Santa Agataren koplak

Artikulu hau "Kalitatezko 2.000 artikulu 12-16 urteko ikasleentzat" proiektuaren parte da
Wikipedia, Entziklopedia askea
Santa Agateko koplak» orritik birbideratua)

Santa Agateko koplak Otsailaren 4ko Santa Agata bezperan eta Santa Agata egunean bertan ere abesten diren koplak dira. Egun horretan ohitura da etxerik etxe, atariz atari, baserriz baserri, koplak abesten joatea, makilarekin lurra kolpatuz erritmoa jarraitzen den bitartean. Ohikoa da santa eskearen ohitura ere. Garai batean soldaduska egitera joan behar zutenek atez ate koplak kantatzen zituzten dirua biltzeko, Leintz Bailaran esate baterako[1].

Doinua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Santa Agedan
Santa Ageda eta kintoak Eskoriatzan

Euskal Herri osoan ezaguna da Santa Agataren doinua, koplak diren arren bertso gisa kantatzen dena. Labayru ikastegiak egindako bilketa lanari esker Santa Agedako eta inauteri garaiko abestiak diskoan jaso zituen Amaia Zubiriak 1998.urtean. Ataunen Santa Ageda bezperan abesten zuten "Alabatua Bedeinkatua" kantua berreskuratu zuten.[2]

Hitzak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Etxekoak agurtu ondoren Agata Cataniakoaren bizitzaren pasarteak kantatzen dira[3][4].

Berezko testua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

«

1. Zorion, etxe hontako denoi!
Oles egitera gatoz,
aterik ate ohitura zaharra
aurten berritzeko asmoz.
Ez gaude oso aberats diruz,
ezta ere oinetakoz.
Baina eztarriz sano gabiltza,
ta kanta nahi degu gogoz.

2. Santa Ageda bezpera degu
Euskal Herriko eguna,
etxe guztiak kantuz pozteko
aukeratu deguna.
Santa maitea gaur hartu degu
gure bideko laguna.
Haren laguntzaz bete gentzake
egun hontako jarduna.

3. Siziliako ugarte ederrak
emana digu lorea.
Han jaio baitzan gure Ageda,
zorioneko gaztea.
Txikitatikan gogoz hartu zun
Jesukristoren legea.
Maitasun honek ekarri zion
bihotzeko poz betea.

4. Edertasunez jaunak apaindu
zuan Ageda gaztetan.
Haren begiak izar bi ziran,
aurpegi gozo haretan.
Gizon gaiztoen grina zitalak
esna zitzakeen benetan.
Laister izutu zan Kintziano
Agedaren ederretan.

5. Agedak bere maite bakarra
Jesus aukeratu zuan.
Horregatikan beste maiterik
ez zan harentzat munduan.
Kintzianoren eske guztiak
arrez baztertu zituan.
Baina agintarik gaizto harek
kristautzat salatu zuan.

6. Emakume gaizto baten mende,
sartu zuten giltzapean,
Agedaren bihotz garbi hura
zikin ote zezakean.
Alperrik baina ahalegindu zan
andra lizuna lanean.
Honek esanak ez ziran sartu
Agedaren bihotzean.

7. Amorru biziz oinutsik jarri
dute Ageda zintzoa,
txingar gorien gainean gero
ibilarazi gaixoa.
Ondoren, bular bat ebakita,
uzten dute urratua.
Baina Jainkuak bihurtu zion
gau hartan bular mindua.

8. Alperrik gizon gaiztoak zuten
oinazez erdi hilik utzi.
Jesukristoren maitasun hartan
ez zuzna inola etsi.
Otoi gozotan gogoa isuriz
mundu hontatik ihesi,
zeruateko zori ederra
betiko zun irabazi.

»

Pasarte gehigarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erein argitaletxeak 2000 urtean argitaraturiko hitzak[5]:

«

ALKATE JAUNARI
Alkate jauna, legean gatoz
baimen eskean atera,
kanta zaharrak galdu ez ditezen
lehengo ohitura piztera.
Guraso zaharren legean pozik
goaz danok kantatzera.
Santa Agedak ekarri gaitu
berorren etxe aurrera.

ETXEKO JAUNARI
Mendi tontorrak elurrez zuri,
atai aldean laiotza.
Etxe hontako nagusi jaunak,
urrezkoa du bihotza.
Santa Agedak kendu digu gaur
eskean hasteko lotsa,
dirurik ez bada, berdin zaigu
gizendutako bildotsa.

BIKARIO JAUNARI
Apaizburu jaunaren atean
jo nahi degu gaur aurrena,
Jaungoikoaren ordezkoari
gure agurrik onena.
Zeruko Jaunak argitu beza
berorren jardun zuzena,
zeru goietan izan dezagun
guztiok gure azkena.

ETXEKO ANDREARI
Zelai erdian loreak argi,
larroz, krabelin ta lili.
Etxe hontako etxekoandreak
Ama Birjiña dirudi.
Etxe hontako urdaiazpiko
asko, kakotik zintzilik,
ta lukainka gorriak ugari
poltsa betetzeko guri.

SENAR-EMAZTE GAZTEEI
Itzal berria zabaldu digu
atai aurreko intxaurrak,
habe berriak sendotu ditu
etxeko sakape zaharrak.
Senar-emazte gazteak neurtu
dituzte beren indarrak:
Arto ta gariz beteko dira
aurten mandio baztarrak.

ETXEKO ALABARI
1. Mutil gazteak atean gera
non dago etxeko larrosa?
Atera bedi azkar leihora
begiak ditzagun goza.
Eguzki berak ikusi nahi du
horren aurpegi panpoxa.
Nere emazte izan nahi balu
betea nuke nik poza.

2. Mutil taldea hementxe gaude,
danok gazteak eta gai,
mundu guztia igaro degu,
itsas, lehor, mendi, zelai.
Neskatx ederrak utzi ditugu
negar malkotan gure zai.
Baina guk neska danen artean,
hemengotxe alaba nahi.

ETXEKO SEMEARI
Tantai luzeak gerria zuzen
darama zeru aldera,
etxe hontako seme jatorrak
badu maitale aukera.
Alaba gazte asko dabiltza
zugatik bihotz minbera,
mutilzahartuta bizi izateko
Jaunak egina ez zera.

ETXEKO HAURREI
Gau ederrean ilargi inguru,
izarrak zeru urdinean,
sukalde hortan amaren albo
haur ederrak jolasean.
Zerua hustu zaigu aingeruz,
horiek hemen jaiotzean
zeruko jaunak gordeko ditu
gizon egin bitartean.

DENDETAN
Eskean gatoz, baina ez gera
ez ijito ta ez praile,
Santa Agedak atera gaitu
kaletara kantatzaile.
Denda honetan kajoitxo asko,
danak giltza ta zerraile,
estraperloko kajoitik bota
peseta pare bat mile.

TABERNETAN
1. Aspaldi hontan ura garesti
dabil esne ta ardotan,
mahats gutxi izan arren, ardorik
ez da palta tabernetan.
Jesusek ura ardotu bazun
Kanaango eztaietan,
orain ikasle azkarrak sortu
zaizkio ardangeletan.

2. Ura gustatzen zaigu eskuak
ta aurpegia garbitzeko,
baina napar beltza behar degu,
eztarria bustitzeko.
Txanpaina ere edango genuke,
norbait balitz emateko.
Pattarra ez da gaizki etortzen
bizkarreko hotza kentzeko.

»

Bertsio berriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2016an Maialen Lujanbiok Euskadi Irratiko 'Faktoria' saioan Beti Bezperako Koplak 'Santa Ageda' kopla berezia bota zuen. Genero-indarkeriaren salaketa gordina egin zuen. Bertsoz bertso, indarkeria matxistaren agerpen ezberdinak salatu, bai eta hura gainditzeko ezintasuna ere. Gero hogei artista gaztek sortze-lan kolektibo batean animazio teknika ezberdinak erabiliz Lujanbioren gogoeta osatu zuten:[6][7][8]

Santa Ageda eguna

beti bezpera deguna

ohitura batzuei ez zaie inoiz

iristen biharamuna.


Ezetza jaso zun arrak

gizonak, Jainko lurtarrak

ta Ageda gure martiriari

moztu zizkion bularrak.


Aterik ate kantari gatoz

makil ta ahots ozen gu

etxe hontako nagusi jaunak

etxekoandrea jotzen du.


Kolpe ta kolpe aldaba

hotsa mututuz ahal bada

baserri hontako osaba zaharrak

erabiltzen du alaba.


Kalean jator ziharo

etxean dena birao

senar onaren labanak zeuzkan

odol gorrizko bi aho.


Leihotik bota du haurra

kolpez hausten da intxaurra

boterea ez da hainbeste aldatu

hogei mendetatik gaurra.


Aurrera goaz dena aldatzen da

denbora pasa heinean

dena aldatzen da aldatzen ez den

oinarri baten gainean.


Beste zulo bat kiroldegian

aldagela ohi den gizondegian.

Zulo bat berriz kiroldegian

aldagela bat den andrategian.

Begi nini bat zulo erdian

iltze zorrotz baten punta begian.


Labana zorrotz aortan

karraxi min bat ahotan

zuhaitzak gizon bihurtzen dira

pasadizo itzal hortan.


Talde erasoan hiena

pizti bakarrak nahiena

territorioa markatu nahia

Koloniako haiena.


Kalashnikov, bonba, makil...

bizitza merkeegi dabil

gerran gizonak hiltzen dituzte

andreak bortxatu ta hil.


Atseden bat eskopetak

botak kendu ta apretak

neska gazte bat mereziko du

gudariaren apetak.


"Adios" orain esaten diot

santa honekin batean

beti bezperan bizi gaitezen

zorionez ta pakean.

Ageda pagano eta feminista (2020, Bilbo)
Oles ta Oles (2020, Bilbo)

Bilboko La Kora abesbatza feministak 2020ko Agate Deuna bezperan Bilboko kaleetan barna koplak abestu zituzten, Ageda bezpera pagano eta feminista aldarrikatuz. Hau izan zen haien adierazpena:[9]

"Santa Ageda bezpera honetan, Kora-ko emakumeak ere gure makilekin kalera ateratzen gara abestera, kontzientziak astintzera, tradizio bat berrikustera, zeinaren jatorria, izatez, aldareetara igotako indarkeria matxistaren eta zapalkuntzaren historia den.

Esanahi ezberdina berreskuratu nahi dugu, lehenagokoa, kristautasunaren aurretik ere Euskal Herrian errito eta jai paganoak ospatzen ziren eta. Neguaren erdialdean, otsailean, jendea kantatzera irteten zen eta makilekin lurra jotzen zuten erritmikoki, Ama Lurra esnatzeko neguko solstizioaren ondoren.

Gaur, guk gure bularrak betez abesten dugu eta Agedaren tortura salatzen dugu. Haren oroimenez abesten dugu eta gure makilekin sinbolikoki kontzientziak astintzen ditugu. Beragatik, gugatik eta isilarazitako emakume guztiengatik abesten dugu eta ironiaz eta lotsagabekeriaz egiten dugu, geure hitzekin, gure askatasun eta bizitza nahiak airera botaz."

Iruditeria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Aretxabaletako aurreskua - Auñamendi Eusko Entziklopedia. (Noiz kontsultatua: 2018-02-02).
  2. «Amaia Zubiria: tradiziozale ez naiz baina edertasunzale bai» EITB Euskal Irrati Telebista 2021-02-04 (Noiz kontsultatua: 2021-04-09).
  3. Ohitura zaharra berritzeko asmoz. (Noiz kontsultatua: 2018-02-02).
  4. Santa Ageda. (Noiz kontsultatua: 2018-02-02).
  5. Euskal kantutegia - Eusko Ikaskuntza. (Noiz kontsultatua: 2018-02-02).
  6. «Maialen Lujanbioren 'Beti-bezperako koplak', arrakastatsu» EITB Euskal Irrati Telebista (Noiz kontsultatua: 2021-04-09).
  7. «Beti bezperako koplak» Argia (Noiz kontsultatua: 2021-04-09).
  8. «'Beti-bezperako koplak', Maialen Lujanbiok Faktoria irratsaioan» sustatu.eus (Noiz kontsultatua: 2021-04-09).
  9. Makeip. (2020-02-09). Euskara: Abesbatzaren adierazpena 2020ko Ageda bezperanEspañol: Comunicado del coro feminista en víspera de Santa Ágeda 2020. (Noiz kontsultatua: 2021-04-09).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]