Shubiluliuma I.a

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu

Shubiluliuma I.a, Suppiluliuma bezala ere ezaguna, errege hitita ospetsu eta arrakastatsuenetako bat izan zen, K. a. 1375etik, noiz, bere anaia Tudhalia III.a hititar ofizialen azpijoko baten ondorioz hil zen (beharbada Shubiluliumak berak agindua), K. a. 1322 arte gobernatu zuen.

Shubiluliuma laster nabarmendu zen bere abilezia militarrengatik, jada bere aita Tudhalia II.aren erregealdian garrantzia hartuz, Hattusa hiriburua hartu zuten gasgastarren aurkako kanpainetan, baita Thudalia II.ak Arzawa eta ekialdeko mugako mendeko potentzien aurka bidalitako espedizioetan ere.

Soldadu bezala balio handia zuen arren, ez zen Thudalia II.aren oinordekoa izan hititar tronuan, eta honek, ziuraski, lehen aipaturiko Thudalia III.aren aurkako azpijokoan parte hartzera bultzatu zuen, bere erregealdia ordutik aurrera hasi zelarik.

Tronura igotzean, Shubiluliumak, Mitanniren aliatuen inbasioekin topo egin zuen, Isuwa kasu, inbasio hauek geldiaraztea lortu zuen arren, ez zen Mitanniri kalte handirik egiteko gai izan. Zeuden baldintzak zirela eta, Shubiluliumak, bere esku zeuden neurri diplomatiko guztiak erabili zituen, Babiloniako kasitarrekin aliantza bat sinatuz eta, Mitanniko tronurako erregegai guztien artean gerra zibil bat sustatuz, erresuma etsaia ahultzeko.

Hain zuzen ere, Mitanniko errege zen Tushrattak, hititen mendeko zen Nuhasse erresumaren aurkako espedizio bat bidali zuenean, erresuma honek, bere anaia eta tronurako etsaia zen Artatama II.ari ematen zion laguntzagatik zigor bezala, Shubiluliumak gerra adierazi zion Mitanniri. Gerra hau, Shubiluliumaren "Lehen Gerra Siriarra" deitua, arrakasta borobila izan zen, hititek, Mitanniren mendebaldeko zati handi bat konkistatu baitzuten, eta mendeko gobernariak ezarri zituzten Nuhasse, Ugarit eta Kadesh bezalako erresuma garrantzitsuetan. Hala ere, Mitanni ez zegoen oraindik erabat garaitua, eta honela, Shubiluliumak, "Bigarren Gerra Siriarra" bidali zuen urte batzuk beranduago, gerra honetan, Karkemish gotorleku garrantzitsua konkistatu eta Mitanni, Tushrattaren seme zen Shattiwazaren agindupean zegoen estatu zergari mailara jaitsiaraziz.

Hititar konkista guztiak antolatzeko, Shubiluliumak bi "erregeordetza" sortu zituen Karkemishen bere seme Piyassilirentzat (ondoren Sarri-Kusuh bezala ezagutua) eta Alepon bere seme Telebinorentzat. Bi erregeordetza hauek, Shubiluliumaren ondorengoen erregealdietan mantendu ziren eta inperioko ekialdeko muga berria kontrolatzea ahalbidetzen zuten hititar instituzio garrantzitsu bat bihurtu ziren. Horiei esker, Shubiluliumak, bere indarrak, gasgasak eta Arzawako erresumak kontrolpean izateko erabili zituen.

Shubiluliumaren garaian gertatu zen hititar hedapen handiak, ondoko estatuak ziren Asiria eta Egiptoren etsaitasuna eragin zuen. Asiria, bereziki, Mitanniren desagerpenaz probesten saiatu zen, erresuma honen antzinako mendeko erresumak konkistatuz, baina, tokian zegoen hititar presentziaren indarrak, Asiriari aurrerapen askorik egitea galerazi zion.

Egiptok, beste alde batetik, Kadeshko bere protektoratuaren hititar domeinua, isekatzat hartzen zuen, eta, dirudienez, bere birkonkistarako ahalegin militarrak prestatzen hasi zen, baina, Tutankamon faraoiaren heriotzak, honen alarguna zen Ankesenamonek, Shubiluliumari, egiptoar gobernari berrian bihurtuko zen bere semeetako bat bidaltzeko eskatzea eragin zuen. Shubiluliumak, bere familia, bere garaiko erresuma garrantzitsuenetako baten aurrean jartzeko berebiziko abagunea ikusiz, bere seme Zannanza bidali zuen, baina hau, bere bidaian zehar hila izan zen, eta Aÿ bihurtu zen Egiptoko faraoi berri, eta, ondorioz, Shubiluliumak Egiptori gerra adierazi zion, zenbait hiri eta preso mordo bat hartuz. Egiptorekin izan zuen areriotasun hau, behin eta berriz gertatu zen ordutik aurrera hititar historian, honen ondorioz, beste gertaera batzuen artean, Kadeshko gudua gertatu zelarik.

Shubiluliuma, egiptoar gerra presoek ekarritako izurrite baten ondorioz hil zen, eta, hititar tronuan bere oinordekoa, bere seme Arnuanda II.a izan zen, bere seme Sarri-Kusuh eta Telebinok, Karkemish eta Alepoko euren erregeordetzak mantendu zituzten bitartean.


Aurrekoa
Tudhalia III.a
Hititar erregea
K. a. 1375-K. a. 1322
Ondorengoa
Arnuanda II.a