Pompeu Fabra

Wikipedia, Entziklopedia askea
Pompeu Fabra
Pompeu Fabra
Pompeu Fabraren irudia.
Datu pertsonalak
Izen osoa Pompeu Fabra i Poch
Ezizena "Katalanaren Aita"
Jaio 1868ko otsailaren 20a
Vila de Gràcia, Bartzelona (Katalunia)
Hil 1948ko abenduaren 25a
Prada de Conflent (Ipar Katalunia)

Pompeu Fabra i Poch (1868ko otsailaren 20a - 1948ko abenduaren 25a) katalanaren gaur egungo araudia ezarri edo finkatu zuena izan zen.

1990. urtetik aurrera Bartzelonan bere izena daraman Pompeu Fabra Unibertsitatea dago.

Haurtzaroa

Pompeu Fabra 1868an antzinako Vila de Gràcia edo Gracia udalerriko La Salut auzoan jaio zen, bere haurtzaroa leku honetan igaro zuelarik. Garai hartan, gaur egun ez bezala, Gracia ez zen Bartzelona hiriko auzune bat, aldiz bai bizitasun handiz beteriko udalerri bat. Pompeu Fabrak hamabi anai-arreba izan zituen, bera denetan gazteena izan zelarik; halere haietako hamar hil eta bera eta beste bi arreba gelditu ziren. Pompeuk bost urte zituela Errepublika aldarrikatu zen, eta bere aita errepublikarra zenez, udalerriko alkate hautatu zuten.

Hasiera oparoa eta eztabaidak

Fabrak ingenieritza ikasketak hasi zituen, piskanaka bere kabuz ikasiz joan zen filologia ikasketekin batera txandakatu zituelarik. 1891an L'Avenç argitaletxeak gaztelaniaz idatzitako bere Ensayo de gramática de catalán moderno ("Kataluniar gramatika modernoaren saiakera") idazlana argitaratu zion, honetan lehendabiziko aldiz eta metodologia zientifiko baten bidez hizkuntza mintzatua transkipzio fonetiko zehatz batekin deskribatu zuen. Joaquim Casas Carbó eta Jaume Massó i Torrentsekin batera, Fabrak "L'Avenç" aldizkarian bigarren kanpainia linguistikoari ekin zion[1]. Hau hizkuntzaren sistematizazio zientifikoaren lehendabiziko saiakera izan zen, saiakera honek hika-mika eta eztabaida ugari piztu zituen eta etorkizuneko normalizazioaren zertzelada osatuko zuen.

1902an Pompeu Fabrak Bilboko Ingeniaritza Eskolan kimika katedrarako oposizioa irabazi zuen, 1912. urte arte Euskal Herriko hiri honetan bizi izan zelarik. Bere herrialdetik kanpo egon zen denboraldi honetan zehar filologia inguruko bere jardunean buru-belarri ibili zen.

1906ean Lehen Kataluniar Hizkuntzako Nazioarteko Biltzarrean (I Congrés Internacional de la Llengua Catalana) Kataluniar ortografiako auziak (Qüestions d'ortografia catalana) gaiarekin partehartu zuen. Bere entzute eta prestigio intelektuala asko indartu zen, Kataluniako Mankomunitateko Prat de la Riba presidenteak normalizaio linguistikoa zuzentzeko deitu ziolarik. Euskal Herriko egonaldiaren ondoren Kataluniara itzuli zen, Kataluniar Ikaskuntza Institutua edo Institut d'Estudis Catalans erakundeko Filologia Saileko sortzailea izan zen eta Kataluniar Ikaskuntza Unibertsitarioen ("Estudis Universitaris Catalans") katedra bereganatu zuen. 1912an Kataluniar hizkuntzaren gramatika (Gramática de la lengua catalana) argitaratu zuen; urte bat beranduago Arau Ortografiak edo Normes ortogràfiques (1913) lana kaleratu zuen, araudi berri honek berehalako aldeko zaletu sutsuak nahiz aurkari porrokatuak sortuko zituelarik.

Fabrak defendaturiko ortografiaren oinarrizko puntuetako bi dialektoen ahoskera eta hitzen esanahia edo etimologia izango dira. 1917an argitaratutako Hiztegi Ortografikoa edo Diccionari Ortogràfic delakoak aurreko Arauak edo Araudia osatuko ditu.

Maisutasun eraginkorra

1918ko Kataluniar Gramatikaren argitarapenarekin (ofizialtzat onartua) denboraldi berri bati hasiera emango zaio, 1932an Kataluniar hiztegi orokorraren argitarapenarekin denboraldi honen gailurrera iritsiko delarik. Kataluniar gramatikaren ikastaro ertaina idazlana ere urte berekoa da, ikastetxeetan erabiltzeko sortua izan zen eta 1968an Kataluniar gramatikarako sarrera izenpean berrargitaratu zen. 1924an Solasaldi Filologikoak ("Converses filològiques") idazlana idatzi zuen, betiere bere gogoeta linguistikoak zabaltzeko asmoz. Hizkuntzari buruzko ohiko zalantzak konpondu nahian idatzitako artikulu laburrak dira.

Erreferentziak

Kanpo loturak

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Pompeu Fabra Aldatu lotura Wikidatan