Edukira joan

Eguzki-lore

Wikipedia, Entziklopedia askea
Eguzki-lorea, Lapurdiko Senpere udalerriko baserri bateko atean.

Eguzki-lore[1] Carlina generoko bi landare espezieren izen arrunta da: eguzki-lore luzea (Carlina acaulis) eta eguzki-lore laburra (Carlina acanthifolia).[2]

Eguzki-lorearen ezaugarriak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bi urtean behingo landare bat da (ereiten denetik lorea ateratzen den arte gutxienez bi urte igarotzen dira), zurtoin zurrun eta murritzekoa. Ia lurrari itsatsita hazten da eta, formari dagokionez, nahiko modu zentzugabe eta desordenatuan, hosto arantzatsu zabal eta haragitsuekin, kardu bat bezala.

Behin lorea aterata, haren harmonia eta simetria ikusgarriak dira. Lorearen burua hosto-arrosetaren erdian dago. Lorearen burua erabat loratu baino lehen, arantzazko-armazoi batek babesten du. Eguzki-lore guztiek bereizgarri bitxi bat dute: ez dira zimeltzen eta lehortzen direnean ere, edertasun guztia mantentzen dute.

Funtsezko propietate gisan, errotik destilatutako berezko olioa du, flabonoideak eta substantzia antibiotikoak dituen usain oso berezi eta atsegina dituena, eta ekzemak eta aknea tratatzeko eta larruazala zaintzeko erabiltzen da.

Euskal Herriko mitologian, eguzki-loreak, Eguzki Amandrearen ikurrak, garrantzi handia du. Haren itxurak eguzkia irudikatzen duenez, antzinako sineskeren arabera, baserriak eta bordak sorgin eta izpiritu edo izaki gaiztoetatik babesteko asmoz, atean jartzeko ohitura zegoen. Bestalde, sorginkeria, aztikeria eta madarikazioen aurkako babesa ere ematen omen zuen. Egun ere, baserri giroko leku askotan jartzen da. Sineskera horien arabera, eguzki-lorearen babes ahalmena Donibane eguneko goizaldean urte osoan baino indartsuagoa izan ohi zen.[erreferentzia behar]

Sineskera hori Mendebaldeko Europako herrialde askotan[erreferentzia behar] jasotzen da: adibidez, Pirinio mendietako bi alboetan, Aragoin eta Alpeetako eskualdean, betiere sorgin eta izaki gaiztoen inguruko babesletzat. Aragoin, Cardo de bruixas edo Cardo machico deitu ohi zaio; eta Alpeetako zenbait lekutan, Alpeetako eguzkia.

Eguzki-lorearen kondaira[3] oso zaharra da eta belaunaldiz belaunaldi transmititu izan da; horrek sinismenez eta sinbolismoz beteriko lore bilakatzea ekarri du.

Orain dela milaka urte, gizakia Lurrean bizitza egiten hasi zenean, ez zegoen ez Eguzkirik ezta Ilargirik ere. Hori horrela, gizakiak iluntasunean bizi ziren; izaki misteriotsu, espiritu eta sorginez inguratuta. Hori dela eta gizakiek Lurrari laguntza eskatzea erabaki zuten. Lurrak laguntza horri erantzun bat emateko izaki argitsu bat sortzea erabaki zuen: Ilargia. Gizakiek hasiera batean izu handiz hartu zuten Ilargiaren sorrera eta egun asko igaro zituzten Ilargiaren beldur; beraien haitzuloetatik atera gabe, baina pixkanaka gizakia ohitzen joan zen izaki berri horren sorrerara.

Kontua da gizakiak ohitu ziren modu berean, sorgin eta gaueko izaki misteriotsuak ere ohitu egin zirela, beraz, gizakiek berriro jo zuten Lurrari laguntza eske. Oraingo honetan, Ilargia baino zerbait indartsuagoa eskatu zioten Lurrari; gaueko sorgin eta izaki misteriotsuek ez erasotzeko. Lurrak orduan, gizakien beharrei kaso egin eta Ilargia baino zerbait indartsuagoa eta argitsuagoa sortu zuen: Eguzkia.

Lurrak Eguzkia sortu eta gero hau esan zien gizakiei: Eguzkia egunean zehar egongo da, Ilargia, berriz, gauean. Eguzkiari esker, ingurunea asko aldatu zen: landareak, zuhaitzak, fruituak, kolore biziak… Eta gainera, izaki misteriotsu eta sorginak ez ziren ohitu Eguzkiaren argira, gizakiek egin zuten bezala, hortaz, soilik gauez irten ahal izaten ziren, Ilargiarekin batera. Gizakiak hirugarren aldiz joan ziren Lurrari laguntza eske, gauean oraindik kaleetan ibiltzen baitziren izaki misteriotsu eta gaizkileak. Lurrak, hirugarren aldiz kasu egin eta izaki horiek itsutuko zituen landare bat sortuko zuela aitortu zion gizakiei; landare hori Eguzkia zela pentsatzeko. Beraz, Lurrak Eguzki-lorea sortu zuen; egun horretatik aurrera Eguzki-loreak gure etxeak babesten ditu gaueko izaki misteriotsuak uxatuz.

Eguzki-lore kardu basatiaren lorearen kokapenak bizilekua babesteko esanahia izan zuen garai batean. Eguzki-diskoaren antzekoena den landare honen bertute babeslearen sinesmenaren oroitzapenak geratzen dira oraindik.

Lekunberrin, etxeko atean jartzen zuten tximistaren aurka defendatzeko. Ataunen, sorginengandik babesteko, sarrerako atean jartzen zuten . Zerainen esaten dute sorginek kardu-lorea ikustean, eguzkilorea, kardu santua edo kardu latza, etxeko atean, uste dutela eguzkia dela eta, beraz, amaitu dela gaua, beren ekintza-garaia. Horregatik ez dira etxean sartzen.

Pipaonen (Lagranen) eta Arrasaten ere kardu-loreak espiritu txarren etxea babesten zuela uste zen. Astigarragan, Baxaurin (Trebiñon) bezala, sarrerako atean jartzen zuten, baina barruko aldetik. Garai batean Bergantzun ere jartzen zen, baina praktika hori ez zen oso ohikoa. Beasainen eta Oñatin basa-karduzko lore bat edo gehiago jartzen dituzte baserriko ate nagusian. Erriberagoitian eta Telleriarten (Legazpi), kardu-lore hori ukuiluko habeetako batean jartzen zuten; eta azken herrian, baita etxeko atean ere.

Gaur egun ohikoa da eguzki-lorea ikustea, ate askotan apaingarri berri gisa. Agoitzen, kasu, azken urte hauetan gazteek jartzen dute lore hori etxeetako ateetan.[4]

Zabaldua da sorginak etxean ez sartzeko trikimailua ere badela eguzki-lorea. “Okerkeriaren” bat egiteko asmotan etxera hurbiltzen direnean, atean eguzki-lorea topatzean ezinbestean haren erdiko lore multzoak dituen loretxoak banaka-banaka zenbatzen gelditzen dira eta amaitzerako egunabarra agertzen da, eta sorginak ezinbestean argitatik ihes egin behar du.[2]

Eguzki-lorea Europa erdialdean, Pirinioetan eta Kantauriar mendietan aurki daiteke batez ere, ekain eta irail artean. Normalean, mendi-hegaletan, larreetan edo belardietan hazten da. 800 metroko altitudean egoten da eta leku horietan haizea egoten da, haziak zabaltzen dizkiona.

Egun, landare babestua denez, debekatuta dago moztea edo ateratzea. Klima aldaketak eta gehiegizko kontsumoagatik ez dira asko ikusten eta hazien zabalketa oztopatzen dute. Hori dela eta, eguzki-lorea landare “arraro” edo “arriskuan dagoen lorea” gisan katalogatu da. Nolanahi ere, laborantza naturaleko eguzki-lorea lor daiteke edota artisau baten kopia erosi.[5]

Eguzki-lorea ate batean.

Gaur egun, orokorrean eguzki-lorearen erabilera nagusia apaintzekoa da, hain zuzen ere etxeko ateetan ezartzeko. Ohitura hori eguzki-lorearen kondairan oinarritzen da, sorginak urruntzeko eta etxeak babesteko balio zuela baitio istorioak.

Hala ere, landare horrek bestelako funtzioak ditu, iraganean usu erabilia: propietate antibiotikoak dituenez, izurriaren pandemia bat sendatzeko erabili izan zuten Karlomagnoren garaian. Hori dela eta, haren latin-izena Carlina da, Karlomagnoren izenean.

Horretaz gain, haren sustraietatik propietate antibiotikoak dituen olioa atera daiteke, ekzemak, aknea-eta orokorrean sendatzeko balio duena. Gainera, usain oso berezi eta atsegina dauka. Horregatik, askok lorearekin kremak egiten dituzte.[6] Jakoba Errekondok azaltzen duenez, bere sustraiaren ura erabiltzen da, besteak beste, tripetako bizioak edo zizareak botatzeko, hidropesiadunak flakatzeko, txiza egin ezin dutenak oneratzeko eta ardoarekin batera hartuta sugeen pozoiari aurre egiteko. Sustraia bera janez gero hiltzeko arriskua dago.[2]

Baliteke Erroman Augustok egiteko agindu zuen Ara Pacisen landareen frisoan, beste loreen artean, eguzki lorearen antzeko landare bat egotea, edo behintzat, Carlina acanthifolia ssp. utzka izan daitekeen landarea.[7]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Euskaltzaindiaren Hiztegi Batuaren arabera, bereizita idatzi behar da, marratxoarekin edo gabe. Beraz, eguzki-lore edo eguzki lore.
  2. a b c «Bizi-baratzea - Eguzki-lore meteorologoa» Bizi-baratzea (Noiz kontsultatua: 2025-04-29).
  3. (Gaztelaniaz) Maghú. (2017-07-23). «La leyenda de la Eguzkilore» Maghú Eguzkilore (Noiz kontsultatua: 2021-11-01).
  4. «Eguzki-lorea, flor de cardo - Atlas Etnográfico de Vasconia» atlasetnografico.labayru.eus (Noiz kontsultatua: 2025-04-29).
  5. (Gaztelaniaz) «Eguzkilore, la planta protectora del pueblo vasco.» Turismo País Vasco 2018-10-29 (Noiz kontsultatua: 2021-11-01).
  6. (Gaztelaniaz) Maghú. (2017-07-22). «Eguzkilore, “Carlina acanthifolia”» Maghú Eguzkilore (Noiz kontsultatua: 2021-10-31).
  7. «Ara Pacis Augustae» www.reed.edu (Noiz kontsultatua: 2025-04-29).

Bibliografia osagarria

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  • (Gaztelaniaz) Otaduy Tristán, Arantza; Feel Euskadi. «Eguzkilore: entre mito y muchos cuentos» 4buru 5.

Ikusi, halaber

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]