San Martzialgo gudua (1813)

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search
Artikulu hau Iberiar Penintsulako Gerrako guduari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «San Martzialgo gudua».
San Martzialgo gudua
Espainiako Independentzia Gerra
Data 1813ko abuztuaren 31a
Lekua San Martzial mendia, Irun  Gipuzkoa
43° 19′ 40″ N, 1° 45′ 41″ W / 43.32778°N,1.76139°W / 43.32778; -1.76139
Koordenatuak 43° 19′ 40″ N, 1° 45′ 41″ W / 43.327777777778°N,1.7613888888889°W / 43.327777777778; -1.7613888888889Koordenatuak: 43° 19′ 40″ N, 1° 45′ 41″ W / 43.327777777778°N,1.7613888888889°W / 43.327777777778; -1.7613888888889
Emaitza Espainiarren garaipena
Gudulariak
Bandera de Francia. Frantziako Lehen Inperioa Flag of Spain (1785–1873, 1875–1931).svg Espainiako erresuma
Buruzagiak
Soult mariskala Freire jenerala
Mendizabal jenerala
Indarra
18.000–55.000[1] 16.000
Galerak
4.000 erori edo zauritu[2] 2.500 erori edo zauritu[2]

San Martzialgo gudua Espainiako Independentzia Gerra garaian gertatu zen gudua izan zen, 1813ko abuztuaren 31an, hain zuzen ere. Bertan, Freire jeneralak zuzendutako Laugarren Armada Espainiarrak (Galiziako Armada ere deituak) mendean hartu zuen Soultek zuzendutako armada frantsesa.[3]

Aurrekariak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Wellington, Gasteizko guduan garaipena lortu ondoren, Donostiara hurbildu eta frantziarren eskuetan zen hiria setiatu zuen 1813ko uztailean. Aldi berean, napoleondar armadak ekialderantz jo zuen berrantolatzeko eta Gasteizen izandako zaurituak senda zitezen. Bai Donostia, bai Iruñea, Wellingtonen indarren hegalean (saihetsetan) geratu ziren, Frantziarako sarbideak babesten eta, horrexegatik, Ipar Euskal Herrian sartu baino lehen konkistatu behar zituzten. Donostiari setioa jartzear zela, Wellington konturatu zen Rey jeneralak zuzendutako frantziar garnizioa ondo gotortuta zegoela, eta britainiarrek galera handiak tartean izan zituzten:uztailaren 21eko erasoaldian 600 hildako jasan zituzten.[4] Wellingtonek, bere kanpaina birmoldatu baino lehen, jakin zuen Soultek bere indarrak berrantolatu zituela, eta ekialdean zegoela. Hori zela eta, aliatuek setioa utzi eta frantses mariskala erasotzeari ekin zioten.

Wellingtonek Pirinioetako guduan Soult borrokatzen zuen bitartean, Graham jeneralak Donostiako blokeoa mantendu zuen, eta abuztuaren 26an berriro setiatzeko prestatu zen. Horretarako, gotorleku arinen bigarren lerroa eraiki zuen Soulten erasoez babesteko, Bidasoan lehendabiziko lerroa eraikitzen ari ziren bitartean. Beran, Lesakan eta, batez ere, Irunen zeuden anglo-portugaldar dibisioak sendotzeko, San Martzial mendian kokatu zituzten espainiar 4. Armadan zeuden 3., 5. eta 7. dibisioak eta 4. dibisioaren brigada bi, Freire jeneralaren zuzendaritzapean.

Lau aste hiribildua mendean hartzen saiatu ondoren, Soultek Donostia atzemateko erasoaldia hasi zuen, Ainhoan bederatzi dibisio bilduz. Frantziarrak, ezta espainiarrak ere, ez zeuden bere onenean: frantsesak adorea galduta zebiltzan egindako erretretengatik, eta Freireren gudarosteak gaizki hornituta zeuden, hainbat egunez beren anoa osoa eskuratu gabe.[5] Beren atzealdean, armada aliatuak Donostian borrokaldi odoltsuak izaten ari zen, abuztuaren 31n 2.376 erori izanik.[6]

Gudua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Frantziar plana erraza zen oso: hiru dibisiok San Martzial erasotu behar zuten, beste lauak Bera aldera joan eta espainiarrak Irunen hartu. Handik Oiartzunera joango ziratekeen Donostiako goarnizioa babesteko.

Goizeko laino aprobetxatuz, zazpi dibisioak abuztuaren 31n Bidasoaraino joan ziren bere artilleriaren suak lagunduak. Aliatuek Beran eta Irunen zituzten kokaguneak ustekabean harrapatu eta gainditu zituzten baina Freireri abisatzeko aukera izan zutenez, honek mendian lerro bat osatu zuen bere gudarosteekin. Inguru menditsu hartan zutabe inperialek ordena galdu eta Freireren lerroraino ailegatzean nahaspilatuta zeuden[7]. Laugarren espainiar ejertzitoa edo Galiziakoak, bere herria askatu ez ezik Gaztelan ere borrokatu zuena, tiro egin ondoren baionetaz bota zituen maldan behera Soulten soldaduak.

Soultek gau erdian lerroak berrantolatu eta tropa berriak ekarri zituen bigarren erasoaldia egiteko. Hala ere, espainiar lerroa zutik iraun eta berriro erasoaldia atzera bota zuen. Bidasoan ezin eta Soultek Irun aldera erretiratzeko agindua eman zuen. Donostia egun hartan bertan erori eta anglo-portugaldar armadak erre eta arpilatu zuen hiriburua[8][9]. Soult Lapurdira joan zen.

Ondorioak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

San Martzialgo gudua latza izan zen oso. Zaurituak eta hildakoak 1.658 izan ziren espainiar armadan, frantziar armadan are gehiago. Anglo-portugaldar armadak, berriz, ia ez zuen hildakorik izan borrokan gutxi parte hartu zuelako. Gudua eta gero, frantziarrak Hego Euskal Herritik atera ziren, eta Soult-ek "berriro ez zituen izandako abilezia eta arreta erakutsiko borrokan"[10].

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Gates, David (2002) The Spanish Ulcer: A History of the Peninsular War Pimlico 523 or. ISBN 0712697306.
  2. a b Gates, David (2002) The Spanish Ulcer: A History of the Peninsular War Pimlico 428 or. ISBN 0712697306.
  3. Smith, Digby (1998) The Napoleonic Wars Data Book Greenhill ISBN 1-85367-276-9.
  4. Gates, David (2002) The Spanish Ulcer: A History of the Peninsular War Pimlico 395 or. ISBN 0712697306.
  5. Glover, Michael (2001) The Peninsular War 1807-1814 Penguin 263 or. ISBN 0-141-39041-7.
  6. Glover, Michael (2001) The Peninsular War 1807-1814 Penguin 262 or. ISBN 0-141-39041-7.
  7. Gates, David (2002) The Spanish Ulcer: A History of the Peninsular War Pimlico 427 or. ISBN 0712697306.
  8. «El incendio de San Sebastián, en cartas» El Diario Vasco 2008ko maiatzaren 25.
  9. El holocausto de San Sebastián en 1813
  10. Gates, David (2002) The Spanish Ulcer: A History of the Peninsular War Pimlico 429 or. ISBN 0712697306.