Ptolomeotar Erresuma
Ptolomeotar Erresuma Πτολεμαϊκὴ βασιλεία Ptolemaïkè Basileía | |||||||
---|---|---|---|---|---|---|---|
K.a. 305 – K.a. 30 | |||||||
Monarkia | |||||||
Geografia | |||||||
Hiriburua | Alexandria | ||||||
Kultura | |||||||
Erlijioa | Antzinako Greziako jainkoak, Antzinako Egiptoko jainkoak | ||||||
Historia | |||||||
|
Ptolomeotar Erresuma (antzinako grezieraz: Πτολεμαϊκὴ βασιλεία)[1] edo Ptolomeotar Egipto k. a. 322an Alexandro Handiak Egipto konkistatu zuenetik K.a. 30ean Kleopatra VII.a hil eta Egipto erromatar probintzia bihurtu bitartean Egipton eta ingurumarietan agindu zuen erregimena izan zen. Ptolomeo I.ak bere burua Faraoi aldarrikatu zuenean sortu zen, eta hegoaldeko Siriatik Zirenaika eta Nubiaraino zabaldu zen. Alexandria hiriburu eta greziar kultura eta merkataritzaren gune nagusi bilakatu zen. Populazioaren onarpena lortzeko, greziar agintariek egiptiar ohiturak hartu zituzten eta bere kulturak musulmanen konkistaraino iraun zuen[2]. Bertoko matxinadez gain, kanpoko gerrek eta gerra zibilek ere Erresumaren gainbehera eragin zuten, Erromatar Inperioak anexionatu arte.
Greziarren eta erromatarren nagusitzak ere (K.a. 332-K.o. 395) ez zuen funtsean egiptoar artea aldarazi, zeinak kalitate handiko obrak ekoizten jarraitu baitzuen, harik eta, kristau aroa etorrita, erabat galdu zen arte.
Arkitektura
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Nahiz eta, lehenik Greziako erregeek gobernatutako lurralde, eta gero, erromatar probintzia bihurtu Egipto, tinko eutsi zitzaien egiptoar arkitekturaren ereduei, eta eraikin apartak egiten jarraitu zuten, horietako batzuk, faraoien garaikoak baino edenagoak eta kalitatez hobeak.
Hobekien gorde den tenplua Edfukoa da. Horus jainkoari eskaini zitzaion, eta Luxorren eta Asuanen tartean dago. Aurretik, toki berean, Inperio Berriko tenplu bat zegoen eta hango materialak berrerabili zituzten, batez ere, sarrerako patioa lauzatzeko. Bai sarrerako atarteetan eta bai bi hipostiloetan zutabe konposatuak eraiki zituzten. Pilonoaren barnealdeko hormetan Edfuko Horusen eta Denderako Hathor jainkosaren elkar topatzea ospatzen zuen festa dago irudikatuta. Hipostiloak launa zutabeko hiru ilara zituen, eta agerpenen atartea deitzen zitzaion, hantxe agertzen baitzen jainkoa jendartera. Esparru sakratuaren barruan, baina bakartuta,Jaiotzen etxea dago, hantxe ospatzen baitzen Horus jainkoaren jaiotza. Eraikin horren areto nagusia zutabez hornitutako galeria batek inguratzen du, eta esandako zutabeek kapitel loredunak eta Bes jairakoaren formako abakoak dituzte. Hormetan, jainkoaren haurtzaroko pasarteak daude irudikaturik.
Hator jainkosari eskainitako Denderako tenplua 34. urtean sagaratu zen, eta adierazgarria da hori egiptoar artearen iraupenaren ideia bat osatzeko. Hipostiloko zutabeek -Tiberio enperadorearen aginduz erantsi ziren- Hatorren irudia antzezten duten kapitelak dituzte. Bigarren hipostiloak agerpenen atartearen funtzioa betetzen zuen. Bada, mammisi bat ere, Trajanok, Nektanebo I.aren eraikin batean oinarrituta, eraikiarazia. Aintzira sakratu baten hondakinak ere badaude, izan ere, aintzira hori eta Sanatorium bat erabiltzen zuten jainkosak sendatzeko itxaropenez bertaratzen ziren gaixo fededunek.
Edfu eta Asuanen tartean, Nilo ibaiaren ertz-ertzean dago Horusi eta Sobeki (krokodilo jainkoa) eskainitako Kom Ombo tenplua. Oso hondatuta dago gaur egun, eta hondakin erromantiko batzuen itxura du. Nilometro interesgarri bat ere badu tenpluak, zeinari esker ezagutzen baitzuten ibaiak haztean harrapatzen zuen neurria, eta hala kalkulatzen zuten zenbat zabaleko lur eremuak landu.
Asuanen hegoaldean, Isis jainkosari eskainitako File tenplua dago (aipatzekoa da Erromatar Inperio guztian hedatu zela jainkosa harenganako gurtza). Tenplu hau uharte batean zegoen, ibaiaren erdian, eta zegoen tokitik atera eta beste leku batean berreraiki behar izan zuten Asuango urtegiak estaliko ez bazuen. Tenpluaren bitxikeria aipagarriena sarrerako prozesioetarako zutabedia da, asimetrikoa izateaz gainera eslaian ezarria baitago. Trajano enperadoreak kiosko estali bat eraikiarazi zuen Filen, erdi alturan murruarekin batzen ziren lorez apaindutako 14 zutabe zituena, gaur estalkia galduta badago ere. Nilotik zetozenentzat eraikin hori zen tenplurako sarbidea, eta sarrerako zutabediaren funtzioa betetzen zuen.
Eskultura eta pintura
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Greko-erromatar aldiko eskulturan egiptoar eta greziar artea nahasten dina. Eskultoreek greziar jatorriko pertsonak irudikatu behar izan zituzten, horiexek baitziren Egiptoko agintari berriak. Lehen aldiz, ile kizkurrak agertu zien ptolomeotarrak irudikatzen dituzten egiptoar eskulturetan. Erromatarren agintaldian greziar artearen eragina indartu egin zen, bara eskulturek beti gorde izan zuten Egiptoko estiloaren zenbait ezaugarri.
Aldi horretako eraikin garrantzitsuak egiptoar tradiziozko erliebez apainduak zeuden. Garai horretako erliebeek irudiaren kanpoko ertza ez dute hain markatua, baina barrua landuagoa dute. Aipatzekoak dira Edfuko Horusen tenpluko erliebeak eta Karnakeko Filipo Arrideoren kaperakoak.
Greko-erromatar garaiko pinturak, momia erretratuak deitzen zaienetan izan zuen goren puntua. YVIII. dinastiatik hasita, giza formako sarkofagoan antzezten ziren hildakoaren hazpegiak. Zurezko edo kartoikizko sarkofagoek bendaz bildutako momiak gordetzen zituzten. Greko-erromatar aldian, ohol baten gainean margotzen zen hildakoaren erretratua eta gero sarkofagoari eransten zitzaion, edota momia berari lotzen zitzaion bendaz. Erretratuak errealistak dira eta leialtasunez antzezten dituzte -zertxobait idealizatuta, hala ere- hildakoaren hazpegiak.
Pintzelez eta espatulaz margotzen zituzten.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik hartu da. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- ↑ Diodoro Sikulo, Biblioteka Historikoa, 18.21.9
- ↑ Bowman, Alan Keir. (1996). Egypt After the Pharaohs: 332 BC–AD 642; From Alexander to the Arab Conquest. (2. argitaraldia) University of California Press.