa bakoitia. Morea: Ordu erdiko aldea ondoko eremuarekiko. Horia: Ordutegi-sistema onartu ez duten herrialdeak. Grisa: Legezko ordu ezezaguna edo existitzen ez dena

Argentinak 1920an hartu zuen nazioarteko estandarra, eta Mexikok 1921ean.

Ordu eremu estandarrak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hasieran, ordu-eremuak Greenwich meridianoko orduan (ingelesez Greenwich Mean Time, GMT) oinarritzen ziren, hau da, 0º-ko longitudean (Lehen Meridianoan) zegoen batez besteko eguzki-orduan. Hala ere, GMT ordua Lurraren errotazioaren bidez definitzen denez eta hura konstantea ez denez, urtero-urtero erloju atomikoak aldatu, eta GMTra doitu behar izaten ziren. 1072ko urtarrilaren 1ean, ordua finkatu egin zen, Lurraren errotazio aldaketa erabili ordez aurrez definitutako segundo tartekatuak erabiliz. Sistema berri honi denbora unibertsal koordinatu (UTC) deritzo.

Ordua ordu-eremuaren arabera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Catalán Martínez, Elena. El ferrocarril y la unificación horaria. Asociación española de historia económica (AEHE). Consultado el 01-ago-2021.
  2. «La hora común» Diario La Nación 2001-07-08.
  3. Gutiérrez, Samuel Doble. La estandarización del meridiano de Greenwich. Año 2008. Zientziaren Historiari buruzko Orotavako mintegiaren XV. eta XVI. urteetako akta-liburua, Ciencia y Cultura de Rousseau a Darwin izenburupean. ISBN: 978-84-691-4795-5. Pág 9
  4. Prieto, José Ignacio. A destiempo. Boletín de la Asociación Meteorológica Española (AME) N.º 40. Abril 2013.
  5. Roque Sánchez, Carlos. (2017-01-08). «‘Doodle’ de Sandorf Fleming (y 2)» Enroque de ciencia.
  6. Gil Mongio, Juan Carlos. Escalas de tiempo. Universidad de Zaragoza. Taller de Talento Matemático de la Universidad de Zaragoza. 9-III-2018. Pág. 14
  7. Caimari, Lila. (2015eko ekaina). «El mundo al instante. Noticias y temporalidades en la era del cable submarino (1860-1900)» Redes (Universidad Nacional de Quilmes) 2140.: 130. or.. ISSN 0328-3186..
  8. a b Solano Chaves, Flora J.. (2009-01-01). «Costa Rica en el mundo: Conferencia Internacional del Meridiano en Washington (1884)» Meteorología (Repositorio institucional de la Universidad de Costa Rica): 191. or...
  9. Fernández-Crehuet, José María. Innovación social: Análisis de los beneficios de la recuperación del huso horario que corresponde a España.Pág. 34. En Mira Pérez, Jorge (coord) ¿Es nuestro huso horario un problema? Consello da cultura galega, 2017. Doi: 10.17075/enhhp.2017 (en castellano) Resumen (en gallego)
  10. Gámez Mejía 2008, 388 orr. .
  11. Gámez Mejías 2008, 385 orr. .
  12. Servicio Hidrográfico y Oceanográfico de la Armada de Chile (SHOA). (d/g). Historia hora oficial de Chile. www.horaoficial.cl jatorrizkotik artxibatua (artxibatze data: 2019-04-02) (kontsulta data: 2013-11-29).
  13. Gámez Mejías 2008, 389 ref. 30 orr. .
  14. Gámez Mejías 2008, 385 ref 23 orr. .
  15. Gámez Mejías 2008, 389 orr. .
  • Gámez Mejías, Manuel Miguel. Origen, evolución y futuro de la determinación normativa de la hora legal en España y la Unión Europea. En Revista de administración pública, Nº 177, septiembre - diciembre 2008, págs. 377-417. ISSN 0034-7639. Texto completo. Ficha en DialNet
  • Mira Pérez, Jorge (coord) ¿Es nuestro huso horario un problema? Consello da cultura galega, 2017. Doi: 10.17075/enhhp.2017 (en castellano) Resumen (en gallego).
  • Planesas Bigas, Pere. La hora oficial en España y sus cambios. En Anuario del Observatorio Astronómico de Madrid, ISSN: 0373-5125, Nº. 1, 2013, págs. 373-402

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]