Edukira joan

Sirusho

Wikipedia, Entziklopedia askea
Sirusho
Bizitza
JaiotzaErevan1987ko urtarrilaren 7a (37 urte)
Herrialdea Armenia
Familia
AmaSyuzan Margaryan
Ezkontidea(k)Levon Kocharyan (en) Itzuli  (2009 -
Hezkuntza
HeziketaErevango Estatu-Unibertsitatea
Jarduerak
Jarduerakabeslaria eta egile abeslaria
Jasotako sariak
Genero artistikoapop musika
soula
R&B garaikidea
herri-kanta
music of Armenia (en) Itzuli
Erromantza
folk-pop (en) Itzuli
Musika instrumentuapianoa
ahotsa

sirusho.am
Facebook: sirushomusic Twitter: sirushoofficial MySpace: sirusho Spotify: 6VbRK01zIB7FMp7tWrivsu Last fm: Sirusho Musicbrainz: fe525302-478a-4629-b439-06299ffd6d73 Songkick: 2596456 Discogs: 1126827 Edit the value on Wikidata

Siranux Harutiunian[1] (armenieraz: Սիրանուշ Հարությունյան; Erevan, Armeniako SES, SESB, 1987ko urtarrilaren 7a), Sirusho (Սիրուշո; euskal grafiaz, Siruxo) ezizenaz ezagunagoa, armeniar abeslari, musikagile eta pianista da[2].

Artista artean hazia, umetatik arrakasta lortu zuen jaioterrian eta armeniar herriaren diaspora zabalean. Hala ere, 2008ko Eurovision txapelketan parte hartu zuenetik, Ekialdeko Europan ere entzute handia izan duen abeslaria da. Arrakasta handien izan duten abestiak grezierazko "Erotas", Eurovisionen aurkeztu zuen "Qélé, Qélé", "Havatum Em" balada, eta, batez ere, azken urtean sekulako salmenta ona izan duen eta armeniar herriaren aldeko aldarria den "PreGomesh" single dantzagarria dira. Azken abesti honek izan duen harrera onari esker, hain zuzen, Sirusho Monte-Carlon ospatu zen 2014ko World Music Awardseko hiru sari jasotzeko izendatua izan zen: abesti onena, musika bideo onena eta emakumezko abeslari onena[3][4].

Siranux Harutiunian 1987ko urtarrilaren 7an jaio zen Erevan hirian. Gurasoak Armeniako artista entzutetsuak dira: Siuzan Margarian, ama, 1980ko eta 1990eko hamarkadetan arrakasta handia izan zuen abeslaria da, eta Hratxia Harutiunian aita, aldiz, armeniar aktore eta zuzendari ezaguna[2][5].

Umetatik erakutsi zuen Sirushok musikarako talentu berezia; hala nola, zazpi urte zituela hasi zen musika propioa idazten, armenieraz eta ingelesez; zortzi urterekin, berriz, lehen aldiz oholtza gainera igo eta jendaurrean abestu zuen; hurrengo urtean, bederatzi urte baino ez zituela, berak konposatutako abesti bati esker talentu berrientzako sari bat irabazi zuen; eta hamar urterekin, azkenik, herrialdean sona handia duen hogeita bi urte azpiko abeslari gazteentzako txapelketa bat irabazi zuen. Urte guzti horietan liruratutako zaleen bultzadaz, lehen albuma hamahiru urte baino ez zituela kaleratu zuen, 2000. urtean; izenburua, Sirusho[2][6].

Lehenbiziko albumari esker, Armeniako abeslari ospetsuenak biltzen dituzten kontzertuetan agertzen hasi zen, eta armeniar musikagileek begiz jo zuten unea izan zen. Herrialdean ez ezik, nazioartean ere arrakasta lortu zuen. Hain zuzen, armeniar herriaren diaspora zabalean bira luzea egin zuen, besteak beste, Frantzian, Alemanian eta Erresuma Batuan, Kanadan eta AEBetan, Grezian, Libanon, Sirian eta Egipton, eta Errusia, Turkia eta Georgia bizilagunetan[6].

2005-2007: Sheram eta Hima

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Soul eta pop musikak biltzen dituen albuma ezagutzera eman ostean, hurrengo laneko kantuak prestatzeari ekin zion. Azkenean, 2005. urtean kaleratu zen bigarren albumean, abeslariak arbasoen ondarea omendu nahi izan zuen. Hala, Gusan Xeram autorearen obra oinarritzat harturik, armeniar folkloreko abestiak batu zituen Sheram (euskal grafiaz, Xeram) izeneko albumean. Azken musika lan honek -eta albumaren zutabea izan zen "Shorora" ("Xorora") abestiak- sari ugari irabazarazi zizkion Sirushori; esate baterako, Armeniako Musika Sarietan 2005. urteko album onenaren eta emakume artista onenaren sariak irabazi zituen, eta Errusiako eta Estatu Batuetako armeniar diasporen eskutik ere 2006. urteko emakume artista onenaren garaikurrak eskuratu zituen[2].

Urte hartan bertan, 2006an, Varduhi Vardanian abeslaria auto istripu batean hil egin zen. Vardanian herrialdeko artista ospetsua eta Sirushoren lagun gertukoena zen, eta heriotzak zeharo hunkitu zuen abeslaria eta armeniar gizarte osoa. Sirushok haren omenezko kanta bat idatzi zuen, "Mez Vochinch Chi Bazhani" ("Mez Votxintx Txi Bazhani"; euskaraz, "Ezerk ez gaitu bananduko"), eta hurrengo urtean argitaratuko zen Hima hirugarren diskoan leku berezia egin zion. Hain zuzen, artistak berak ekoiztu eta idatzi zituen bertan bildutako abesti gehienak[2][7].

Sirusho 2008ko Eurovision txapelketan abesten.

Hirugarren lan honekin, Sirushok armeniar musikaren ohiturekin hautsi nahi izan zuen. Hala, soul eta R&B musika, Armeniako musikagintzak berezko dituen folk instrumentuekin uztartu zituen; hala nola, duduk, dhol eta zurna tresnekin. Gainera, Sofi Mkhejan pop abeslariarekin eginiko "Arjani E" kolaborazioak ere harrera ona izan zuen. Hala, armeniar kantariak bi urte lehenago irabazitako garaikur gehienak eskuratu zituen berriro ere 2007. urtean[8].

2008-2009: Eurovision

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Orduan, Sirusho ezustean harrapatu zuen proposamena luzatu zion Armeniako Telebista Publikoak: herrialdearen hurrengo urteko ordezkari izatea Eurovision Abesti Txapelketan, hain zuzen ere. Abeslariak aukera onartu eta telebista kateak emanaldia prestatzeari ekin zion. Lau armeniar konpositorek propio ekoiztutako eta Sirushok letra jarritako lau kanta agertu ziren, eta, azkenean, armeniar ikus-entzuleen botoei esker, herrialdea ordezkatuko zuen abestia aukeratu zen, "Qélé, Qélé" ("Kele, Kele"; euskaraz, "Goazen, Goazen")[6][9].

2008ko Eurovision Belgrad hirian ospatu zen. Sirusho, maiatzaren 20an izan zen lehenengo finalaurrekoan, maiatzaren 24ko finalera zuzenean sailkatzea lortu zuen. Hain zuzen, finalaurrekoan parte hartu zuten hemeretzi herrialdetatik bigarrena izan zen Armenia, eta, guztira, 139 puntu eskuratu zituen abeslariak. Larunbatean ospatu zen finalean, aldiz, hogeita bost abestiren artean laugarren postua lortu zuen Sirushok, denera, 199 puntu. Arrakasta handia izan zen Armeniarentzat, inoiz Eurovision txapelketan lortu duen posturik altuena izan baitzen. Gainera, 12 puntu gehien jaso zituen abestia izan zen Sirushorena, Belgikatik, Errusiatik, Frantziatik, Georgiatik, Greziatik, Herbehereetatik, Poloniatik eta Txekiar Errepublikatik iritsi ziren puntuak. Garaikurra, baina, Errusiako Dima Bilan abeslariak irabazi zuen[10].

Musika lehiaketan nabarmendu ostean, grezierazko abesti bat kaleratu zuen 2009ko apirilean, "Erotas" edo "Erotas Ksafnikos" (euskaraz, "Ustekabezko maitasuna"). Erritmo azkarreko abestia Greziako laïko herri musika tradizionalean oinarrituta dago, eta Armenian ez ezik, Grezia eta Zipren ere entzute handia izan zuen. Gainera, maiatzean, Sirushok Boaz Mauda eta Jelena Tomasevic 2008ko Eurovisioneko lehiakideekin batera "Time To Pray" abestia grabatu zuen. Hala ere, urte hura arrakasta musikalek baino gehiago, abeslariaren bizitza pribatuak markatu zuen[11].

Sirusho bera protagonista bihurtu zen gatazka politiko batek berriz eraman zuen abeslaria lehen planora 2009ko Eurovisionen. Moskun ospatu zen txapelketan, agerraldi bakoitzaren osteko tartean, bideo txiki bat agertzen zen herrialde bakoitzaren monumentu ezagunenekin. Errusiar errealizadoreek armeniar herriaren bideoan Stepanakerteko Gu geure mendiak gara monumentua sartu zuten, eta eraikuntza hau armeniar herriaren ikur garrantzitsua den arren, Karabakh Garaia lurraldean dago, de jure Azerbaijango Errepublikan dagoen lurraldea. Hala, Azerbaijanek eginiko kexuen ondoren, errealizadoreek irudia bideotik kendu zuten. Dena den, urte hartan Sirusho Armeniako botoen bozeramaile aukeratu zuten, eta botoak emateko unea iritsi zenean, armeniar abeslariak eraikinaren irudia erakutsi zuen behin eta berriz karpeta baten atzealdean. Ekintza horrek tentsio etniko ugari ekarri zituen[2][12].

2009. urteko ekainaren 6an, Sirusho Levon Kotxarianekin ezkondu zen, Armeniako bigarren presidentearen, Robert Kotxarianen, semearekin[13].

2010-2014: Havatum Em eta PreGomesh

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2009a amaitu bezain laster, abeslaria bere laugarren albuma prestatzen hasi zen. Herrialdeak 2010eko Eurovisionera bidaliko zuen ordezkaria aukeratzeko galan bertan, Sirushok laugarren lanaren oinarria izango zen balada aurkeztu zuen jendaurrean, "Havatum Em" (euskaraz, "Sinesten dut"). Saioak arrakasta handia izan zuen eta Maltako aukeraketa galara ere gonbidatu zuten. Urte bereko maiatzaren 22an, Sirushok laugarren albuma kaleratu zuen, Havatum Em izenekoa. Bertan sartu zituen, besteak beste, "Erotas" abestia, "Time to Pray", 2008an Eurovisionen abesteko aurkeztu zituen lau kantak, eta "Havatum Em". Lan honek arrakasta handia izan zuen -batez ere, Armenian-, eta nazioarteko armeniar diasporan promozionatzeko ere hainbat kontzertu eman zituen. Hala, disko berria promozionatzen Frantzian zegoela, amarekin duo bat grabatu zuen Lyon hirian, "Oror" izenekoa. Ama-alabak eginiko abestia azkar zabaldu zen 1980ko eta 1990eko hamarkadetan Siuzan Margarianen, amaren, zaleak zirenen artean[14].

Hurrengo urtean, 2011n, Sirushok single berri bat argitaratu zuen iTunesen, "I Like It" izenekoa, ingelesez. Abesti dantzagarri honek entzute handia izan zuen Ekialdeko Europan eta azaroaren 11n kaleratu zen musika bideoak, gainera, bi milioi ikus-entzule inguru izan ditu[15].

Hala ere, 2012ko gabonetan -abenduaren 10an, zehazki- argitara eman zen Sirushoren gaur egun arteko arrakasta handiena: "PreGomesh" ("ՊռեԳոմեշ"; euskal grafiaz, "PreGomex"; euskaraz, "ArreBufalo"). Egun bat lehenago, abeslariak Facebookeko horman Komitas artistak XX. mendearen hasieran bildutako "Lorva gutanerg" armeniar folk abestiaren eragina zuen kanta bat grabatu zuela jakinarazi zuen. Sortutako jakinmina ondorengo esaldiak jarraitu zion[16]: "Bizitzak inspirazio aukerak eskaintzen dizkigu ematen dugun urrats bakoitzeko, gutxi behar da hauek antzemateko."

Poparen eta armeniar folk musikaren arteko emaitza den abestiak arrakasta itzela izan du. Single dantzagarria armeniar herriaren aldeko aldarria da, eta bufalo animalia hain zuzen ere, etnia honen irudikapena da. Musika bideoak ere zabalkunde handia izan du eta nazioartean gehien ikusi den armenierazko bideoetako bat da; guztira, bost milioi bisita baino gehiago izan du YouTuben. "PreGomesh" abestiak izan duen harrera onari esker, Sirusho Monte-Carlon ospatu zen 2014ko World Music Awardseko hiru sari jasotzeko izendatua izan zen: abesti onena, musika bideo onena eta emakumezko abeslari onena[4]. Nazioarteko sariak eskuratu ez bazituen ere, Armeniar Abeslari Onenaren, Armeniar Abesti Onenaren eta Armeniar Musika Bideo Onenaren garaikurrak lortu zituen.

Azken urtean, "PreGomesh" ondoren, beste hiru single argitaratu ditu Sirushok. Bata, Sákis Rouvás greziar artistarekin kolaborazioan eginiko "See", Grezian, Turkian, Zipren eta Armenian entzuna izan dena, eta iaz kaleratutako "Antarber Ashkharh" ("Անտարբեր Աշխարհ") balada eta "Tariner", Harout Pamboukjian musikariarekin batera[17].

Aurten, Armeniar genozidioaren mendeurrenean, Sirushok, beste hainbat armeniar abeslarik bezala, sarraskiaren oroitzapena egin nahi izan du. Urteurrenaren egunean bertan, "Kga Mi Or" (armenieraz) edo "Where Were You" (ingelesez) abestia kaleratu zuen. Bideoak eta abestiak harrera oso ona izan dute herrialdean eta nazioartean, eta hainbat kritikarik aipatu dute abesti berrian "PreGromesh"-en estiloak arrakasta handiz biziraun duela[18][19][20].

  • Sirusho (2000)
  • Sheram (2005)
  • Hima (2007)
  • Havatum Em (2010)
  • 2005 - "Shorora"
  • 2005 - "Sery Mer"
  • 2006 - "Mayrik"
  • 2006 - "Heranum Em"
  • 2007 - "Hima"
  • 2007 - "Arjani E" (feat. Sofi Mkhejan)
  • 2007 - "Mez Vochinch Chi Bajani"
  • 2008 - "Qélé, Qélé"
  • 2009 - "Erotas"
  • 2009 - "Time to Pray" (feat. Boaz Mauda eta Jelena Tomasevic)
  • 2010 - "Havatum Em"
  • 2011 - "Oror" (feat. Siuzan Margarian)
  • 2011 - "I Like It"
  • 2012 - "PreGomesh"
  • 2013 - "See" (feat. Sákis Rouvás)
  • 2014 - "Antarber Ashkharh"
  • 2014 - "Tariner" (feat. Harout Pamboukjian)
  • 2015 - "Kga mi or / Where were you"

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. 163. araua - Georgieraren eta armenieraren alfabetoetan idatzitako izenak euskarara aldatzeko transkripzio-sistemak. Euskaltzaindia (Noiz kontsultatua: 2014.05.15).
  2. a b c d e f "Սիրուշո Sirusho" (armenieraz) AV Production. 2014.05.13
  3. "Sirusho PreGomesh song and video premiere" ArmenianPulse.com 2014.05.17
  4. a b World Music Awards (2014) 2014.05.18
  5. "Այսօր Սիրուշոյի ծննդյան օրն է" (armenieraz) ArmStar. 2014.05.13
  6. a b c "Biografia" Sirushoren webgune ofiziala. 2014.05.13
  7. "Tragic Sunday: Pop singer dies in car wreck" (ArmeniaNow) 2014.05.15
  8. Sofi Mkheyan Bio. 2014.05.15
  9. "Armenia: Sirusho's song selected tonight" Eurovision.tv. 2014.05.13
  10. Eurovision Song Contest 2008 eurovision.tv. 2014.05.15
  11. Sirusho - Erotas Ksafnikos (Tashir Armenian Awards 2009) ESCToday
  12. Ethnic rivalry wins over kitsch in the Caucasus Frontlineclub. 2009.05.16
  13. "In a fairytale wedding, a talented pop singer marries a president’s son" Reporter 2014.05.16
  14. Sirusho: Havatum Em official video released! esctoday. 2014.05.17
  15. SIRUSHO NEW ! - I Like It (Official Music Video) HD 2011 YouTube. 2011.11.11
  16. accessdate=28 Սիրուշոն ներկայացրեց "ՊռեԳոմեշ" երգի տեսահոլովակը 1in.am. 2012.12.15
  17. "Sirusho releases Antarber Ashkharh" Wiwibloggs. 2014.05.16
  18. "Things are tense in Sirusho's new song Where Were You?" Bloggs. 2015.07.13
  19. "Sirusho releases “Where Were You / Կգա մի օր”". Eurofied. 2015.07.13
  20. "Where were you: Sirusho’s new song dedicated to Armenian Genocide" Armradio. 2015.07.13

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]



Aurrekoa
Hayko 2007an
Anytime You Need abestiarekin
Armenia 2008ko Eurovision Abesti Txapelketan

Qélé, Qélé abestiarekin
Ondorengoa
Inga & Anush 2009an
Jan Jan abestiarekin