San Joan Bataiatzailearen eliza (Hernani)

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search
San Joan Bataiatzailearen eliza
Hernani Gudarien Plaza 2007-05-27.JPG
Elizaren fatxada nagusia eta dorrea (eskuinean), Hernaniko udaletxeari atxikia.
Kokapena
kokapenmapa
Koordenatuak 43° 15′ 56″ N, 1° 58′ 34″ W / 43.2655°N,1.97609983°W / 43.2655; -1.97609983Koordenatuak: 43° 15′ 56″ N, 1° 58′ 34″ W / 43.2655°N,1.97609983°W / 43.2655; -1.97609983
Arkitektura

San Joan Bataiatzailearen eliza Hernaniko parroki-eliza da. Fatxada nagusia Hernaniko udaletxeari atxikia dago eta biek Gudarien plazaren ertz bat osatzen dute. XVI. mendean eraikia, euskal gotikoan.

Fatxada nagusiko sarrera barrokoa da, hareharrizkoa. Ate gainean, zurezko San Joan Bataiatzailearen irudi bat dago, bildotsa eskuetan duela.

Erretaula nagusia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

XVII. mendearen erdialdean (1651-1656) egindako erretaula klasizista da. Kutxatilategi egiturakoa da eta buruhormari egokitutako zortzialdeko oinplanoa du. Predela, bi gorputz eta burua ditu, eta antolaketa honakoa da: hiru kale eta lau kalearte. Predelan, marko laukizuzena duten tronadurak ditu, kaleetan, kalearteetan eta lehenengo gorputzeko zutabeen basamentuen gainean. Erretaularen alboko kaleetan eta buruan, erliebeak dituzten enkasamenduak daude eta gainontzeko parteetan mukuludun hormakonkak daude. Erdiko kaleko hormakonkek, goiko partean, erdi-puntuko arkua dute. Erdiko kalearen eta kalearteen alboetan dauden zutabeen fusteak sogeatuak eta entortxatuak dira. Frisoak, erlaitzak eta enkasamenduen markoak goitik behera apaintzen dituzte.

Lehenengo gorputzean predela moduko zokaloa dauka. Predelan marko laukizuzenak dituzten erliebeak daude. Buruko gorputzean landare-motiboez apainduriko zokaloa du. Goiko gorputz horretan, erdiko kalearen gainean frontoi kurbatua dago. Alboko kaleek, berriz, frontoi ebakia dute. Muturreko alboetako kalearteetan mukulu askeak daude. Kalearte horietako errematean eskulturak daude apaingarri. Barruko kalearteetako goiko partean haur aingeruak ikus daitezke.

Sagrarioa lehenengo gorputzean dago, hormakonkaren azpian. Sagrarioak tenplete-tabernakulu forma du, fusteko zutabeak eta goiko partean kupula dituena. Altzari horrek apaingarri ugari ditu, hala nola loroiak, kukuluak eta galloiak. Ez dauka taila asko baina, taila horietan ikus daitekeen motibo aniztasunagatik, estilo barrokoaren hastapena antzeman daiteke.

Altzaria handia izanik, ikonografia ere zabala da. Predelan Kristoren bizitzaren hainbat pasarte ikus daiteke, bai eta santu batzuk eta Bertuteak ere. Lehenengo gorputzean, ebanjelioaren esparruan, "Deikundea"ren erliebea dago. Gutunen esparruan "Ikustaldiaren" pasartea ikus daiteke. Erdiko kalean Sortzez Garbiaren eskultura dago. Kalearteetan San Petri, San Paulo, San Andres eta Santiago daude. Bigarren gorputzean, erdiko kalean, San Joan Bataiatzailearen taila dago. Erliebeetan, "Kristoren bataioa" eta "San Joan Bataiatzailearen lepamoztea" pasarteak ikus daitezke. Kalearteetan apostoluen eskulturak daude. Buruan honako bikoteak daude: San Lorenzo eta San Esteban, eta Santo Domingo eta San Frantzisko Asiskoa. Erdiko kalean "Jaunaren Antzaldaketa" gaiaren inguruko pasartea dago. Polikromia erretaula bera baino geroago egin zen, XVIII. mendearen erdialdean.

Hernaniko erretaula hau garai hartan ondo ezaguna izan zen Bernabe Cordero maisuaren lan bikainetako bat da. Bere apaingarri aberatsak kontuan izanik, lan aitzindaria kontsideratu da erretaula, geroan zabalduko zen estilo barrokoko erretaulen aitzindaria hain zuzen.

Ikus gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena:
Euskal Wikiatlasa