Edukira joan

Taurus (mendilerroa)

Taurus (mendilerroa)
Datu orokorrak
Mendirik altuenaDemirkazık Peak (en) Itzuli
Garaiera3.756 m
Motamendikatea
Luzera600 km
Geografia
Map
Koordenatuak36°59′47″N 33°00′07″E / 36.9964°N 33.0019°E / 36.9964; 33.0019
Honen parte daAlpetar gerrikoa
Geologia
Material nagusiaarroka sedimentario
Artikulu hau Turkiako mendilerroari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Taurus».

Taurus[1] (turkieraz: Toros Dağları; antzinako grezieraz: Όρη Ταύρου) —Taurus mendiak bezala ere ezaguna— Turkiako hego-ekialdean dagoen mendilerroa da.[2] Mendebaldean Eğirdir aintziratik eta ekialdean Eufrates ibaiaren goi-ibilgura doan bihurgune batean zehar hedatzen dira, Mediterraneo itsasoarekin paraleloan doan arku bat osatuz, Anatoliako goi-ordokiaren hegoaldeko muga dena. Ekialdean adar bat dago (Antitaurus) ipar-ekialderantz jarraitzen duena Eufratesen sorlekura arte, eta beste adar bat (ekialdeko Taurus) Van aintziraren hegoaldera eta Tigris ibilguaren iparraldera igarotzen dena, Eufratesek zeharkatzen duena Siriarako jaitsieran.

Demirkazık (3.756 m.) tontorrik altuena dute, beste hainbat punta edukita 3.000 metrotik gorakoak. Antzinaroan Ziliziar Ateak izenez ezagutzen zen pasabideak Taurus mendien erdialdea zeharkatzen du, Tarso hiriaren iparraldean. Bere kareharria higatu egin da, ur-jauzien, lurpeko ibaien eta Asiako haitzulo handienetako batzuen paisaia karstikoak eratuz. Taurus mendiek hesi klimatiko bat osatzen dute klima kontinentaleko Anatolia ordokiaren eta klima mediterraneoko hegoaldeko kostaldearen artean.

Taurus mendiek hiru sekzio dituzte. Hauek dira katearen sekzioak eta mendikateak mendebaldetik ekialdera:

  • Mendebaldeko Taurusa: AkdadeLar, Bey mendiak, Katrank mendia, Geyik mendiak
  • Taurus Ertaina: Akçalı mendiak, Bolkar mendiak, Aladağlar mendiak, Tahtalu mendiak
  • Taurus mendien hego-ekialdea: Nurhak mendia, Malatya mendiak, Maden mendiak, Genç mendiak, Bitlis mendiak

Mendebaldeko Taurusa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mendebaldeko Taurus mendiek edo Antalyako Taurus mendiek arku bat marrazten dute Antalyako golkoaren inguruan, Teke penintsulatik abiatuta. Ekialdean, Taşeliko goi-lautada dago, eta Göksu ibaia Taurus Ertaineko mendietatik bereizten da.

Taurus Ertaineko mendiak Mersin-Antalya arteko mugan hasten dira, gutxi gorabehera, eta ipar-ekialderantz jarraitzen dute, Binboğa mendietaraino.

Taurusko hego-ekialdea

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Taurusko hego-ekialdeak Anatolia hego-ekialdeko eta Mesopotamia iparraldeko muga geografikoa osatzen du. Tigris ibaiak alde honetan du iturburua.

Taurus mendien hego-ekialdeko mendebaldeko muga, Ceyhan ibaiaren bailara, Ahır eta Engizek mendietatik abiatuta.[3] Bey, Hazarbaba, Maden, Mastar, Akdağ, Akçakara, Muşgüneyi eta İhtiyarşahap mendiak bertan daude Hakkâri eskualdera iristen da.

Turkiako Hakkâriko mendi garaiak inguruan daude. Şırnak eta Şemdinli artean, 3000-4000 metroko garaiera duten mendi igarogaitzak, malkartsuak eta tontor zorrotzekoak daude: Karadağ, Sat, Buzul (Cilo), Karadağ (Hakkariko iparraldean), Sümbül, Samur, Altın, Serdolusu, Tanintanin. Mendi hauek elkarren paraleloak dira.[4]

Taurus Ertaina

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Taurus Ertaina (turkieraz: Orta Toroslar) 32 ° 48 'ekialdeko luzeran batzen da Mendebaldeko Taurusarekin, Mediterraneoko kostan zehar ipar-ekialderantz hedatzen da eta arku handi bat eratzen du Çukurovako beheko lurren inguruan, Ceyhan (Pyramos) ibaiaren ituburura iritsi arte, Kahramanmaraş probintzian, Taurusaren hego-ekialderantz.

Çukurovako beheko lurrak eta Taurus Ertaineko zati batzuk Ziliziarenak izan ziren Antzinaroan, eta, beraz, Taurus Ertaina Ziliziar Taurus ere esaten zioten. Ziliziar Ateak, Tarsosetik 40 km iparraldera dagoena, pasabide garrantzitsuena da Taurusen zati honetan.

Taurus Ertainean, mendi askok 3000 eta 3700 metro arteko altuera dute. Niğde hiritik 40 km hego-ekialdera, Taurus Ertaineko eskualde menditsurik altuena dago: Aladağlar, mendiak, 1995ean parke nazional izendatuak. Mendirik garaiena Demirkazık Dağı (3756 m) da, Niğde probintzian. Taurus osoko garaienatz hartu zuten, izan ere, Turkiaren ekialdeko muga baino lehentxeago altxatzen den Hakkâri Dağlari eta askoz gorago dagoen Uludoruk Tepesi (4135 m) ez ziren Taurusen zatitzat hartzen.

Taurus mendiak Afrikako eta Euroasiako plaka tektonikoen talkaren ondorioz sortu ziren. Azpiko harri nagusia kareharria da. Aladar eta Bolkar mendietan, kareharria higatu egin da ur-jauzien, lurpeko ibaien eta Asiako haitzulo handienetako batzuen paisaia karstikoak osatzeko. Manavgat ibaia Beydaglari mendikatearen hegoaldeko isurialdean sortzen da.[5]

Taurusko mendikateak hainbat kate paralelotan banatuta daude eta leku batzuetan 4.000 metroraino iristen dira. Faila geologikoetan eta ibai-haranetan zehar izandako higadurak ezin izan zuen alpetar igoeraren erritmoa jarraitu, mendien sorrera bereziki bortitza izan baitzen hemen. Mendiak arku handi batean hedatzen dira Turkiako hego-ekialdetik eta milaka kilometro Elburz edo Zagros persiarretara eta Hindu Kushera. Lurrazalaren zati batzuk lekualdatzen direnean, lurrikarren eta bulkanismoaren eragina jasaten dute aldian-aldian eskualde horietako askok.

Taurusen ekialdean, Erdialdeko Anatolian ohikoa den bezala, ipar-ekialdetik hego-mendebalderako kate-sistema paraleloak daude. Gero eta gehiago zabaltzen dira ekialderantz. Mendikate bakoitzaren altuera 3000 eta 4400 metro artekoa da, eta haranena, berriz, kateen artean, 2.000 metro ingurukoa.

Van aintziratik gertu, Irakeko iparraldearen eta Armeniaren arteko erdibidean, Taurusko mendialdeak Armeniako Lurralde Garaiekin egiten dute topo. Hemen, sumendien kate osoek sumendi-mantu boteretsuak sortu dituzte. Araratez (5137 m) eta Süphan mendiaz (4058 m) gain, Nemrut sumendia (3050 m) eta mendebalderago Erciyes Dağı (3891 m) eta Hasan Dağıı (3268 m) mendiak daude.

Altak biziki tolestuta daude eta arro tektoniko ugari sortu zituzten, horietako batzuk lautada bihurtu zirelarik ibai-sedimentuen ondorioz. Horren ondorioz, hainbat aintzira handi ere badaude eskualdean.

Baliabide mineralak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Taurus mendiak nabarmenak dira kromo-biltegiengatik. Kromoa altzairu herdoilgaitza eta hainbat aleazio ekoizteko erabiltzen da batez ere. Eskualdeko kromita-metaketak ekonomikoki esanguratsuak dira, mineral baliotsu hori erauzten duten hainbat meategi izanda.[6][7][8]

Kobrezko mineralak funtsezko kopuruetan daude Taurus mendien barruan. Horrek kobrezko hainbat depositu mota biltzen ditu, hala nola kalkopirita eta bornita. Kobrezko meatzaritza industria garrantzitsua izan da eskualde honetan, eta tokiko eta herrialdeko ekonomiei lagundu die.[9][7]

Urrea Taurus mendietan ere badago, baina ez da kobrea edo kromoa bezain zabala. Esplorazioak eta eskala txikiko meatze-operazioek urrezko gordailu horietara zuzendu dute beren arreta, eta Turkiako urrearen ekoizpen orokorrari lagundu diote.

Beruna eta zinka ere Taurus mendietan daude, sarritan oinarrizko beste metal batzuekin konbinatuta. Depositu horiek zain hidrotermalekin lotuta egon ohi dira, eta beren balio industrial eta ekonomikoagatik atera dituzte.[7]

Barita, zulaketa-jariakinetan eta hainbat produktutan betegarri gisa erabiltzen den minerala, Taurus mendietan dagoen beste baliabide bat da. Petrolioaren eta gasaren industrietan duten erabilgarritasunagatik ustiatzen dira barita-biltegiak.

Kareharrizko depositu zabalak ere badituzte, eraikuntzan, zementu-ekoizpenean eta hainbat industria-aplikaziotan erabiltzen direnak. Eskualde honetako kalitate handiko kareharria purutasunagatik eta sendotasunagatik baloratzen dute.

Turkia marmolagatik da ezaguna, eta Taurus mendiek ospe hori lortzen laguntzen dute. Eskualdeko marmolezko biltegiak ezaugarri estetikoengatik dira ezagunak, eta gama altuko eraikuntzan eta dekorazioan erabiltzeko ustiatzen dituzte.[7]

Talkoa, igeltsua eta hainbat buztin bezalako mineralen biltegi txikiak ere badituzte, zeramika, papera eta eraikuntza bezalako industrietan erabiltzen direnak.[7]

Mendiek klima mediterraneoa dute, uda lehorra eta negu euritsuak. Tenperaturak gora egin ahala aldatzen dira: negu epelak izaten dira kostaldeko beheko hegaletan, eta negu hotzak mendi garaietan eta barnealdean.[10]

Flora eta fauna

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Garaiera baxuagoetan, landaretza nagusia haritz hostoiraunkorren eta turkiar pinuaren (Pinus brutia) basoa eta zuhaiztia da, baita makien sastrakadi-eremuak ere. 1200 metrotik gorako garaieran larizio pinuko (Pinus nigra), Libanoko zedroko (Cedrus libani), Taurusko izeiko (Abies cilicica) eta ipuruko (Juniperus spp.) baso menditarrak daude. Gailur altuetan alpetar larrediak daude.[10]

Zezena, eskuarki, Ekialde Hurbileko antzinako ekaintz-jainkoen sinboloa eta irudikapena zen, hortik Taurus zezena eta hortik mendien izena.[11] Mendiak ekaitz-jainkoen antzinako tenplu askoren lekua dira Antzinako siriarrek mendi hauetako ekaitz elektrikoak Adad ekaitz-jainkoaren lana zirela uste zuten, Tigris eta Eufrates ibaiak hazi eta urez bete zitezen eta, beraz, beren lurra ongarritu zezaten.[12] Hurritak, segur aski antzinako Ekialde Hurbileko ekaitz-jainko ezberdinen sortzaileak, jakintsu modernoek Taurus mendietan kokatzen duten herria ziren.

Brontze Aroko gune arkeologiko bat, eztainua atera izanaren ebidentzia goiztiarra aurkitu zena, Kestelen dago.[13] Antzinaroan Ziliziar Ateak izenez ezagutzen zen pasabideak mendikatea zeharkatzen du Tarso hiriaren iparraldean.

Turkiaren hegoaldean dagoen Amanus mendikatean altxatzen dira Tauro mendiak hiru plaka tektoniko elkartzen direnean. Amanusa muga naturala da: mendebaldea Zilizia da, ekialdea Siria. Amaniar Atea (Bahçe Pasabidea), esaterako, garrantzi estrategiko handikoak dira. K.a. 333an, Issosko guduan, Alexandro Handiak Dario III.a Kodomano garaitu zuen, bi pasabide hauen arteko kostaldean zehar zeuden muinoetan.[14] Bigarren Tenpluaren garaian, Agindutako Lurraldearen definizio geografikoa zehaztasun handiagoz ezarri nahi zuten jakintsu juduak Hor mendia interpretatzen hasi ziren Taurus mendietako Amanus mendilerroaren erreferentzia gisa, Siriako lautadaren iparraldeko muga markatzen zuena.[15]

Lehen Mundu Gerran, Taurus mendien bidezko tren-sistema alemaniarra eta turkiarra aliatuen helburu estrategiko garrantzitsua izan zen. Eskualde hau Armistizioko aliatuei amore emateko estrategikoki kontrolatutako helburu gisa aipatu zen, Otomandar Inperioaren aurkako liskarrak amaitu zituena.[16]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Euskaltzaindia. Anatoliako eta Hego Kaukasoko toponimia. .
  2. Reşat İzbırak, 1996, Turquía I-II , MEB Publishing, Serie de libros para maestros: 196, Volumen I, Estambul, p. 39.
  3. Yigit Ali. (2002). Suthern Toroslar in Yoresel survey. Fırat University Journal of Social Sciences.
  4. Reşat İzbırak, 1996, Turquía I-II, MEB Publications, Öğretmen Kitapları Dizisi: 196, Volumen I, Estambul, p. 39.
  5. (Ingelesez) Manavgat River Water as a Limited but Alternative Water Resource for Domestic Use in Middle East. .
  6. Michael A. McCarthy, H. Ali, and V. Ustaomer. Geology of Turkey: A Review. (2017) Journal of the Geological Society of London. 20 pag. ISSN: 0016-7649
  7. 1 2 3 4 5 B. Turgut and E. O. Erkan. The Geology of Turkey: A Comprehensive Review (2021) Springer 450 pag. ISBN: 978-3-030-45678-0
  8. Mineral Resources of Turkey- General Directorate of Mineral Research and Exploration (MTA) - 2018 - 180 pag.
  9. Ünlü and H. S. Turgut. Economic Geology of the Taurus Mountains (2020)- Mineralium Deposita, 15 pag, ISSN: 0026-4598
  10. 1 2 "Southern Anatolian montane conifer and deciduous forests". Terrestrial Ecoregions. World Wildlife Fund.}
  11. Ravinell, Alberto and Green, Whitney The Storm-god in the Ancient Near East, p.126. ISBN 1-57506-069-8
  12. Saggs, H.W.F. The greatness that was Babylon: a survey of the ancient civilization of the Tigris-Euphrates Valley, Sidgwick & Jackson, 2nd Revised edition, 1988, p.380. ISBN 0283996234
  13. Yener, K.A. (2000) The Domestication of Metals: The Rise of Complex Metal Industries in Anatolia Brill, Leiden, ISBN 90-04-11864-0 p. 91
  14. (Ingelesez) «Amanus Mountains» Livius - Places (Livius.org - Jona Lendering) 2014-03-26.
  15. Txantiloi:En) Bechard, Dean Philip. (2000-01-01). Paul Outside the Walls: A Study of Luke's Socio-geographical Universalism in Acts 14:8-20. Gregorian Biblical BookShop, 203–205 or. ISBN 978-88-7653-143-9..
  16. Price, Ward (16 December 1918) "Danger in Taurus Tunnels" New York Times

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]