Edukira joan

Santa Felizia

Wikipedia, Entziklopedia askea
San Pablo eta Santa Feliziaren baseliza, Labion.

Santa Felizia Obanosko Misterioaren pertsonaia da, Gilen Akitaniakoarekin batera. Bere gorpua erlikia gisa gordeta dago Labion, Aranguren udalerrian, kondairaren arabera bertan gelditu zelako Amokainetik bere gorpua zeraman idia[1]. Donejakue Bideari lotutako kondaira honek erromesaldiak eragin ditu, batez ere Iruñerrian, Santa Felizia Erregina gurtzeko. Ez dago katolizismoaren santuen egutegiaren barruan, beraz ez da, ofizialki, santua.

San Gilen Santa Felizia hiltzen, Obanosen.

Santa Feliziaren inguruan kondaira asko garatu dira, guztiak antzekoak, baina aldaera txiki batzuekin. Gehienek elementu bera dute komunean: Donejakue Bidea egin zuen, itzuleran zerbitzari sartu nahi izan zuen, bere anaiak horregatik hil zuen, eta hil ondoren bere gorpua atera zuten eta Labioraino iritsi zen. Bere anaia, tartean, Arnotegiko Amaren baselizara joan zen, penitentzian, eta han hil zen.

Aldaera: Gilenek eraman zuen Amokaindik Labiora

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aldaera honetan, Gilenek eta Feliziak elkarrekin egiten zuten Donejakue bidea, eta itzultzerakoan Felizia Amokainen geratu zen. Gilen bere gurasoengana itzuli zen, baina hauek arreba bakarrik utzi izana deitoratu zuten. Gilen itzuli eta Amokaingo jaurerrian ikusi zuen zerbitzari, eta ez zuen lortu itzularaztea; honela, bertan hil zuen. Damututa, Erromara joan zen, eta Aita Santuak esan zion itzultzeko eta idi baten gainean jartzea gorpua, eta hau gelditzen zen lekuan, eraikitzea baseliza bat. Hala egin zuen eta Labion geratu zen idia. Gilen Arnotegira erretiratu zen, hil arte[2].

Aldaera: Amokaindarrek hartu zuten gorpua

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aldaera honetan, gorpua Amokainen lurperatu zuten eta, oso pertsona ona zenez, jaurerrian jada jendea hurbiltzen zen bere ingurura errezatzera. Egun batean, Amokaingo andreak ikusi zuen krabelin bat jaio zela hilobia zegoen lekuan, lurra kendu eta ikusi zuen krabelina Gilenek egindako zauritik ateratzen zela. Mirari bat zela pentsatuta, berehala hasi ziren erromesaldiak. Jaurerrikoek hilotza harrizko hilobi batean kokatu zuten, baina handik tarte batera elizatik kanpo aurkitu zuten. Saiatu zirenean berriro sartzen, pisu handiegia zuela nabaritu zuten, eta ezin izan zuten mugitu. Herriko apaizak, amets batean, ikusi zuen hilobia idi baten gainean jarri eta idia geratzen zen lekuan berriro utzi behar zela. Idiaren gainera igotzeko pisurik ez zuela ikusita, herriko gazteek hala egin zuten eta idia Labioraino iritsi zen[3][4].

Aldaera: Gaskoiniako Konderriko arazo politikoa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aldaera baten arabera[5], Gaskoiniako Konderrian agintzen zuen Antso VI.a Gilen Gaskoiniakoaren seme-alabak ziren Felizia eta Gilen. 1010ean Saint-Jean-d'Angélyn elkartu ziren Roberto II.a Frantziakoa, Antso III.a Gartzeitz, Gilen V.a Akitaniakoa eta Antso VI.a Gilen Gaskoiniakoa, azken honen ondorengotza faltari soluzio baketsu bat emateko asmoz. Iruñeko Erresumak interesa zuen Gaskoinia batzeko, senide baitziren biak. Kondairaren arabera, bere bi seme-alabak Iruñeko Erresumaren lurretan zeutzan.

Kondairaren aldaera baten arabera, Antso VI.a Gilenek bi seme-alaba zituen: Felizia eta Gilen VII. Gaskoiniakoa izango zena. Feliziak, errege batekin ezkonduko zutena, eskaera egin zion aitari Donejakuera joateko ezkondu aurretik. Bidaia segurua zen, bere lehengusua baitzen Nafarroako erregea eta babesa izango zuelako. Itzulera bidea egiten ari zela Amokainen, bide guztietatik urrun, zerbitzari bezala aurkeztu zen, eta bertan geratzea erabaki zuen. Gurasoek Gileni eskatu zioten printzesa aurkitzeko, eta honek aurkitu zuenean eztabaida handia izan zuen eta hil zuen. Damututa, Aita Santuarengana joan zen eta honek penitentzia gisa Donejakue Bidea egitea eskatu zion, baina bekatari gisa. Behin bidaia hori eginda, Arnotegira erretiratu zen, Obanosen, erromesak laguntzeko helburuarekin. Garestik hain gertu erregearen lehengusu bat egotea eta inor ere ez konturatzea ez da oso probablea.

Feliziaren gorpua Amokaingo jaurerrian lurperatuta zegoen, baina Antso III.ak erabaki zuen hortik kentzea eta bideetatik urrunago zegoen Labiora mugitzea, Iruñetik gertu baina Donejakueri lotutako bideetatik urrunago.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. «SANTA FELICIA - Auñamendi Eusko Entziklopedia» aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus (Noiz kontsultatua: 2021-06-03).
  2. «AMOCAIN» Pueblos deshabitados de Navarra (Noiz kontsultatua: 2021-06-03).
  3. Asunción, Julio. «Arte, Historia y curiosidades: EL TRASLADO DEL CUERPO DE SANTA FELICIA A LABIANO» Arte, Historia y curiosidades (Noiz kontsultatua: 2021-06-03).
  4. Asunción, Julio. «Arte, Historia y curiosidades: LA LEYENDA DE SANTA FELICIA» Arte, Historia y curiosidades (Noiz kontsultatua: 2021-06-03).
  5. (Gaztelaniaz) albertosolana. (2014-02-20). «7- La leyenda de Santa Felicia y San Guillermo de Arnotegui» Tradición Jacobea (Noiz kontsultatua: 2021-06-03).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]