Paboi handi

Wikipedia, Entziklopedia askea
Saturnia pyri» orritik birbideratua)
Paboi handi
Sailkapen zientifikoa
ErreinuaAnimalia
FilumaArthropoda
KlaseaInsecta
OrdenaLepidoptera
FamiliaSaturniidae
GeneroaSaturnia
Espeziea Saturnia pyri
[[Michael Denis, Ignaz Schiffermüller|]], 1775
Datu orokorrak
OstalariaIntxaurrondo arrunt, Malus, Makal, Lizar, udareondo eta Prunus

Paboi handia (Saturnia piry) Saturniidae familiako lepidopteroen espezie bat da. Izatez sitsa da, gautarra beraz. Europan aurkitzen den tximeleta handiena da, baita intsektu handiena ere, 12-16 cm-tako hego zabalera hartzen baitu.

Banaketa paleartikoa du. Europa hegoaldeko espeziea da eta Ekialde Hurbileraino iristen da. Euskal Herrian ere aurkitzen da.

Deskribapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Imagoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gorputz sendo eta iletsua du eta lau hego marroi ditu. Hegoen ertzak argiagoak dira eta zigizagako marra argi-ilunak ere baditu. Hego bakoitzaren erdialdean ozeloak ditu, begiak diruditenak. Paumaren isatsaren antza hartzen zaio, hortik datorkio gaztelerazko izena (Gran Pavón)[1] edo ingelesezkoa (Great peacock moth). Begi horiek hontz baten itxura ematen diote eta horrela harrapariak uxatu egiten ditu.

Sexu dimorfismoa azaltzen du. Arrak gorputz finagoa du eta orrazi itxurako antenak ditu. Emearen abdomena handiagoa eta borobilagoa da eta antenak aldiz finagoak.

Beldarra[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Paboi handiaren beldarra.

Paboi handiaren beldarra ere oso handia da, 16-18 cm-tako luzera hartzen du. Laranja edo berde-horixka izaten da eta puntu urdin argiak izaten ditu. Puntu horietatik ile erresumingarriak ateratzen zaizkio[2].

Habitata[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Baso argiak eta zelaiak ditu gustuko eta 2.000 metrotako altuerarainoko eremuetan aurkitzen da. Fruitu arbolen (intxaurrondoa, sagarrondoa, udareondoa, arbendolondoa, gereziondoa, aranondoa, abrikotondoa...) elorri zurien, makalen edota lizarren hostoetan bizi da beldarra[1].

Bizi zikloa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Paboi handi arraren azpialdea. Orrialdeko hizkiek iradokitzen dute sitsaren tamaina zein den.

Paboi handiak elkartzea zaila izaten da eta emeak feromonak askatzen ditu. Arrek 30 kilometrotako distantziara harrapa ditzakete orrazi itxurako antenei esker. Ezagutu izan da ehun ar erakarri dituen emearen kasua ere[3].

Kopularen ondoren emeak 250 arrautza jartzen ditu eta udaberri erdialdera edo uda hasieran jaiotzen da beldarra. Lau muda izaten ditu eta bakoitzean itxura aldatzen du. Laugarren mudaren ondoren berdea bihurtzen da. Beldarra oso jatuna da eta heldutasunera iristen da udazkenerako. Toki bakarti batean ezartzen du pupa eta negua igaro ondoren udaberrian jaiotzen da imagoa[3]. Imagoak ez du elikatzeko gaitasunik eta bere helburu bakarra ugalketa da. Beldarra zela bildu zuen energia iturria baliatzen du horretarako eta astebete inguru irauten du bizirik[1].

Ez da ohikoa sitsa ikustea, gautarra baita eta bizialdi laburra baitu. Herrietako kaleko argiek erakarrita desorientatu egiten dira noizbehinka eta zoruan hildako aleak aurkitzen dira[1].

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b c d (Gaztelaniaz) «Gran Pavón» Wiki Reino Animalia (Noiz kontsultatua: 2021-06-14).
  2. Sarasua, Asier. «Paboi handiaren (S. pyri), Europako tximeleta handienaren beldarra» Eibar.ORG | Eibarko peoria (Noiz kontsultatua: 2021-06-14).
  3. a b (Gaztelaniaz) «Gran pavón nocturno (Saturnia pyri)» SENDERO VIVO 2016-09-29 (Noiz kontsultatua: 2021-06-14).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]