Amaia Zubiria
| Amaia Zubiria | |
|---|---|
| Bizitza | |
| Jaiotza | Zubieta, 1947ko irailaren 11 (78 urte) |
| Herrialdea | |
| Hezkuntza | |
| Hizkuntzak | euskara gaztelania |
| Jarduerak | |
| Jarduerak | abeslaria |
| Jasotako sariak | ikusi
|
| Kidetza | Haizea |
| Genero artistikoa | herri-kanta herri-musika |
| Musika instrumentua | ahotsa |
Amaia Zubiria (Donostia, Gipuzkoa, 1947ko irailaren 11) euskal abeslaria da. Euskal Abestigintza Berriak emandako emakumezko abeslaririk garrantzitsuena eta ezinbesteko artista da euskal musikaren historian 70eko hamarkadan Txomin Artolarekin batera Haizea taldeko kide zenetik. Harrezkero karrera oparoa egin du, zinemarako musikarekin tartekatu dituelarik bakarkako 12 disko eta musika herrikoiaz osatutako bilduma bat Joxan Goikoetxea soinujolearekin batera..[1]
Biografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Donostia eta Usurbilek partekatzen duten Zubieta auzoan jaio zen, 1947ko irailaren 11an zortzi senideko familian eta haurtzaro gogorra izan zuen. Aita sekula plazarik egin ez zuen ahots bikaineko bertsolaria zen baina alkoholarekin arazo larria zuen, Amaiaren hitzetan "Basarri bera ere isilarazi zuela ezkontza batean. Oso errespetatua zen, jendeak asko maite zuen, tabernako txoko batean egoten zen kantuan, baina azkenean ardoak hustu egin zuen gizona."[2] Amaiak Añorgako izeba-osabenean denbora asko egiten zuen, bakarrik, leihotik begira, hizketan edo bestela kantari, barne mundu bat eraikiz. Bere obsesioa hazdi eta handi egitea zen, handia izateak ate guztiak irekitzen zituela eta handitzean edozein gauza egin zezakeela pentsatuz.
Ama ere kantuzalea izanik, txikitatik jaso zuen kanturako zaletasuna, baina kantatzea etxean eta lagunartean gorde beharreko kontua zenez ezkutuan hasi zen. Hamasei urterekin, kantari berrientzat garai hartan ohikoak ziren txapelketetan parte hartzen hasi zen eta halako batean La voz de España egunkariko argazki batean agertu zen "joven promesa" bezala izendatua eta bere etxean jabetu ziren Amaia gazteak kantaria izan nahi zuela. Horrek eskandalu handia sortu zuen, Amaiaren gurasoek ez baitzuten nahi alabak plazan kantatzerik, beraien ustez oso friboloa baitzen neska batentzat.[3]
Etxera dirua eraman behar zenez ile-apaindegi batean lanean hasi zen eta gurasoen etxetik aldentzeko asmotan hemeretzi urterekin ezkondu zen. Hogeita bost zituenea hiru seme-alaba zituen eta betirako patu bat diseinatua zuela iruditzen zitzaion, berak amestu zituen gauza laurdenik ere ez zuela egingo. Hala ere, sekula ez zuen alde batera utzi kanturako grina.[2]
Ibilbide profesionala
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Haizea taldeak ezagutarazi zuen Amaia Zubiriaren ahots garden eta sentikorra. Ordura arte Hego Euskal Herrian entzun gabeko emakume kantaera zen hura, eta entzuleak txunditu egin zituen. Bestalde esan daiteke bere ahotsa izan zela Haizea taldeak izan zuen arrakastaren gakoetako bat. Haizearekin zuzeneko hamaika emanaldi eta bi disko grabatu ondoren (Haizea[4] 1976an eta Hontz gaua[5] 1979an), Iparraldera jo zuen eta hainbat jazz musikarirekin lan egin zuen, tartean Pascal Gaigne gitarrista eta musikagilea. Harekin lanean hasi zen 1983ko udan, eta bikote artistikoa osatu zuten hainbat urtetan. Tartean, Etxahun eta Etxahun [6]diskoan parte hartu zuen, Imanol, Niko Etxart eta Beñat Axiarirekin batera. Disko horretan Etxahun Barkoxe eta Etxahun-Iruri bertsolarien piezarik esanguratsuenen berrirakurketa egin zuten.
Zubiria-Gaigne bikoteak egindako lanak bi zutabe ditu: alde batetik, herri musikaren inguruan kaleratutako diskoak, eta, bestetik, zinemarako egindako musika.
- Egun argi hartan[7] izena hartu zuen bikoteak 1985ean argitaratu zuen lehen diskoak. Herri kantak, gitarra jostagarriak eta ahots sakonak: hori izan daiteke diskoaren laburpenik egokiena. Diskoan nabaria da, ordea, Pascal Gaigneren konposizio eta moldaketen itzala. Hurrengo urtean aurrekoaren akustikotasun biluzi bera jorratzen zuen Kolorez eta ametsez[8] kaleratu zuten. .
- Zinemari dagokionez, Pascal Gaigne ezagutu baino lehenagokoa da Amaia Zubiriak egindako lehen lana, Segoviako ihesa[9] filmerako musika Xabier Lasa Haizeako gitarristarekin egin baitzuen. Gero, Tango[10] kantuarekin parte hartu zuen Mikelen heriotza filmaren musikan. Baina Gaignerekin batera egin ditu bere lanik esanguratsuenak: Zergatik Panpox?[11], Ander eta Yul[12], Santa Cruz, el cura guerrillero[13] eta Loraldia, el tiempo de las flores[14].
Bikoteak zinemarako egindako lan horren guztiaren emaitza da Hamar urte zineman[10] bilduma diskoa, Amaia Zubiriak eta Pascal Gaignek bikote gisara kaleratutako azkena. Geroztik elkarren arteko harreman artistikoa ez da hautsi, eta Pascal Gaignek Amaia Zubiriaren diskoetako kolaboratzaile ia finkoa izaten jarraitu du.
Bere disko eta kantaldiez gain, ez da zaila Amaia Zubiriaren ahotsa 80ko hamarkadako disko askotan topatzea, Imanol Larzabalenak eta Txomin Artolarenak lekuko. Modu naturalean egin zuten berriro topo Artolak eta Zubiriak, gero eta elkarlan mamitsuagoa osatuz. Horren emaitza da hiru diskok osatutako Folk-Lore sorta bilduma. Lehenak, Folk-lore-sorta 1[15] oihartzun handia lortu zuen komunikabide eta zaleen artean. Herri kantuen bertsio fidelak dira, bi kantarien ahotsak nabarmentzen dituen laguntza musikal akustiko dotoreez jantziak. Joxan Goikoetxea (soinua, teklatuak) eta Alan Griffin (whistlea, flauta, txirula...) Alboka taldeko kideak dira laguntzaileak. Hamaika emanaldi egin zituzten Euskal Herri osoan, eta 1993an desegin zuten bikotea beste bi disko kaleratu ondoren: Folk-lore-sorta 2[16] eta Folk-lore-sorta 3[17].
Gero, bakarkako ibilbideari heldu zion berriro Amaia Zubiriak, eta lau disko kaleratu ditu geroztik. Amonaren mengantza[18] izen zen lehena eta kantariaren azken urteetako ildoaren adierazle. Kantu tradizionalak eta jazz musikatik datorren esperimentazioa uztartuta, batez ere kantatzeko moduan eta ahots jokoetan adierazten dena. Gainera, izenburuak ongi adierazten du diskoaren intentzio "feminista", Zubiriaren jardunaren beste ezaugarrietako bat.

Inauterietako kantuekin osatu zuen Hou Pitxu Hou![19] diskoa, urte berean kaleratu zuen Mami xuri[20] eta handik lau urtera, berriz, Haatik[21]. Bertan hainbat kantu zahar berreskuratu eta zazpi kantu berri eskaini zizkigun Pascal Gaignek ekoitzi eta moldatutako diskoan. Bere azken lanak Nabil[22] eta Amona mantangorri[23] izan dira. Zuzenekoak ematen jarraitzen du, eta horietako askotan Edorta Amurua semea eduki du laguntzaile gitarrarekin.
2021 urtean Adarra saria eskuratu zuen, Donostiako Udalaren eskutik.[24]
Diskografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- 1977. Haizea taldea: Haizea[4]
- 1979. Haizea taldea: Hontz gaua[5]
- 1986. Amaia Zubiria eta Pascal Gaigne: Kolorez eta ametsez[8]
- 1985. Amaia Zubiria eta Pascal Gaigne: Egun argi hartan[7]
- 1990. Amaia Zubiria eta Pascal Gaigne: Hamar urte zineman[10]
- 1991. Amaia Zubiria eta Txomin Artola: Folk lore sorta I[15]
- 1992. Amaia Zubiria eta Txomin Artola: Folk lore sorta II[16]
- 1993. Amaia Zubiria eta Txomin Artola: Folk lore sorta III[17]
- 1998. Amaia Zubiria: Ho pitxu ho[19]
- 1995. Amaia Zubiria: Amonaren mengantza[18]
- 1998. Amaia Zubiria: Mami xuri[20]
- 2002. Amaia Zubiria: Haatik[21]
- 2008. Amaia Zubiria: Nabil[22]
- 2011. Amaia Zubiria: Amona Mantangorri[23]
Sariak eta errekonozimenduak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- 2021: Adarra saria [25][26] Zortzigarren sariduna izan zen. Donostiako Udalak eta Donostia Kulturak 2014an sortu zuten, euskal musikaren arloan garrantzi edo eragin bereziko ibilbidea egin duen edo egiten ari den artista bati omen egiteko, urtero. Ordura arte Mikel Laboak, Ruper Ordorikak, Benito Lertxundik, Fermin Muguruzak, Anarik, Berri Txarrak taldeak eta Kepa Junkerak jasoa zuten.
- 2025: Monzon-Ganuza saria. Olaso Dorrea Fundazioak eta Bergarako Udalak ematen duten saria da Euskal Herriari eta haren kulturari, hizkuntzari, historiari eta etorkizunari bizitza osoa eskaini dieten pertsonak omendu nahi ditu.[27][28]
Irudi-galeria
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Edukiaren zati bat «Amaia Zubiria» artikulutik hartua da. Artikulu hark Andoni Tolosa du egile, eta Creative Commons Aitortu-Partekatu Berdin 3.0 lizentziarekin argitaratu da Badok euskal kantagintzaren atarian.
- ↑ Amaia Zubiria Euskal Herriari kantuz beteriko bizia eskaini dion utopikoa dugu | Monzon-Ganuza 2025ko Saritua. Olaso dorrea Fundazioa (kontsulta data: 2025-03-27).
- 1 2 «Amaia Zubiria: «Hemen, gu oso gaizki tratatu gaituzte»» Argia (kontsulta data: 2026-02-12).
- ↑ Monzon-Ganuza 2025ko Saritua: Amaia Zubiria Euskal Herriari kantuz beteriko bizia eskaini dion utopikoa dugu.. Olasodorrea Fundazioa (kontsulta data: 2026-02-12).
- 1 2 «Haizea» www.badok.eus (kontsulta data: 2026-02-13).
- 1 2 «Hontz gaua» www.badok.eus (kontsulta data: 2026-02-13).
- ↑ «Etxahun eta Etxahun» www.badok.eus (kontsulta data: 2026-02-13).
- 1 2 «Egun argi hartan» www.badok.eus (kontsulta data: 2026-02-13).
- 1 2 «Kolorez eta ametsez» www.badok.eus (kontsulta data: 2026-02-13).
- ↑ (Gaztelaniaz) La fuga de Segovia (1981) - Elenco y equipo completo - IMDb. (kontsulta data: 2026-02-13).
- 1 2 3 (Gaztelaniaz) Amaia Zubiria, Pascal Gaigne - Zineman. 1990 (kontsulta data: 2026-02-13).
- ↑ (Gaztelaniaz) Zergatik Panpox (1986) - Elenco y equipo completo - IMDb. (kontsulta data: 2026-02-13).
- ↑ (Gaztelaniaz) Ander Eta Yul (1988) - Elenco y equipo completo - IMDb. (kontsulta data: 2026-02-13).
- ↑ (Gaztelaniaz) Santa Cruz, el cura guerrillero (1990) - Elenco y equipo completo - IMDb. (kontsulta data: 2026-02-13).
- ↑ (Gaztelaniaz) Loraldia - El tiempo de las flores (1991) - Elenco y equipo completo - IMDb. (kontsulta data: 2026-02-13).
- 1 2 «Folk-lore-sorta 1» www.badok.eus (kontsulta data: 2026-02-13).
- 1 2 «Folk-lore-sorta 2» www.badok.eus (kontsulta data: 2026-02-13).
- 1 2 «Folk-lore-sorta 3» www.badok.eus (kontsulta data: 2026-02-13).
- 1 2 «Amonaren mengantza» www.badok.eus (kontsulta data: 2026-02-13).
- 1 2 «Hou pitxu hou!» www.badok.eus (kontsulta data: 2026-02-13).
- 1 2 «Mami xuri» www.badok.eus (kontsulta data: 2026-02-13).
- 1 2 «Haatik» www.badok.eus (kontsulta data: 2026-02-13).
- 1 2 «Nabil» www.badok.eus (kontsulta data: 2026-02-13).
- 1 2 «Amona Mantangorri» www.badok.eus (kontsulta data: 2026-02-13).
- ↑ «Adarra Saria 2021: Amaia Zubiria» www.kulturklik.euskadi.eus 2021-05-18 (kontsulta data: 2026-02-13).
- ↑ Berria. «Amaia Zubiriak jasoko du 2021eko Adarra saria» Berria (kontsulta data: 2021-04-27).
- ↑ «Donostia Kulturak Amaia Zubiriari emango dio 2021eko Adarra Saria» naiz: 2021-04-27 (kontsulta data: 2021-04-27).
- ↑ Iridoy Alzelai, Urko. (2025-03-27). «Amaia Zubiriak jasoko du 2025eko Monzon-Ganuza saria» Berria (kontsulta data: 2025-03-27).
- ↑ Amaia Zubiria Euskal Herriari kantuz beteriko bizia eskaini dion utopikoa dugu | Monzon-Ganuza 2025ko Saritua. Olaso dorrea Fundazioa (kontsulta data: 2025-03-27).
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Amaia Zubiriari Argia astekarian eginiriko elkarrizketa. 2027. zen. 2006ko otsailaren 12a.
- Amaia Zubiria abeslaria "Prima Eijerra" abesten entzungai bideoklip honetan.
- Amaia Zubiria eta Txomin Artola abeslariak "Ama Ezkondu, Ezkondu" abestia abesten bideoklip honetan entzungai.
- Elkarrizketa Argian (2011-4-10)
- "Musika naiz. Musikak narama" Euskadi Irratiko FAKTORIA saiorako Iñaki Guridik egindako elkarrizketa
- 1947ko jaiotzak
- Gizabanako biziak
- Euskal abeslariak
- Euskal Herriko emakume musikariak
- Euskal Herriko folk abeslariak
- Donostiarrak
- Usurbildarrak
- 1970eko hamarkadako abeslariak
- 1980ko hamarkadako abeslariak
- 1990eko hamarkadako abeslariak
- 2000ko hamarkadako abeslariak
- Haizea taldea
- Emakume abeslariak
- Adarra saridunak
- Monzon-Ganuza Saridunak