Topic on Wikipedia:Txokoa

Koldo Biguri (eztabaidaekarpenak)

Kaixo, Egungo Testuen Corpusean ikusi dut "harremandu" aditzaren adibide asko eta asko euskal Wikipedian daudela; aditz hori ez dago Euskaltzaindiaren Hiztegian eta esango nuke kostatuko zaiola onartzea gure Akademiari. Norbaitek al daki ba ote dagoen modurik artikulu guztietako erabilera horiek masiboki aldatzeko? Ala banan-banan egin behar da?

Theklan (eztabaidaekarpenak)

Bot baten bidez egin daiteke, baina zein da aditz egokia?

Koldo Biguri (eztabaidaekarpenak)

Aldaketa masiboa egiteko errazena, "erlazionatu" (aldaera guztiekin: erlazionatzen, erlazionatuko, erlazionatzeko...)

Iñaki LL (eztabaidaekarpenak)

Nik ez nuke automatikoki "harremandu" aditza kenduko, zilegitzat daukat osoki, testuinguru testualaren arabera, betiere, eta sinonimo gisa funtziona dezake.

Theklan (eztabaidaekarpenak)

"Harremandu" oso gutxitan agertzen da, eskuz egin liteke kasuan kasu.

Koldo Biguri (eztabaidaekarpenak)

Nik, aldiz, bai uste dut kendu behar dela, eta Wikipedian saiatu behar dugula Euskaltzaindiaren Hiztegia (EH) erabiltzen, batez ere "erlazionatu" bezalako aditz arrunten kasuan.

Berriaren Estilo Liburuan ere ez da agertzen.

Bestalde, batek "harremandu" izan dezake zilegitzat eta beste batek "harremanatu", eta gaua berbera beste hainbat kasutan. Itzulpena irakasten dugunok, behintzat, ikasleei mezu argia ematen diegu beti irizpide nagusi gisa EH erabiltzeko; gero, noski, hainbat corpus daude, EHn jasota ez dauden terminoen erabileraz dokumentatzeko. Baina, esan bezala, Egungo Testuen Corpusean, euskarazko Wikipedia da "harremandu" aditzeraren erabilerarik ugariena egiten duena. Nire ustez, honelako erabilerek ez diote mesede handirik egiten euskarazko Wikipediaren kalitate linguistikoari buruzko iritzi orokorrari.

Iñaki LL (eztabaidaekarpenak)

Hizkuntza dinamikoa da eta bizirik dago, eta hitz bat ondo ulertu eta behar bezala transmititzen duenean, ez nintzateke murriztailea izango inondik ere, eta ikusi denboraren joanean nolako bilakaera duen. Oker ez banabil, Googlen 285 emaitza ditu, askotariko iturrietan. Ez gaitezen zurrunegiak izan.

Antzeko bidetik doa "solastu" hitza. Aleka eta testuinguruka begiratu beharko litzateke, eta ez bazterketa automatizatu. Hala ikusten dut nik

Urtar (eztabaidaekarpenak)

Solastatu eta solas egin Euskaltzaindiaren Hiztegian daude. Ez dago Euskal Wikipedian horiek erabiltzeko arazorik.

Theklan (eztabaidaekarpenak)
Koldo Biguri (eztabaidaekarpenak)

Ez dakit inon jasota dugun Euskaltzaindiaren araugintza eta hiztegigintzarekin zer egin behar den WPn, eta ondo legoke argitzea; nik, behintzat, nahiago izaten dut irizpide garbiak izatea eta Euskaltzaindiak hitz berriak onartzen dituenean horiek erabiltzea.

Nolanahi, hona hemen hitz horretaz Euskaltzaindiak zenbait lekutan esandakoa: "Baina, esan bezala, izena aditz bihurtze hau aski emankorra izanik euskaraz, eta tradizio luzekoa izanik, gainera, baditu mugak, eta ezin da nolanahi erabili. Hala, apez hitzak apeztu aditza ematen du, serorahitzak seroratu, apezpiku hitzak apezpikutu, fraide hitzak fraidetu, eta artzain izenak artzaindu (adibide gutxirekin, zernahi gisaz). Ordea, moja izenak ez du *mojatu ematen, edo ertzain izenak *ertzaindu aditza. Horregatik, biziki bitxiak gertatzen dira inolako tradiziorik gabeko sortu berri diren aditz batzuk: harremandu, sukaldatu..." (https://www.euskaltzaindia.eus/index.php?option=com_liburuak&ItemId=1765&task=gramatika&lang=eu-ES&kodea=120310&mark=sec12.3.10c).

"Baditugu, azkenik, kalko hutsez sortuak ere; gaztelaniazko eredua kontuan izanik eratu ditugunak. Zaila da horrelakoetan esanahi lexikoa zein den zehaztea. Horien artean ditugu ezaugarritu, harremandu/harremanatu,... Badirudi horien ondoan erraz erabil genitzakeela aditz predikatu konplexuak: harremanak izan, laginak hartu, ezaugarri izan eta abar" (https://www.euskaltzaindia.eus/index.php?option=com_liburuak&Itemid=1765&task=gramatika&lang=eu-ES&kodea=06)

Theklan (eztabaidaekarpenak)

Edonola, eta hasierako galderari erantzunez. Ez dira hainbeste artikulu ere, eta errazago ematen du kasuan kasu aldaketak egiten hastea, bot batekin baino, bestela guztietan aldaketa berbera izango bailitzateke.

Iñaki LL (eztabaidaekarpenak)

Kalkoaren arriskua hor dago, betiere (bide batez, zer dira afganiar, irakiar, daniar eta abar?), baina baita formak trinkotzeko joera, eta funtzionalak badira, ez nituzke automatikoki baztertuko. Theklanen soluziora lerratzen naiz.

Urtar (eztabaidaekarpenak)

Uste dut euskaraz baditugula hainbat esamolde jator "relacionarse" adierazteko: lotu, harremanak izan, harremanetan hasi, harremanetan egon, harremanetan ipini, harremanetan jarri, eta baita erlazionatu ere.

Theklan (eztabaidaekarpenak)

Esandakoa, horiek jatorrago baderitzozu, kasuan kasu begiratuko nuke zein den soluziorik onena artikulu bakoitzerako, pentsatzen dudalako ez dugula guztietan "harremandu" zentzu zehazki berberean erabiltzen.

"Nola egin aldaketa masibo bat?" mezuari erantzun