Peter Minuit

Wikipedia, Entziklopedia askea
Peter Minuit
Peter Minuit
Datu pertsonalak
Izen osoa Peter Minuit, Pierre Minuit edo Peter Minnewit
Jaio 1580
Wesel, Clevesko dukerria (Germaniako Erromatar Inperio Santua)
Hil 1638ko abuztuaren 5a
Saint Christopher ()

Peter Minuit, Pierre Minuit edo Peter Minnewit (Wesel, 1580 - Saint Christopher, 1638ko abuztuaren 5a) Herbeherea Berriak kolonia nederlandarren zuzendari nagusia izan zen 1626 eta 1633 urte bitartean, eta, 1638an, Suedia Berria kolonia suediarra sortu zuen. Tradizioaren arabera, 1626ko maiatzaren 24an, Minuitek Manhattan uhartea bertako aborigenei erosi zien 60 guilder edo guldenen truke (egungo 24 estatubatuar dolar).

Biografia

Peter Minuitek Manhattan uhartea erosi zueneko tokia

Peter Minuit, Pierre Minuit edo Peter Minnewit Wesel, 1580an jaio zen Weselen. Erreformaren ondoren, protestante eta katolikoen arteko tentsio erlijiosoa nabaria zen eta Hogeita Hamar Urteko Gerra ezinbesteko gertatu zen. Minuit familia valoniarra Tournaitik etorria zen eta Habsburgotarren Herbeheretako gobernu katolikoari ihes egin eta Wesel hirian errefuxiatu zirenetakoa zen.

1625eko abenduan, 45 urte zituenean, Mendebaldeko Indietako Konpainia holandarrak Herbeherea Berrietako hirugarren Zuzendari Nagusia izendatu zuen Minuit. Ipar Amerikarantz nabigatu zuen eta, 1626ko maiatzaren 4an, koloniara iritsi zen[1].

Tradizionalki, esan ohi da, 1626ko maiatzaren 24an, Minuitek Manhattan uhartea erosi ziela bertako indigenei (ziurrenik lenape tribukoak) 60 guldenen truke. Transakzio hau, normalean, aldebakarrekotzat ikusia dago, holandarraren probetxurako, eta are gehiago, Manhattango istorio herrikoi baten arabera, Minuitek okerreko tribuari (Long Islanden bizi ziren carnesiei) erosiko zion uhartea[2].

1631n, Mendebaldeko Indietako Konpainia holandarrak Minuit kargutik kendu zuen eta hau Europara itzuli beharrean izan zen. Era berean bota zuten konpainiatik bere laguna zen Willem Usselincx eta honek ohartarazi zuen Minuit Suediaren ahaleginetaz. Delaware ibaian kolonia bat sortu nahian zebilen, Herbehereak Berrien hegoaldean. 1636 edo 1637 inguruan, Minuitek Samuel Blommaert eta gobernu suediarrarekin negoziatu zuen Mundu Berrian kolonia suediar bat sortzeko. Delaware ibaiaren ibilbidean kokatuta, antzina holandarrek erreklamatzen zuten lurraldearen barnean, Suedia Berria deituko zioten.

1638ko udaberrian iritsi ziren Minuit eta bere lagunak Swedes'Landing (gaurko Wilmington) izeneko tokira. Minuitek Fort Christina eraiki zuen urte horretan eta Stockholmera itzuli zen beste kolono talde baten bila. Dirua aurreztu nahian, Europara joan aurretik Karibetik pasatzen zen tabako itsasontzi bat hartu zuten horretarako. Saint Kitts eta Nevis uharte inguruan, zikloi tropikal batek harrapatu zituen eta Peter Minuit eta gainontzeko eskifaia hantxe hil zen 1638ko abuztuaren 5ean [3].

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Peter Minuit Aldatu lotura Wikidatan

Erreferentziak