Edukira joan

Santa Agata jaia

Wikipedia, Entziklopedia askea
Santa Agedako abestien bilduma.
Santa Agatako gaua Donostiako Ibaetan.

Santa Agata jaia edo Dona Agata jaia,[1][2] euskalkietan Santa Ageda bezpera, Agate Deuna jaia, Santa Ageda eskea eta Santa Ageda batzea izenez ere ezaguna, Euskal Herrian eta Europako hainbat tokitan ospatzen den jai herrikoi tradizionala da, Agata Cataniakoaren omenez otsailaren 5ean eta bezperan ospatzen dena, egun horretan Eliza Katolikoaren santutegiko santu haren omenezko eguna da.

Euskal Herriko herri askotan, ohitura da egun horretan edo bezperako egunean herrietan kopla zaharrak kantatzea makilekin lurra joaz erritmoa markatzeko, diru edo janari eskean, jantzi tradizionalekin eta kriseilua lagun. Koplako bertsoak koblakari bakar batek abesten ditu maiz, eta taldeak leloa. Antzina, mutil gazteak soilik ibil zitezkeen Santa Agata eskean, baina XX. mendeko azken hamarkadez geroztik emakumeek eta adin talde guztietakoek ere parte har dezakete.[3]

Garai batean, urte horretan soldaduskara joan behar zuten mutil gazte edo kintoen bilerak ere egiten ziren egun horretan, eskean betiere; herri batzuetan, Eskoriatzan tradizio handiz, adin bereko gazteak biltzen dira ospakizun horri jarraipena emateko.[4]

Ospakizunaren jatorria

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Agata Catanian, Sizilian, jaio zen 235. urtean. Tradizioak dioenez, Quinciano gobernadoreak berarekin ezkondu arteko onik ez omen zuen, baina Agatak nahi ez, eta Quincianok, mendeku gisa, espetxeratu zuen. Bularrak moztu eta hil arteko torturak sufritu izan zituen. Handik gerora, Eliza Katolikoak saindu izendatu eta otsailaren 5a aukeratu zuen bera omentzeko.

Hala ere, badirudi ospakizunak bere sustraiak kristautasuna zabaldu aurreko garaietan dauzkala. Aditu batzuen iritziz, Agataren inguruko festek zerikusi handia dute inauteriekin, inauste edo kimatze garaiko erritoekin.[5] Neguko solstizioaren ondoren, eguna luzatzen hasten denean, zuhaitz adarrak kimu berritzen hasten dira eta orduantxe izaten da zuhaitz adarrak kimatu edo inausteko garaia. Hala, naturaren esnatzea ospakizun bihurturik, mutilak kopla kantari ibiltzen ziren etxerik etxe janari eske; eta, ondoren, bildutakoarekin, mutil eta neska guztiek batera afaltzen zuten.

Santa Agata askotan abere gisa irudikatzen da: ahuntz edo katu itxurarekin. Ablitasen, uste zuten Santa Agata bezperako gauean banatzen zirela hurrengo urtebeterako ekaitzak.[6] Kristautasuna Euskal Herrira zabaldu zenean, beste askorekin batera Santa Agata eguna ekarri zuen berekin. Elizak aurreko errito eta ospakizunak bereganatu eta itxura berri bat eman zien. Lehengo errituak eta Santa Agataren omenezko ospakizunak nahastu egin ziren. Bi erritu edo jai horien nahasketatik dator egungo ospakizuna.

EAJko Gipuzkoako Buru Batzarreko ordezkariak, Santa Agataren koplak kantatzen, 2015ean.

Santa Agataren hainbat kopla daude Euskal Herrian.

Bizkaian, bertsio hedatuenetako bat hau da:

«

Aintzaldu daigun Agate Deuna
bihar da ba Deun Agate,
etxe honetan zorion hutsa
betiko euko al dabe.

Deun Agatena batzeko gatoz
aurten be igazko berberak,
igaz lez hartu gagizun eta
zabaldu zuen sakelak....

Orain bagoaz alde egitera
agur dautsugu gogotik;
Agate Deuna bitarte dala
ez eizu izan dongerik...

¡EUP!

»

Gipuzkoan, bertsio hedatuena hau da:

«

Zorion, etxe hontako denoi!
Oles egitera gatoz,
aterik ate ohitura zaharra
aurten berritzeko asmoz.
Ez gaude oso aberats diruz,
ezta ere oinetakoz.
Baina eztarriz sano gabiltza,
ta kanta nahi degu gogoz.

Santa Ageda bezpera degu
Euskal Herriko eguna,
etxe guztiak kantuz pozteko
aukeratua deguna.
Santa maitea gaur hartu degu
gure bideko laguna.
Haren laguntzaz bete gentzake
egun hontako jarduna.

»

Bertsio berriak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Maialen Lujanbio (2016)

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2016an Maialen Lujanbiok Euskadi Irratiko 'Faktoria' saioan Beti Bezperako Koplak 'Santa Ageda' kopla berezia bota zuen. Genero-indarkeriaren salaketa gordina egin zuen. Bertsoz bertso, indarkeria matxistaren agerpen ezberdinak salatu, bai eta hura gainditzeko ezintasuna ere. Gero hogei artista gaztek sortze-lan kolektibo batean animazio teknika ezberdinak erabiliz Lujanbioren gogoeta osatu zuten.[7][8][9]

Oles ta Oles (2020, Bilbo)

La Kora (2020)

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Ageda pagano eta feminista (2020, Bilbo)

Bilboko La Kora abesbatza feministak 2020ko Agate Deuna bezperan Bilboko kaleetan barna kopla berriak abestu zituzten, Ageda bezpera pagano eta feminista aldarrikatuz.[10]

La Kora Ageda bezpera adierazpena (2020)

Maddalen Arzallus (2021)

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Maddalen Arzallusek beste bertsio bat plazaratu zuen 2022an. Agataren heriotzaren larria gogoratu eta gero, gaurko indarkeria matxistarekin lotu zuen:[11]

«

[...]
Gaur egun ere bada munduan
hamaika andre martiri
behar denean ez da ordea
salbaziorik agiri.

Makilak hartu, lurra kolpatu
ta egin dugu zati bi
ta makilkadak ematen gabiltz
zu niri, eta zu niri.

Santa Agedaz dantza ditzagun
gure aho eta mihi
lotan dagoen gizarte baten
esnagarri izan bedi.

»

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. 66. araua: Santutegiko izen ohikoenak. Euskaltzaindia (kontsulta data: 2010-12-06).
  2. 125. araua: San, santu, done eta besteren erabilera. Euskaltzaindia.
  3. (Gaztelaniaz) Agirre Sorondo, Antxon. (2000-02-04). «Santa Ageda» Euskonews & Media 65.
  4. «Eskoriatzako kintoak, ohitura jarraitzeko prest» Goiena.eus 2016-01-22.
  5. Sorazu, Emeterio. (1999-02-05). «Inauteriak nekazal munduan» Euskonews & Media 20.
  6. Mariano Estornés Lasa: «Santa Águeda», Auñamendi Eusko Entziklopedia.
  7. «Maialen Lujanbioren 'Beti-bezperako koplak', arrakastatsu» EITB Euskal Irrati Telebista (kontsulta data: 2021-04-09).
  8. «Beti bezperako koplak» Argia (kontsulta data: 2021-04-09).
  9. «'Beti-bezperako koplak', Maialen Lujanbiok Faktoria irratsaioan» sustatu.eus (kontsulta data: 2021-04-09).
  10. Makeip. (2020-02-09). Euskara: Abesbatzaren adierazpena 2020ko Ageda bezperanEspañol: Comunicado del coro feminista en víspera de Santa Ágeda 2020. (kontsulta data: 2021-04-09).
  11. Euskal Karaokeak. (2022). Santa Ageda (Maddalen Arzallus). (kontsulta data: 2023-02-05).

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]