Partenogenesi

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Komodoko Dragoia (Varanus komodoensis), beste narrasti batzuen antzera, partenogenesiaren bidez ugaldu daiteke


Partenogenesia (grezieratik παρθένος parthénos = birjina + γένεσις génesis = sorrera) ernaldu gabeko obulu batetik banako berri baten sorrera da. Ugalketa mota honetan, beraz, gameto arrak ez du parte hartzen, eta gameto femeninoaren ernalketa berez gertatzen da. Birjintasunezko ugalketa deitzen zaio ere, hainbat landarek eta animalia ornogabek burutzen dutelarik.

Gameto bakarreko ugalketa sexuala dela esan daiteke, hainbat biologok ugalketa asexualtzat jotzen badute ere.

Charles Bonnet-ek estreinakoz deskribatu zuen XVIII. mendean.

Animaliengan partenogenesia ornogabe batzuengan agertzen da batik bat: errotiferoengan, krustazeoengan, harrengan eta intsektuengan, batez ere. Arraragoa bada ere, ornodun espezie batzuk ere ugaltzen dira partenogenesiaren bidez: anfibioak eta narrastiak, esaterako.

Hainbat espezietan partenogenesia ohikoa da, animaliak edo landareak duen ugalketa bakarra izanik. Bestetan, aldiz, noiz behinekoa da eta ugalketa sexualarekin txandakatzen da.

Erleengan ernaldu gabeko obulua partenogenesiaren bidez garatzen da ar haploideak sortuz (erlamandoak). Ernaltzen baldin bada, aldiz, obuluak eme diploideak sortzen ditu. Erleen ugalketak, beraz, partenogenesia ugalketa sexualarekin txandakatzen du.

Partenogenesia era artifizialean ere eragin daiteke. Eragile egokiak erabiliz (fisikoak, kimikoak edo mekanikoak) partenogenesia martxan jarri da hainbat animaliaren obuluetan. Emaitza onak lortu dira ugaztun batzuekin ere (untxiekin, esaterako), hotza erabiliz. Disoluzio gazi edo azukreztatuetan obuluak sartzean obulu horien ernalketa artifiziala ere aktibatu egin da.

Partenogenesiak emeen sorrera bakarrik eragin dezake (partenogenesi telitoka), arren sorrera (arrenotoka) edo ar eta emeen sorrera (deuterotoka).