Otuna jauregia

Koordenatuak: 43°20′56″N 2°47′50″W / 43.34888°N 2.79726°W / 43.34888; -2.79726
Wikipedia, Entziklopedia askea
Otuna jauregia
 Eraikitako euskal ondasun nabarmena
Kokapena
Herrialdea Euskal Herria
Probintzia Bizkaia
HerriaMeñaka
Koordenatuak43°20′56″N 2°47′50″W / 43.34888°N 2.79726°W / 43.34888; -2.79726
Map
Historia eta erabilera
Eraikuntza XVII. mendea
Arkitektura
Estiloaarkitektura barrokoa
Ondarea
EJren ondarea1

Otuna jauregia Meñakan dagoen jauregia da.

2006ko urtarrilaren 17an, Eusko Jaurlaritzak monumentu izendatu zuen, Sailkatutako Kultura Ondasuna.

Deskribapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Otuna jauregia Meñakabarrena auzoan dago, 51. zenbakian, izen bereko ibaitik 15 metro eskasera. Errota ugari daude ibaiaren tarte honetan (Goikoerrota, Sikuene eta Erdikoerrota). Bertatik hurbil du Otunatxu baserria eta, ipar-mendebaldera, 300 metro ingurura zegoen garai batean Meñaka dorrea, eta leku horretatik gertu Andra Mariaren ermita dago.

Eraikin klasizista bikaina da, nabarmen landatarra den testuinguruan harrigarri egiten dena, izan ere, inguru hurbila ez ezik, eskualde osoa ere izan zen gisa berekoa XVII. mendearen bigarren herenean. Hainbaten ustez Martin Ibañez de Zalbideak egindakoa da, alegia, Bizkaiko lehen klasizismoko gizonik entzutetsuenetako batek. Datari dagokionez, berriz, 1626koa bide da (Ybarra). Alabaina, eraikinean berritze-lan ugari egin dira geroztik, eta horien artean honakoak dira nabarmentzekoak: bigarren aldi batean, jauregiaren balio arkitektonikoa areagotzeko lanak egin ziren, batez ere atalondoan, eta hirugarren batean, jauregia baserri bihurtu zuten, eta hori dela eta, nabarmen eragin zen konfigurazio, bolumen, egitura eta kanpoaldeko nahiz barnealdeko elementuen tratamenduan.

Gaur egun eraikin exentua da, bolumen kubikokoa. Bi isurkiko estalkia du, eta gailurra fatxada nagusiarekiko perpendikularra da. Bertako fabrika oso sendoa da (115 zentimetroko lodiera beheko oinean). Harlanduzkoa da alde nagusian, hegoaldekoan, eta ekialdekoan, eta harlangaitzezkoa eta harlanduzkoa mendebaldekoan eta atzealdekoan, iparraldekoan, nahiz eta harlandua ere baduen tartekatuta. Altxaerak bi gorputzetan banatzen ditu erdi-mailako altuerako inposta batek. Inposta horrek estilo klasizista du fatxada nagusian eta ekialdekoan, baina harlanduzko zerrenda xume bihurtzen da gainerakoetan. Beheko gorputzean dira beheko oina eta solairuartea, eta goikoan oin noblea, gaur egun ganbara gisa erabiltzen dena.

Fatxada nagusian, hegoaldekoan, ditugu elementurik kultuenak eta bost bao-ardatzen arabera antolatzen da, aipatutako inposta molduratuak bereizten dituen bi gorputzetan. Alboko kaleetan leiho xume eta garbiak daude, eta erdialdekoan daude interesa duten elementuak. Bertan dago ateburu dobelatuko sarrera, benetan handia, pilastra ildaxkatuetan barrena doana. Pilastrek tutuerdikoak dituzte erditik behera, plinto eta kapitelekin, eta horien gainean taulamendua. Gutxi gorabehera sistema bera errepikatzen da solairu noblean, eta bertako pilastrek bao luzatua dute, erdi-puntuko arkuduna, ondorengo aldi batean hormatu zena eta armarri baten "etxe" gisa erabili dena orain dela gutxi arte. Dekorazioari dagokionez, azpimarratzekoa da ordenaren erremate gisa diharduen frisoa, honako sei irudi hauek dituena harrian zizelkatuta, hurrenkera berean: eguzki-lorea, haritz-hostoa, beste landare-mota bat, lauki ezkataduna, zirkulu gurutzeduna eta beste lore bat. Azkeneko bostak errepikatu egiten dira, simetrikoki banatuta "eguzki-lore" bakarretik abiatuta. Frisoaren gainean frontoi zatikatu bat dago.

Ekialdeko alboko fatxadak fatxada nagusiaren eraikuntza-kalitatea du. Lau ardatz bertikalen arabera dago antolatuta. Beheko solairuan lau gezileiho ditu, solairuartean beste horrenbeste bao, kasu honetan leihoburu xumeekin, eta amaitzeko, oin nobleko baoak, aurrekoak baino handiagoak. Horien artean azpimarratzekoa da ezkerraldeko ertzean dagoena, bertikalean zatikatua, eta harlanduzko inposta batek markoztatzen duena.

Bestalde, mendebaldeko alboko fatxadan fabrika ez da hain erregularra, eta zenbait harlangaitz tartekatzen dira. Ekialdeko fatxadaren ordena berari jarraiki dago antolatuta, baina solairuartean eta oin nagusian bi bao ez dira ireki, hain zuzen ere, eskuinaldeko muturrean kokatutakoak. Dena dela, hemengo bao guztiak xumeak dira, neurri bereko leihoburuak dituztenak.

Amaitzeko, atzealdeko fatxada, iparraldekoa, fatxada itsua da. Baina, salbuespen gisa, ukuilura sartzeko atzealdeko atea dugu, egun itsututa dagoena, baita muturretako bi gezileiho ere, orain gutxi egindako bi bao direla medio kendu direnak.

Barnealdeari begira, bereziki nabarmentzekoa da sarrerako atalondoa. Monumentu-kalitate handiko obra da, oinaren zati handi bat hartzen duena eta bi solairuko altuera duena. Elementu horrexek antolatzen du eraikin osoa: bertatik sartzen da ukuilura, beheko oinean, baita ondoko barrundegi guztietara ere. Lehenengo solairuan, berriz, bertatik sartzen da solairuarteko barrundegietara eta eskaileraren hurrengo zatirako sarbide ei zen atera, alegia, oin nagusi edo noblera, egun ganbara denera, sartzeko atera. Guztia harlanduz egindakoa da eta bertan eskailera bikoitza gailentzen da. Eskailera arku eskartzanoa euskarri duen eskailera-bururaino iristen da. Eskaileratik atalondoaren erdialderako bidea itxiko lukeen balaustrada falta da. Berorren aurrean zentratutako ate bana daude beheko oinean eta solairuartean. Bi ate handi molduratu dira, sarreraren aurrez aurre daudenak.

Egurrezko egiturak aldaketa nabarmenak izan ditu, eta horien artean nabarmentzekoa da solairuarteko soliba guztiak kentzea eta horien ordez hormigoizko forjatua jartzea. Dena den, oin nagusikoaren zati bat gorde da, baita estalkia osatzen zuen egitura ere. Bertan berriz erabili diren jatorrizko egiturako elementuak ikus daitezke.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena:
Euskal Wikiatlasa