Rita Segato
Rita Segato | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Buenos Aires, 1951ko abuztuaren 14a (73 urte) |
Herrialdea | Argentina |
Hezkuntza | |
Heziketa | Buenos Airesko Unibertsitatea lizentzia : antropologia Belfasteko Queen's unibertsitatea Arte-masterra, Doktoretza : gizarte-antropologia |
Hezkuntza-maila | graduondoko ikasketak |
Jarduerak | |
Jarduerak | antropologoa |
Rita Laura Segato (Buenos Aires, 1951ko abuztuaren 14a) argentinar antropologo eta feminista da. Batez ere, genero-indarkeriaren alorrean eta Ciudad Juárez-eko feminizidioen kasuan egindako ikerketa-lanagatik da ezaguna. Genero-harremanak botere-eremu bat direla deritzo, eta ez dela zuzena sexu-krimenez hitz egitea; bere ustez, "botere-krimentzat" hartu behar dira, menderatzearenak, zigorrarenak. Gaur egun Brasilia eta Tilcara artean bizi da, hau da, Brasil eta Argentina artean.
Ibilbidea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Lehen Hezkuntza Hizkuntza Bizien Juan Ramón Fernández Eskola Normalean egin zuen, eta bigarren hezkuntza, berriz, Buenos Aireseko Ikastetxe Nazionalean (1970). Era berean, 1967an Manuel de Falla Udal Kontserbatorioko ikasketak amaitu zituen, eta 1973an, ostera, Dantza Eskola Nazionalekoak. Zientzia Antropologikoen lizentziatura egin zuen Buenos Aireseko Unibertsitatean, lehenengoz itxi zutenera arte, hau da, 1974ra arte. Etnomusikologian espezializatu zen Caracaseko Etnomusikologia eta Folklore Institutu Interamerikarrean (1975), eta 1980ra arte bertan jardun zuen, musika latinoamerikarraren artxibategian ikertzaile.[1]
1984an Antropologian Doktore izendatu zuten Belfasteko Queens unibertsitatean, non Musikaren Antropologia ikasi baitzuen John Blacking-ekin eta Gizarte Antropologia Milan Stuchlick eta Gerd Baumann-ekin.
1985 eta 2010 bitartean Brasiliako Unibertsitateko irakaslea izan zen Antropologia Sailean. 2011n unibertsitate bereko Bioetika eta Giza Eskubideak jakintza-alorrarteko graduondokoetara aldatu zen, eta, horrez gain, irakasle bisitari gisa jardun zuen Latinoamerikako hainbat doktoretza-programatan.[1]
1993an emakumeen aurkako indarkeriaren alorreko lehen ikerketak egin zituen, Brasiliako hiri-gobernuaren eskaera bat tarteko. Hasiera batean, aldi baterako kontua izango zela pentsatu zuen, baina denborarekin indarkeria matxistaren azterketa bere ikergai nagusietako bat bilakatu zen.
1998az geroztik Brasileko Ikerkuntzen Batzorde Nazionaleko ikertzailea da.[2]
Idatzitako liburuen artean, hauek dira nabarmentzekoak: Las estructuras elementales de la violencia [Indarkeriaren funtsezko egiturak] (2003), La nación y sus otros [Nazioa eta beste zerak] (2007) eta Las nuevas formas de la guerra y el cuerpo de las mujeres [Gerra-molde berriak eta emakumeen gorputzak] (2014).
2006an, Ciudad Juárez-eko feminizidioei buruzko ikerketa bat egin zuen.[3]
Horren ondoren, Segatok proposamen bat egin zuen: emakumeen aurkako indarkeria komunikazio-sistema gisa aztertzea, zeinak Estatuaren zein paraestatuaren aldetik mugan nagusi direnen indarra eta inpunitatea erakusten baituen.
Genero-indarkeriari buruzkoak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Rita Segatok hiru ikerketa-ildo nagusi izan ditu bere ibilbidean: lehenik, genero-kontuak herrialde indigenetan eta Latinoamerikako komunitateetan; bigarrenik, genero-indarkeria; hirugarrenik eta azkenik, generoaren, arrazismoaren eta kolonialismoaren arteko harremana.[2]
Regatoren ustez, bizi dugun "jabetasun"-garai honetan ['época de dueñidad' terminoa erabiltzen du berak, gaztelaniaz] ezinbestekoa da "jabeen botereaz" ['poder de dueños'] hitz egitea. Gizonezkoek maskulinitatearen agindu bati jarraitzen diote, hots, ahalmen- edo indar-agindu bati; emakumeen gorputzaren bidez, beren indarra erakusten dute.[2]
Bestalde, ez du gogoko "emakumeen aurkako indarkeria" terminoa erabiltzea, nahiago du "genero-indarkeria" aipatzea. Izan ere, "generoaren kontzeptua aurkikuntza baliagarria izan zen gorputzak itzalen antzoki batetik gidatzen dituen egitura bati buruz hitz egiteko, eta, beraz, oso kategoria erabilgarria da".[4]
Regatoren iritziz, genero-indarkeriak dei-efektua dauka, kutsakorra da, eta ikuskizun bilaka daiteke.[4]
Bortxatzaileen berrerortzea dela-eta, honela mintzo da: "Ezinbestekoa da pentsatzea gizaki guztiek aldatzeko gaitasuna daukatela. Batzuetan oso zaila da. Horretarako baldintza jakin batzuk egon behar dira, gaur egungo gizartean ez daudenak".[2]
Liburuak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Santos e Daimones. O politeísmo afrobrasileiro e a tradição arquetipal (1995)
- Las Estructuras Elementales de la Violencia. Ensayos sobre género entre la antropología, el psicoanálisis y los Derechos Humanos (2003)
- La Escritura en el cuerpo de las mujeres asesinadas en Ciudad Juárez. Territorio, Soberanía y Crímenes de Segundo Estado (2006)
- La Nación y sus Otros (2007)
- L’Oedipe Noir (2014)
- Las nuevas formas de la guerra y el cuerpo de las mujeres (2014)
- La crítica de la colonialidad en ocho ensayos (2015)
- La Guerra contra las mujeres (2016)
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ a b Hirsch, Gesteira eta Soledad. Encuentro con Rita Segato. (Noiz kontsultatua: 2017-09-30).
- ↑ a b c d Carbajal, Mariana. Rita Segato, el caso Micaela y una mirada desde el feminismo sobre las violaciones. (Noiz kontsultatua: 2017-09-30).
- ↑ Segato, Rita Laura. La escritura en el cuerpo de las mujeres de Ciudad Juárez. (Noiz kontsultatua: 2017-09-30).
- ↑ a b [|Reguero, Patricia]. La masculinidad busca mostrar potencia, aunque sea monstruosa. (Noiz kontsultatua: 2017-09-30).