Panamako kanala

Artikulu hau Wikipedia guztiek izan beharreko artikuluen zerrendaren parte da
Koordenatuak: 9°05′N 79°41′W / 9.08°N 79.68°W / 9.08; -79.68
Wikipedia, Entziklopedia askea

Panamako kanala
Datu orokorrak
Garaiera26 m
Motaship canal (en) Itzuli
Luzera82 km
Geografia
Map
Koordenatuak9°05′N 79°41′W / 9.08°N 79.68°W / 9.08; -79.68
Honen parte daMundu Modernoko Zazpi Mirariak
Estatu burujabe Panama
Province of PanamaPanamako probintzia

Panamako kanala edo Panamako ubidea Ozeano Atlantiko (Karibe itsasoa) eta Ozeano Barea lotzen dituen ubide artifiziala da, Panamako istmoan zehar, Ameriketako erdialdean, Panama kostatik kostara zeharkatzen duena. Merkataritza balio handia du, itsas komunikazioen denbora eta distantziak oso nabarmen murrizten baititu. Izan ere, Amerika ipar edo hego muturretik inguratu beharren, erdi-erditik zeharkatzea ahalbidetzen du, itsasontziei milaka kilometro aurreratuz. 1914ko abuztuaren 15ean inauguratua, orduz geroztik Ameriketako Estatu Batuen kontrolpean izan zen, harik eta 1999ko abenduaren 31n kontrol osoa Panamari eskualdatu zioten arte.

Panamako ubidea 81,6 km luze eta 90-150 m zabal da (240-300 m, Gatún aintziran). Munduko ubide artifizial nagusia da, Suezko ubidearekin batera. Panamako ubidea Ozeano Atlantikoko Limón badiatik (Antilletako itsasoa, Colón hiria eta Cristobal portua) Ozeano Barearen ertzeko Balboa hiriraino luzatzen da, eta Gatún aintzira zeharkatzen du bere bidean. Ontzi handiek ezin dute beren indarrez Panamako ubidea igaro. Atoian eramaten dituzte ontziak lokomotor batzuek, orduko 3 kilometroko abiaduraz, eta eskuarki sei lokomotor behar izaten ditu ontzi bakoitzak ubide osoa igaro ahal izateko. Hiru esklusagune nagusi daude ubidean: Gatún, Pedro Miguel eta Miraflores. Esklusa horiek bikoitzak dira, eta ontziak bi norabideetan igaro daitezke une berean gune beretik. Sarreran eman beharreko denbora barne, 24-30 ordu behar izaten du ontzi batek alde batetik bestera igarotzeko. Mota guztietako gaiak (petrolioa eta hartatik eratorriak, aleak eta ikatza dira gai garraiatuenak) igarotzen dira egunero Panamako ubidetik.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

XIX. mendean prestatu zuten Ameriketako Estatu Batuetako Atlantikoko aldearen Ozeano Bareko aldearen arteko itsasbidea laburtzeko proiektua (8.000 itsas milia gutxiago egiten da Panamako ubidetik Hornos lurmuturretik baino). Hala ere, proiektua ez zen zehaztu Ferdinand de Lessepsek, Suezko ubideko obrak aitzinatu zituen diplomatiko frantsesak, 1879an enpresa hartan esku hartu zuen arte. Hasierako proiektu hark, ordea, ez zuen buru onik izan, ekonomia eta politika arazoak zirela eta.

1903. urtean Estatu Batuek hartu zuten ubidea egiteko ardura, Panamako estatuko ordezkariekin hitzarmen bat sinaturik, eta 1904-1914. urteetan gauzatu zen frantsesen hasierako hura guztiz hobetu zuen proiektua. Hitzarmen haren arabera, Estatu Batuen esku geratu zen ubidearen ustiakuntza, bai eta ubidealdearen (ingelesez: Canal Zone) gaineko erabateko kontrola ere, aginpide militarra barne. Tirabira handiak izan dira bi estatuen artean 1914an ubidea zabaldu zenetik aurrera.

1913ko urriaren 10an, Panamako kanala zabaldu zuen AEBko presidente Woodrow Wilsonek azken dinamita karga detonatuta. Washingtonetik, Etxe Zuritik telegrafo bidez bidalitako seinalearekin zartarazi zuen lehergaia. Panamako errepublikak, Ozeano Barea eta Atlantikoa lotzen dituen kanalaren eskubideak AEBei eman zizkien behin-betirako, baita albo banatan zortzi kilometroko eremua ere, 10 milioi dolar eta urtero 250.000 dolarren truke. AEBek 40.000 panamar behartu zituzten beren etxeak uztera, eta herri eta kultura osoak suntsitu zituzten.[1]

1977an sinatu zuten hitzarmenaren arabera, 1999ko abenduaren 31n jaso zituen azkenik Panamako estatuak ubidearen gaineko eskubide guztiak.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]