Afrodita

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Afrodita sarri irudikatu da mendebaldeko artean.

Afrodita[1] (grezieraz Ἀφροδίτη) maitasunaren eta edertasunaren jainkosa zen antzinako greziar mitologian, Venus erromatarraren parekoa. Hesiodo poeta greziarraren arabera, Uranoren odolak ernalduriko itsas uhinen aparretik sortua. Kronos, Uranoren semeak, aitaren genitalak moztu eta itsasora bota zituen, eta aphros edo itsasotik Afrodita sortu zen.

Jatorriz ekialdekoa, semitarren Astarterekin eta Hathor egiptoarrarekin zenbait ezaugarri kideko agertzen ditu[2]. Gizakiei eta abereei ugalketarako sena ematen die, baina aldi berean grina bortitzak sortzen ditu.

Zeusen eta Dioneren alaba edo, Hesiodoren arabera, Hefestoren emazte iruzurtia. Arerengandik Harmonia eta Eros izan zituen; Priapo Dionisorengandik, eta Hermafrodito Hermesekin elkartu ondoren. Adonisekin amodio gartsua bizi izan zuen eta bere amaordea ere izan zen. Ankises troiar hilkorrarekin Eneas izan zuen. Troiako Gerraren hasieran ageri da eta Parisi laguntzen dio Helenaren bahiketan. Tenplu ugari eskaini zitzaizkion. Hain ederra zenez, beste jainkoek beldur ziren haien arteko bakea ez ote zuen hautsiko, eta horregatik Zeusek Hefestorekin ezkondu zuen, hura ez baitzen arriskutsutzat hartzen. Hala ere, Afrodita Eros eta Psike arteko amodioaren sorreran inplikatuta egon zen.

Poeta eta eskultoreentzat inspirazio iturburu oparoa izan da beti: Safo, Kalimako, Lisipo, Praxiteles, Eskopas. Ekialdeko artean biluzik zein jantzita agertzen da, eskuak bularretan estuturik edo altzoan dituela. Greziako artean, K.a. IV. mendetik aurrera batez ere, amodioaren eta edertasunaren jainkosa honen irudi ezin ederragoak egin zituzten. Erdi biluzik edo guztiz biluzik irudikatzen zuten. Ezagunak dira Kalimakoren Afrodita genitrix, Praxitelesena, Cnidokoa eta Lisiporen Afrodita Medicis deitua.

Afroditari eransten zitzaizkion beste izen batzuk Kypris' (Zipreko andrea) eta Cytherea ziren, bere jaioterritzat hartzen ziren Zipre eta Zitera tokien ohorez.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Euskaltzaindiaren 82. araua: Grezia eta Erromako pertsonaia mitologikoak
  2. "Isis in the ancient world", Reginald Eldred Witt, p125, JHU Press, 1997 ISBN 0-8018-5642-6

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Afrodita Aldatu lotura Wikidatan


Mitologia Artikulu hau mitologiari buruzko zirriborroa da. Wikipedia lagun dezakezu edukia osatuz.