Prestige

Wikipedia, Entziklopedia askea
Hona jauzi: nabigazioa, Bilatu
Prestige
Bahamak
Mota: petroliontzia
Uretaratze data: 1976
Ezaugarriak
Tona-kopurua: 42.820
Luzera: 243,5 m
Zabalera: 34,4 m
Sakonera: 14 m
Bolondresak Galiziako kostak garbitzen.

Prestige kasko bakarreko petroliontzi bat izan zen. 77.000 tona petrolio zeramatzala, 2002ko azaroaren 19an Galiziako (Espainia) kostaldean hondoratu zen eta marea beltza erraldoia sortu, Mariano Rajoy ministroa zela. Costa da Morte ingurua kaltetuenetarikoa izan zen, arrantza sektorea bereziki kolpatuz.

Espainia, Portugal eta Frantziako kostaldeak beltzez busti zituen, Europako bazter hauetako inoizko hondamendirik handienetakoa eraginez. 2005. urtean oraindik ondorioak nabarmenak ziren kostaldeetan. Ontziaren kapitaina, Apostoulos Mangouras greziarra, salbamendu-ekipoekin ez kooperatzeagatik atxilotu zuten, baina 2005. urterako jadanik kalean zen.

Euskal Herriko kostaldera ere iritsi ziren petrolio arrastoak.

Garbiketa lanak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hasieran, espainiar gobernuak pentsatu zuen 17.000 tona petrolio galdu egin zuela ontziak. 2003ko hastapenetan, zamaren erdia galdu zuela onartu zuten, eta azkenean 63.000 tona izan zela kalkulatu dute hainbat iturrik (%75a baino gehiago). 2004an gainontzeko 13.000 tona atera zuten hondoratutako itsasontzitik.

Garbiketarako kanpaina masiboa burutu zuten, boluntarioek eta profesionalek osatutako taldeka antolaturik. Ekimena arrakastatsua izan zen, eta kostaldeko hainbat zati berreskuratu ahal izan zuten. Urte bat geroago, Galiziako hainbat hondartza errekuperatu zituzten bainurako.

Nunca Mais[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Nunca Mais izeneko plataformak hilabete haietan esparru askotako taldeak (>200 elkarte eta erakunde) eta hiritarrak batu izan zituen hondamendia salatzeko. Aldarrikapen modu askotarikoak erabili zituzten salaketa ahalik eta urrunen iristeko, hondamendi eremu izendatzeko eta ondorio sozioekonomikoak eta osasunean eta ingumenean eragindakoak lehen bai lehen lehengoratzeko. Halaber, esklatu zuten prebentzio mekanismoak tamaina honetako katastrofeak ekiditeko. Manifestazio jendetsuena 2002ko abenduaren 1ean Santiagon egindakoa izan zen (200.000 pertsona).

2006ko abuztuan plataforma berraktibatu egin zuten uda partean Galizian ohikoak diren suteen aurka protestatzeko. Ingurumeneko terrorismoaren kontra hitz batean.

Ekologismoaren alde Galizian inoiz piztutako mugimendurik handiena da zalantza barik.

Bibliografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Lobato, Xurxo (2003): No país do Nunca Máis. Editorial Galaxia, Vigo.
  • Paz, Xavier eta Vázquez Carpentier, Alba (2007): Nunca Máis. A voz da cidadanía II. Difusora, Ourense

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Prestige Aldatu lotura Wikidatan