Seljuk dinastia

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Seljuk dinastiaren armarria, Divriğiko Mezkita Handia.

Seljuk dinastia X.-XIII. mendeetan Iran, Siria eta Asia Txikian hedatu zen turkiar dinastia izan zen. Oro har, Mendebaldeko Asiara zabaldu ziren lehen turkiarrei ematen zaie seljukar izena.

Dinastia Seljuk buruzagiak sortu zuen X. mendean. Haren agintepean, Syr Daria ibaiaren lurretara aldatu ziren oghuz turkiarrak eta musulman sunni bihurtu ziren. 1055. urtean, Toghril Beg, lehen seljuk errege garrantzitsua, Bagdad hiriaz jabetu zen, eta Alp-Arslam haren ondorengoak Armenia konkistatu (1064). Siria aldera hedatu zen haren eragina, Alepo hiriraino, eta bizantziarrak menderatu zituen Manzikerteko Guduan (1071). Malik Shah ondorengo erregeak (1072-1092) Asia Txikiko alde handiena bereganatu zuen, eta Mediterraneo itsasotik Turkestaneraino zabaltzen zen inperio bat eratu zuen. Asasinoen eta xiiten aurka izan zituen borroka handiengatik ere, ortodoxia sunnia zabaldu zuen inperioan, horretarako sortu zituen madrasa edo eskolen bitartez. Malik Shah hil ondoren banatu zen inperioa. Sanjarek (1096-1157) hartu zuen ekialdea, eta Persiako sultanerria sortu zuen (1194an amaiatu zen seljuk dinastia Persian).

Siriako seljuk printzerriak berehala arabiartu ziren: Damasko (1104), Alepo (1117), baina Asia Txikiko sultanerria, bizantziarren edo, arabiarrek deitu bezala rumen, lurraldea okupatu zuena, biziki indartu zen Manzikerteko Guduaren ondoren (1071), eta egungo turkiarren lurraldea gorpuztu zen han. Seljukarrak bizantziarren, gurutzatuen, turkiar danishmendiarren eta armeniarren aurka borrokatu ziren. 1080. urtetik aurrera, Asia Txikiko kostaldea utzi eta Anatoliako mendietara jo behar izan zuten, gurutzatuei ezin eutsi zietela. XII. mendean, biderik gabe geratu ziren gurutzatuak Anatolian barrena, eta Kilij Arslan II.ak (1155-1192) erabat menderatu zituen danishmendiarrak eta Anatoliako turkiarren buruzagi nagusi geratu zen bizantziarren, gurutzatuen eta ekialdeko armeniarren aurrean.

XIII. mendearen hasieran, lurralde ugari kendu zizkieten turkiarrek bizantziarrei eta armeniarrei, eta Kaykobad I.aren garaian (1219-1237), Anatolia ia osorik zegoen turkiarren mendean. 1243. urtean, ordea, mongolak nagusitu ziren Kense Dagh-eko Guduan, eta 1307an erregeorde bat ezarri zuten Konyako lurraldean. Anatoliako gainerako lurretan beylik edo turkiar printzerri txiki batzuk eratu ziren, eta geroago (XIV. mendean) haietako batek, otomandarren printzerriak, hartu zuen seljuk inperioa berritzeko xedea.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Seljuk dinastia Aldatu lotura Wikidatan