Shun Andromedakoa

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search

Shun Andromedakoa Masami Kurumadak idatzi eta marraztutako manga eta animea den Saint Seiyako eta honen jarraipen ofiziala den Saint Seiya Next Dimensioneko pertsonaia bat da. Shiryu Dragoikoa, Hyôga Beltxargakoa, Seiya Pegasokoa eta Ikki Fenixekoarekin batera, istorioko bost brontzezko zaldun protagonistetatko bat da. Bere izaera sentibera eta bakezalea da eta ez zaio borroka egitea gustatzen. Hala ere, urrezko zaldun bat eta Poseidonen bi itsas general garaitzen ditu jatorrizko istorioan zehar. XX. mendean bihotz garbieneko zalduna da eta, horren ondorioz, Hadesek bera aukeratzen du gorpuzte bezala. Yours Forever jartzen duen domina bat darama honen adierazle. Ikki Fenixekoa da bere anaia.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Jatorrizko istorioan[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lehiaketa Galaktikoa baino lehen[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Shun, gainontzeko zaldunak bezala, Mitsumasa Kidoren 100 seme-alabetako bat da eta zaldun izateko entrenatzera bidalia izan zen. Hasieran, Heriotz Erreginaren Uhartera joatea egokitu zitzaion, baina hango baldintzak jasateko gai ez zela izango eta, bere anaia Ikki joan zen uharte hartara entrenatzera, Shun Andromeda uhartera joan zen bitartean. Bertan, Andromedako armajantzia lortzeko entrenatu zen, oso proba gogorrak pasatuz, greziar mitologiako Andromeda pertsonaiari gertatu zitzaion bezala, harri batean kateatuta egon behar izan zuelarik. Animean bere irakaslea Albireo izan zen, mangan Daidalos den bitartean. Zenbait urte entrenatzen eman ondoren, azkenean prest zegoen azken probarako: mitologiako Andromeda bezala kateatua izatea. Proba gaindituz, Andromedako armajantzia lortu zuen.

Lehiaketa Galaktikoan[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lehiaketa Galaktikoan bere borroka bakarra Jabu Monocerosekoaren aurka da, eta garaipena lortzen du. Une horretan agertzen da bere anaia, Ikki, eta Sagitariuseko urrezko armajantzia lapurtzen du.

Zaldun Beltzen aurka[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lehiaketa Galaktikoa amaitu ondoren, gainontzeko brontzezko zaldunekin batera Sagitariuseko armajantzia berreskuratzera doa. Ikkiren morroiak garaituz, lau brontzezko zaldunek urrezko armajantzia osatzen zuten bederatzi zatietatik lau berreskuratzen dituzte, baina oraindik beste bost zati falta dira, Zaldun Beltzen eskuetan dirautenak. Atenaren etxetik gertuko baso baten Seiya agertzen da, eta, bapatean, elurra hasten da, Beltxarga Beltzak eragina. Honen aurka borrokan hasten da, baina laster iristen dira beste brontzezko zaldunak eta zaldun beltzak. Shunek Andromeda Beltzaren aurka borrokatzen du eta garaipena lortzen du. Lau zaldun beltzak garaituak izan ondoren, Ikki bera baino ez da geratzen, armajantziko kaskoaren jabe dena. Shunen hiru lagunek Ikkiren aurka borrokatzen dute, azkenean garaitua dena, eta, une horretan, Fenixeko zalduna gainontzeko brontzezko zaldunen alde jartzen da.

Hamabi etxeetan[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Shun, Atena, Seiya eta Hyôgarekin batera, hegazkinean iristen da santutegira. Bertan, Shiryurekin topo egiten dute. Apur bat beranduago, habitu moduko batekin jantzita dagoen Ptolemy Gezikoarekin topo egiten dute, hasiera batean santutegiko gidaria dirudiena. Baina jainkosa eta lau zaldunak Arieseko tenplurantz abiatzera doazenean, Ptolemyk eraso egiten ditu. Lau brontzezko zaldunei, Ptolemyk jaurtitako geziak ilusiozkoak iruditzen zaizkie, baina bat Atenaren bularrean sartzen da, hau lurrera eroriz. Geziko zilarrezko zaldunak Atena salbatzeko hamabi ordu baino ez dituztela esaten die, eta berehala abiatzen dira laurak Arieseko tenplurantz. Bertan Mu Ariesekoarekin topo egiten dute. Shiryuk erasotzen du Mu, baina honek erraz kentzen du gainetik eta bere ikasle Kikiri brontzezko zaldunei hauen armajantzien kalteak erakusteko esaten dio. Hala egiten du Kikik, eta Arieseko zaldunak, aurrera jarraitu nahi badute armajantziak konpondu behar direla esaten die. Kasu eginez, armajantziak kendu eta zain geratzen dira, Muk bere lana amaitu arte. Lau brontzezko zaldunek erlojua ikusten dute, eta Arieseko sua amaitu dela ohartzen dira, ordu bete pasa denaren seinale. Muk amaitu du armajantziak konpontzen eta, armajantzi berriak jantzita, Seiyak, Shunek, Shiryuk eta Hyôgak aurrera jarraitzen dute.

Laster iristen dira Tauruseko tenplura. Bertan Aldebaran Taurokoarekin topo egiten dute. Shunek, Shiryuk eta Hyôgak urrezko zalduna erasotzen dute, baina honek erraz kentzen ditu gainetik bere Adar Handi teknikarekin, azkenean Seiyak borrokatzen duelarik Tauruseko zaldunaren aurka. Pegasoko zaldunak, azkenik, Aldebaran garaitzen du, eta lau zaldunek aurrera jarraitzen dute.

Lau brontzezko zaldunak Geminiseko tenplura iristen dira, eta bi tenplu ikusten dituzte. Seiya eta Shiryu batetik doaz, eta bertan Geminiseko zaldunaren irudi bat ikusten dute. Argol Perseokoaren aurkako borrokarako bere burua itsutu zuen Shiryuk ilusio bezala nabaritzen du irudi hori, eta biek, azkenean, tenplua zeharkatzen dute. Beste tenpluan, berriz, Shun eta Hyôga daude. Hauek ere Geminiseko zaldunaren irudia ikusten dute. Shun beragana hurbiltzen da, erasorik egin ezean pasatzen utziko diela pentsatuz. Baina Geminiseko zaldunak bi brontzezko zaldunak erasotzen ditu, Hyôga beste dimentsio batera bidaliz Beste Dimentsio Bat teknikarekin. Dimentsioak zeharka ditzakeen bere katea erabilita, Shunek Geminiseko zalduna erasotzen du, une horretan patriarkaren aretoan dagoena, urrezko zaldunaren erasoa geldiaraziz eta Hyôga, beste dimentsio horretatik, Librako tenpluan irtenaz. Hala, Shunek ere Geminiseko tenplua zeharkatzen du.