Eudon Handia

Wikipedia(e)tik
Oto I.a Handia» orritik birbideratua)
Hona jauzi: nabigazioa, Bilatu

Eudon Handia[1] (Eudon, Eudo, Eudes edo Oto[2] ere deitua) Akitaniako eta Baskoniako dukea izan zen 700. urte ingurutik 735. urtera; urte horretan hil zen hain zuzen.

Bizitza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Akitaniako eta Baskoniako dukerria (710-740)

Otoren aita beharbada Lupo I.a izan zen, baina askotariko iturriak ez datoz bat haren jatorriari buruz: batzuetan, germaniar izenek beste etnia bateko pertsonak ezkutatzen zituzten. 715. urtean, bake hitzarmen batera heldu zen frankoen printze eta jauregizain Karlos Martelekin, azken hau gerra zibilean zela. Harrezkero, Oto Handia indartsu egin zen Akitanian, hiriburu Tolosa Okzitania zuela.

713tik 716. urtera, arabiar eta berberen armada Baskoniara heldu zen (Iruñera); 719an, berriz, Narbonara. Gero, Tolosa Okzitania atzeman nahi izan zuten 721ean, setioa jarriz, baina Otok, frankoen eta akitaniarren armada batez indartuta, setioa hautsi eta erasotzaileen armada hori birrindu zuen Tolosako Guduan. Ondorioz, Otok aita santuaren faborea irabazi zuen, baita haren opariak jaso eta 'kristautasunaren defendatzaile' deitu ere. 731ean, ordea, Septimania eta Cerdanyako jaun Uthman ibn Naissa berberea Kordobaren kontra matxinatu zen, eta Odok hitzarmen bat egin zuen harekin, Kordobaren kontra Pirinio ekialdeko eskualde hori segurtatzearren. Aldiz, Kordobaren ordezkari militar Abdul Rahman Al Ghafiqik Uthman ibn Naissa hil zuen 731 urtean.

Bitartean, Martelek Otorekin zuen ituna hautsi eta Loira ibaia zeharkatu zuen akitaniarrak erasotzeko. Otok aurre egin zion Bourgesen, baina galdu egin zuen gudua. Hegoaldera alde egin zuen, bere tropekin. Tropa horien zati bat edo guztiak segur aski baskoiak izango ziren eta, Martelekin izandako porrotaren ondoren ahulduta, Abdul Rahman Al Ghafiqiren armadari aurre egin behar izan zioten Bordele ondoan (732, edo 733). Oraingoan, ordea, Otoren armada galtzaile atera zen; orduko kronika frankoek diotenez, "Jaunak bakarrik daki zenbat kristau sarraskitu zituzten han". Otok eta salbu ateratako tropek, orduan, haien etsai Marteli laguntza eskatu behar izan zioten Oto Martelen mendeko bihurtzearen truke. Martelek onartu zuen eta akitaniarrek, frankoekin batera, Poitierseko guduan parte hartu zuten. Irabazi egin zuten eta horrek musulmanen iparralderako zabalkuntza galarazi zuen.

Horren ondoren, Oto eta haren agindupeko Akitania Martelen mendeko egin ziren izenez, baina funtsean Otok jaun eta jabe jarraitu zuen hil arte (735).

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]