Robert Elsmere

Wikipedia, Entziklopedia askea
Robert Elsmere
Datuak
IdazleaMary Augusta Ward (en) Itzuli (1888. urtea)
Argitaratze-data1888
Jatorrizko izenburuaRobert Elsmere
Hizkuntzaingelesa
HerrialdeaIngalaterra

Robert Elsmere Mary Augusta Wardek idatzi eta 1888an argitaratutako eleberria da. Berehalako arrakasta izan zuen. Joxe Azurmendiren esanetan, eleberri ingelesa izanik, aukera ematen du protestantismoak eta modernitateak Europan eragin dituen oinarrizko pentsaera ezberdinak gogoan hartzeko[1].

Protagonista, Robert Elsmere, eliza anglikanoko elizgizon gazte bat da, historian zaletua. Liburutegian topatzen dituen lanen ondorioz bere zentzu kritikoa zorroztuz doa eta horrekin auzitan ipiniko du elizaren doktrina.

Elsmerek Oxforden Green filosofoa ezagutuko du (T. H. Green filosofoan oinarritutako pertsonaia). Honengandik jasoko ditu Elsmerek mirariei egindako kritika zerbait ulertezin gisa, baita Jainkoa zerbait immanente gisa ulertzea ere Schelling edo Hegelek egin moduan.

Era berean, Bibliaren kritika historiko alemanaren (Strauss) berri ere izango du eta kristautasuna fenomeno historiko gisa ulertzera iritsiko da, Bibliako lekukotasunen balio ezaz jabetzeraino. Erlijioak fenomeno historiko gisa ulertzeak, Elsmereren ustez, kristautasunaren pribilegioa galtzea ekarriko du, beste erlijioen arteko beste bat bihurtuz. Berak, orain, ez du erlijio partikular bateko elizgizona izaten jarraitu nahi.

Dena den, Elsmererentzat, Jesus Nazaretekoak garrantzitsua izaten jarraituko du Europako kulturaren oinarrian duen garrantziagatik. Elsmerek egin nahi duena da Jesusen bizitza garaiko bizitza modernoarekin nolabait adiskidetu. Bide horretan, “Kristoren Anaidi Berria” sortuko du eta Londreseko langile pobre eta erradikalenen artean arrakasta handia izango du. Elsmereren kredo berriaren arabera Jainkoan sinisten du; Kontzientzian sinisten du, ariman Jainkoaren lekukoa de heinean eta Esperientzian sinisten du, gizakiaren hezkuntzarako Jainkoaren tresna den heinean.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Azurmendi, Joxe (2009): Azken egunak Gandiagarekin, Donostia, Elkar. 297-302 or. ISBN 978-84-9783-734-7

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]