Soroak laukoa

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search
Soroak laukoa
Soroak laukoa, Bilbokoa.jpg
Soroak laukoa. 1950eko hamarkadaren bukaeran eta 1960koaren hasieran aritu ziren kantari
Datuak
Jatorria Bilbo, Bizkaia
Musika mota Euskal Kantagintza Berria
Urteak 1958 - 1962
Produkzioa
Diskoetxea(k) Goiztiri
Taldekideak
Alatz Robles-Arangiz
Iker Robles-Arangiz
Ugutz Robles-Arangiz
Irkus Robles-Arangiz
Txabi Villaverde

Soroak laukoa Alatz, Iker, Ugutz eta Irkus Robles-Arangiz anaiek eta Txabi Villaverdek eratutako taldea izan zen, 1958 aldera sortua. Euskal Kantagintza Berriaren hasiera ekarri zuen, baten baino gehiagoren iritziz. Aire berria eman zieten herri kantuei, gitarra espainolaz eta ahotsaz baliatuz. Mixel Labegeriek berak aitortu zien ekarpena. Sona handia lortu zuten Bizkaian eta Ipar Euskal Herrian, eta Parisen ere behin baino gehiagotan abestu zuten, baita Frantziako telebistan agertu ere.

Taldea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Familia kantaririk izan bada, hori Robles-Arangiz Bernaolatarrena izan da. Manuel Robles-Arangiz ELA sindikatuaren sortzaileetakoak eta Luisa Bernaolak mundura ekarritako hamaika neba-arrebetatik lau mutilek Soroak taldea sortu zuten, eta lau ahizpak Ainarak laukotea. Zortziren artean koru bat ere sortu zuten. Gazteena, Estitxu, bakarka aritu zen 25 urteko ibilbide emankorrean. "Trapp familia" deitzen zieten Robles-Arangiz Bernaolatarrei, film ezaguna gogoan, kantatu ez ezik dantzatu eta antzeztu ere egiten baitzuten (Txinpartak antzerki taldean aritu ziren garai batez).

Iker, Ugutz eta Irkus anaiek eta Txabi Villaverdek 1958 aldera sortu zuten Soroak, Bilbon. Bostak Olaeta baletan aritzen ziren, eta emanaldi guztietara errekintoa eramaten zuen Villaverdek. Horrela hasi ziren euskal kantuak abesten, baita ingelesez eta gaztelaniazkoak ere. Geroago Koldo Minaur batu zen taldera, eta azken garaian Alatz aritu zen ordezko moduan. Euskararen eta euskal kulturaren aldeko jarrera suspertzen hasi zen garaian sortu zen Soroak, eta berehala nabarmendu zen Bizkaian antolatzen ziren jaialdietan. Herri kantuak, modan zeuden atzerriko abestiak (euskaraturik) eta espiritual beltzak batzen zituen taldeak bere errepertorioan, eta estilo guztiz aurrerakoia erabiltzen zuen interpretazioan, aire eta kutsu berria emanez hala euskal kantuei nola euskaratutakoei.

Soroak-en berrikuntza ez zen oharkabean pasatu. 1960ko irailaren 1ean Eskualtzaleen Biltzarra zela-eta Arboti-Zohotan (Nafarroa Beherea) eskainitako kantaldi arrakastatsu baten amaieran, Mixel Labegerie hurbildu zitzaien zorionak ematera. "Gu, anartean, Bizkaian baino ez ginen ezagutuak. 300 pertsonaren aitzinean kantatu genuen, bazkarian. Berehala eztabaida hasi zen. Zenbaitek 'Gure kantuek euskal kantuen eraberritze bat ekartzen zutela' zioten. Mixelek 'Soroak ez, zuek sorroak zirezte, hots, bibelarrak. Kantu berriak ekartzen baitituzue' erran zuen jende guztiaren aitzinean" (1). Dena ez zen lore izan. "Herexetikoak" eta "euskal kantuaren lurperatzaileak" deitu zieten garai hartako prentsan. Ikerren arabera, "euskal kantua salbatuko bazen gitarraz kantatu behar zela pentsatzen genuen. Pentsa zein garai zen! Mixelek garai hartan ez zuen gitarra jotzen, pianojolea zen. Geroago emango zituen gitarraz abestutako kantu mitiko haiek" (1).

1959an disko txiki bat grabatu zuen laukoak, Donibane Lohizuneko (Lapurdi) taberna batean. Bi kantu mexikar eta bi euskal kanta grabatu zituzten De Bilbao a México izeneko lan hartan. Diskoak ez zuen zabalpenik izan, baina bai ordea, hurrengoak. Urte gutxi batzuk geroago, Mikel Laboak aldarrikatu zuen Soroak laukoaren disko txikiaren garrantzia. Disko hura 1962an grabatu zuten, Baionako Euskal Museoan, Ximun Haranek Alemanian erositako grabagailuarekin, eta Goiztiri diskoetxeak argitaratu zuen. Lana osatzen zuten sei kantuetatik bat "Salbatore" zen, Soroak laukoaren kantu ezagunena. Ordurako Beskoitzen (Lapurdi) bizi ziren lau anaiak, Hego Euskal Herriko giro politiko nahasiak Bilbotik aldarazirik. Diskoa grabatu eta gutxira desegin zen taldea.

Kanpora maiz atera zen Soroak kantatzera, bereziki Frantziara. Hango telebistan behin baino gehiagotan kantatu zuen, eta Parisen André Dassary eta Luis Mariano abeslariekin partekatu zuen agertokia.

Desegin zenetik bakanak izan dira Soroak taldearen agerraldiak, azkena Mixel Labegerieri eskainitako omenaldiaren karira, 2000ko urriaren 15ean, Kanbon (Lapurdi).

Robles-Arangiztarren kantari katea ez da eten. Ikerrek eta bere hiru seme-alabek (Gorka, Naia eta Koldo) Aritzak taldea sortu zuten, eta dagoeneko bost disko argitaratu dituzte; horietako bitan Mixel Labegerieren kantuak bildu zituzten.

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]