Paul Moritz Cohn
Paul Moritz Cohn (Hanburgo, 1924ko urtarrilaren 8a - Londres, 2006ko apirilaren 20a) alemaniar matematikaria izan zen.
Cambridgeko Trinity Collegen ikasi zuen eta 1948an graduatu zen; doktoregoa Cambridgen bukatu zuen 1951n. Hurrengo urtean Manchesterreko Unibertsitatean lanean hasi zen, eta 1961-1962 bitartean Yaleko Unibertsitatean eta Kaliforniako Berkeleyko Unibertsitatean aritu zen. 1962an Londresko Unibertsitatera joan zen, eta hango Queen Mary Collegen aritu zen 1967 arte. Hala ere, urte horietan zenbait bisitaldi egin zituen Chicagoko Unibertsitatera eta New York Estatuko Stony Brook-eko Unibertsitatera. Londresko Unibertsitatea utzi gabe, Bedford Collegen matematika-irakasle hautatu zuten. Hurrengo urteetan hainbat unibertsitatetan aritu zen, besteak beste, Rutgers Unibertsitatean, Parisko Unibertsitatean eta Delhiko Tulane Unibertsitatean, Albertako Unibertsitatean eta Ottawako Carleton Unibertsitatean. Israelen egon ondoren, Estatu Batuetako eta Alemaniako unibertsitateetan ibili zen. 1984an Londresera itzuli zen, eta bertan University Collegeko Matematikako Astor Irakasle hautatu zuten. Cohnek ekarpenik gehienak aljebraren arloan egin ditu, bereziki eraztun ez-kommutatiboen teorian. Magnusen teorema orokortzeaz gainera, tenkagailu-espazioen egitura aztertu zuen.
Lehenengo liburua, Lie groups (Lie taldeak), 1957an argitaratu zuen. 1958tik aurrera Jordan aljebrak eta Lieren zatiketa-eraztunak landu zituen. Bere liburu garrantzitsuenetako batzuk hauek dira: Linear equations (1958, Ekuazio linealak); Universal algebra (1965, Aljebra unibertsala); Algebraic numbers and algebraic functions (1991, Zenbaki eta funtzio aljebraikoak); Elements of linear algebra (1994, Aljebra linealaren elementuak); eta Free rings and their relations (1971, Eraztun libreak eta haien arteko erlazioak) monografia. Azkeneko hau da denetan ezagunena, eraztunei buruzko emaitza garrantzitsuak jasotzen baititu. Cohnek sari ugari jaso zituen bere lanari esker: Mathematical Association of America delakoaren (Amerikako Matematika Elkartea) Lester R Ford saria (1972) eta London Mathematical Society delakoaren (Londresko Matematika Elkartea) Senior Berwick saria (1974), besteak beste.
1989an erretiratu zen, baina jardunean jarraitu zuen, irakasle emeritu gisa eta ikerketako ohorezko kide gisa 2006an hil zen arte.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/26 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.