Romanov familiaren hilketa

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search

Romanov familiaren hilketa Romanov dinastiako kideen eta bere ingurukoen hilketa izan zen, 1918ko uztailaren 17an Jekaterinburgen.

Gertaerak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1918ko uztailaren 16ko gauean, Ekaterinburgen (Errusia), Armada Gorriak Nikolas II.a Errusiakoa tsarrari eta bere familia osoari jaikitzeko eta janzteko eskatu zien. Tsarraren aldeko Armada Zuria gertu zegoela-eta, lekualdatuko zituztela esan zieten. Sotora eraman zituzten, argazki baten aitzakian. Jakov Jurovskiren gizonak sartu ziren gero, baina ez zeramaten argazki kamerarik[1].

Jurovskik berak, errebolberra atera eta errusiarrek heriotzara kondenatu zutela esan zion tsarrari eta buruan jo zion tiroa. Ondorengo tiro sortan tsarina eta Olga alaba hil zituzten. Eta beste sorta batek gainerakoak hil zituen, ustez behintzat. Tiroen ostean, tsarraren alaba Anastasia eta Maria bizirik zeuden; biek harribitxiak josi zituzten kortseen barrualdean eta, ezustean, balen kontrako txalekoen lana bete zuten. Baionetaz eta kolpeka hil zituzten[1].

Hilketen ezagutza eta ikerketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hilketak ez ziren 1989ra arte jakin. Orduan eman zen argitara Jurovski txostena, Jurovskik berak buruzagi boltxebikeentzat idatzitako exekuzioaren deskribapena. Bi urte geroago, 1991n, tsarraren familiaren ustezko arrastoak hobitik atera eta aztertu zituzten. 1979an topatutako hobi komun batean zeuden. Ikerketen emaitzen arabera, Nikolas II.a Errusiakoaren familiako kideak ziren, baina bi falta ziren: Alexei oinordekoa eta Maria[1].

2007ko abuztuan, txostenak emandako xehetasunei esker, arrasto berriak topatu zituzten eta AEBetan egindako DNA frogek baieztatu berri dute Alexeiren eta Mariaren arrastoak direla. Beraz, uztaileko gau hartan Tsarraren familia guzti-guztia hil zuten[1].

Jurovskiren pelotoiko kideek gorpuak azido sulfurikoz busti zituzten, gero granada batez leherrarazi eta, azkenik, banandu egin zituzten. Neurri horiekin, hilobiak tsarraren aldekoen kultu-toki bilaka zitezen saihestu nahi zuten boltxebikeek[1].

Hala ere ez zen horrelakorik gertatu. Gorpurik eta, beraz, frogarik ezean, legenda gero eta gehiago gizentzen hasi zen. Tsarraren ustezko seme-alabak dozenaka azaldu ziren. Horien artean izarra Anastasia izan zen. Izarra, 1997an animaziozko musikal baten protagonista izateraino[1].

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b c d e f Nagore Irazustabarrena, «Akabo 90 urteko misterioa», Argia, 2008-06-29, CC-BY-SA lizentzia