Safo

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Safo
Safo
Safo eta Alzeo, K. a. 470 aldean
Datu pertsonalak
Jatorrizko izena Σαπφώ / Psappho
Jaio K. a. 630-612 bitartean
(Lesbos)
Hil K. a. 570 aldean


Safo (antzinako grezieraz: Σαπφώ, Psappho; Lesbos, K. a. 630-612 bitartean - K. a. 570 aldean) greziar olerkaria izan zen. Saforen poesian sentimenduak dira osagai nagusiak, eta maitasuna eta edertasuna dira lantzen dituen gai ia bakarrak. Haren artea iluna, eta batez ere, egiazalea da. Bere lanetan ez dago ia deskripziorik; txoriak, loreak edo ilargia aipatzea nahikoa da giro poetikoa sortzeko. Safo homosexuala omen zen -neskei eskainiak dira maitasunezko poemak-; hala, Lesbosetik dator lesbiana hitza.

Bizitza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gauza gutxi dakigu Saforen bizitzari buruz, zeinaren 650 bertso bakarrik gordetzen diren. Asia Txikiko itsasbazterraren ondoko Lesbos uhartean sortu zen, K. a. 620 aldean, eskualdean kultura loraldi handia izan zen garaian. Jaiotiria Mitilene edo Eresos izan zitekeela uste da[1]. Familia aristokrata bateko alaba zen, eta uharteko politikagintzan parte hartu zuen. Politika gorabeherak zirela eta, Siziliara erbesteratu zuten K. a. 593an. Lesbosa itzuli zenean dantza, musika eta gimnasia ere irakasten zen literatura eskola bat sortu zuen, Musen Zerbitzarien Etxea izenekoa, neskez osatua. Han, besteak beste, poesia errezitatzen, abesten eta lorezko koroak eta zintzilikariak egiten ikasten zuten. Neska haietako batzuekin zituen harremanak nabariak dira bere bertsoetan, eta eskandalugarriak gertatu ziren antzinatean. Hala, Lesbosetik dator lesbiana hitza homosexualitate femeninoa izendatzeko. Beti ere, amodioko kontu hauek Saforen bizitzari buruzko zurrumurruak, berri faltsuak eta esamesak sorrarazi zituzten.

Safo Leukadan, Gustave Moreauren margoa

Berak idatzitako poema batetik, Safo eta Faonen elezaharra sortu zen: Faon Lesbosko mutil eder bat zen, Afrodita jainkosa bera maitemindu zuena. Safo ere liluraturik gelditu zen gazte haren edertasunarekin, eta behin eta berriz saiatu zen hura bereganatzen. Arrakastarik izan ez zuenez gero, Leukadako itsasmuinora igo eta bere burua itsasora bota zuen[2]. Ovidiok, latindar poetak, ezagutzera eman zuen elezahar hau. XIX. mendeko margolariek ere, zabaldu zuten Saforen irudi erromantiko eta alegiazko hori, ile luzearekin eta harkaitzean bermatua.

Olerkigintza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Saforen poemak aintzat hartuak izan ziren antzinatean, eta poeta askorentzako inspirazio iturria izan ziren. K. a. V. mendeko Atenasen ezagutu eta errezitatzen ziren. Antzinako Erroman ere, ospe handia izan zuten; besteak beste, Katulo, Horazio eta Ovidiok itzuli zituzten, eta poetaren bustoak zeuden (Zizeronek Gaio Verres, Siziliako gobernari ustela, Saforen busto bat lapurtzeaz akusatu zuen[3]).

Bederatzi liburuki idatzi zituen, oda, epitalamio eta eztei-kantuz —ezkongaien lagunek ezteietan bat-batean asmatzen zituzten kantuen egokitzapenak— osatuak, baina zati batzuk besterik ez dira gureganaino iritsi. Aipagarriena Afroditari eskainitako oda da, osorik iraun duena[4]. Eoliera deitutako dialekto grekoan idazten zuen. Molde metriko bat ere asmatu zuen: estrofa safikoa. Saforen gairik gogokoena maite grina da. Bere poemetan era askean hitz egiten du amodioaz, apaindurarik gabe, gizakiaz nagusitzen den indar irrazional bat bezala, eta forma ezberdinaz (jeloskortasuna edo desira) agertzen dena. Greziar poesia arkaikoan ez-ohikoa den zinezkotasunarekin idazten du, irakurlearekin bat egitea lortuz.

2004. urtean, K. a. III. mendeko papiro batzuetan aurkitutako Saforen bi poema argitaratu ziren. Artean ezezagunak ziren olerki hauetako batean, Safo denboraren joanaz kexatzen da, zahartasunak bere gorputzean utzi dituen ondorioak deskribatuz. Titonoren mitoa erabiliz, gazte irautea ez hiltzea baino funtsezkoagoa dela azaltzen du. Titono, hilezkorra eta beti gaztea zen Auroraz maitemindu zen. Orduan, jainkoei hilezkor bihurtzeko eskatu zien, baina betirako gaztetasuna eskatzea ahaztu zitzaion. Horren ondorioz, Titono betirako zaharra da, hilkezkorra den arren, beti zahartuz joaten da. Safori antzeko zerbait gertatzen zaio: bera gero eta zaharragoa den bitartean, haren ikasleek beti adin bera dute. Hori dela eta, Titonorekin bat egiten du[5].

2014an Dirk Obbink papirologoak Saforen beste bi olerki berri argitaratu zituen, Anaien poema eta Kyprisen poema, Oxirrinkoko Papiroetan atzemandakoak[6].

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1.   Sappho, Poetryfoundation.org, http://www.poetryfoundation.org/bio/sappho .
  2.   Squiripa, Anabella, La leyenda de Faón y Safo, Sobregrecia.com, http://sobregrecia.com/2009/12/29/la-leyenda-de-faon-y-safo/ .
  3.   Rosenmeyer, Patricia A., From Syracuse to Rome: The Travails of Silanion's Sappho, Transactions of the American Philological Association, Volume 137, Number 2, Autumn 2007, muse.jhu.edu, https://muse.jhu.edu/login?auth=0&type=summary&url=/journals/transactions_of_the_american_philological_association/v137/137.2rosenmeyer.pdf .
  4.   Safo, El poder de la palabra, epdlp.com, http://www.epdlp.com/escritor.php?id=3219 .
  5.   Santamaría, Marco Antonio, La suerte de Titono. En torno al nuevo poema de Safo sobre la vejez, Mvnvs Qvaesitvm Meritis. Homenaje a Carmen Codoñer, Acta Salmaticensia, academia.edu, http://www.academia.edu/1006345/La_suerte_de_Titono._En_torno_al_nuevo_poema_de_Safo_sobre_la_vejez .
  6.   Romm, James, Scholars Discover New Poems from Ancient Greek Poetess Sappho, Mvnvs Qvaesitvm Meritis. Homenaje a Carmen Codoñer, The Daily Beast, thedailybeast.com, http://www.thedailybeast.com/articles/2014/01/28/scholars-discover-new-poems-from-ancient-greek-poetess-sappho.html .

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Safo Aldatu lotura Wikidatan