Dituen iturburuak ezagunak dira, bertan bainuetxe edo termak baitaude. Badira hamabi bainuetxe, 1.300 ohe eta zortzi hotel guztira. Beraz, zerbitzuen alorrean oinarritzen da ekonomia jarduera nagusia.
Olha-ko bizilekuan eginiko aurkikuntzek erakusten dutenez, historiaurreko garaietan baziren biztanleak Kanbon. Bertako urek dituzten berezitasunak ezagunak dira erromatarren garaitik. 1199ko dokumentu batean aipatzen da lehen aldiz Kanboko herria Sansa izenez (Azantzako jauretxetik ziurrenik). 1244anTibalt I.aNafarroako erregearen armadak oinetxe ugari suntsitu zituen herrian.
XIX. mendean zehar 1.200 biztanle inguruko kopuruetan mantendu zen, goranzko joerarekin, eta mende bukaerarako 2.000 biztanle zituen. 1920ko eta 1930eko hamarkadetan aurrera hazkunde esanguratsua izan zuen, eta 3.500 biztanleren bueltan geratu zen XX. mendearen bigarren erdian. XXI. mendearen lehen hamarkadan, berriz, hazkunde handia izan zuen Kanbok eta 6.000 biztanleen langa gainditu zuen.
Gaur egun ikastola ("Errobi") eta bertso-eskola bana ditu herriak. Berezko euskalkia lapurtera da, eta Sara-Ainhoa inguruko hizkera[4] mintzatzen da Kanbon[5].
Arnaga etxea: Edmond Rostand frantses antzerki idazleak eraikiarazi zuen etxe ikusgarria. Bertan 1906-1918 artean bizi izan zen eta Chantecler antzezlana idatzi. 1958. urtean Kanboko udalak erosi zuen Edmond Rostand museoa egiteko.