Edukira joan

Txano Gorritxo

Wikipedia, Entziklopedia askea
Artikulu hau ipuinari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Txanogorritxu (onddoa)».
Txano Gorritxo
Txano Gorritxoren ilustrazioa
Argitalpena
SortzaileaAhozko tradizioa
Datu biografikoak
HerrialdeaEuropa mendebaldean
Sexuaemakumezkoa
Bertsioaren arabera, Txano Gorritxoren izaera, etsaiak, harremanak... aldatu egiten dira

Txano Gorritxo (frantsesez: Le Petit Chaperon rouge; alemanez: Rotkäppchen; ingelesez: Little Red Riding Hood; gaztelaniaz: Caperucita Roja) ahozko tradizioan sortutako maitagarrien ipuin bat da, 1697. urtean Charles Perrault idazle frantsesak idatzi zuen. Geroago, eta beharbada egungo bertsioa ospetsua, XIX. mendean Grimm anaiek bildu eta zabaldu zuten, 1812an.[1] Baina, argitalpenon aurretik, Mendebaldeko Europako hainbat herritan ahots-tradizioko ipuina izan zen, Erdi Aroan[2]. Txano Gorritxo izena protagonistak beti txano gorri bat jantzita eramatetik dator. Ipuinean, bi toki bereiz daitezke; segurtasuna eskaintzen duena eta basoak transmititzen duen arriskua.

Bertsio ezberdinak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Urte askotan zehar, kontakizunaren bertsio originala Perraultek sorturikoa dela uste izan bada ere, azken urteetan baieztapen okerra dela diote adituek. Jatorrizkotik gertuen dagoen bertsioa Amonaren istorioa deituriko ipuina dela diote. Handik urte batzuetara, ordea, Perraultek eta Grimm anaiek, besteak beste, ipuina goxatu, haurrentzat egokitu eta mezu moralizatzaileekin osatu zuten.[1]

Bertsio originala

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bertsio horretan, gizotsoa amonaren etxera iritsitakoan, amona hil, zatitu, haren haragia jan, odola edan eta soberakinak gorde egiten ditu. Ohean sartzen da, amonaren itxura eginez eta behin Txano Gorritxo etxean, soberakinak jateko agintzen dio. Neskatila, amona jan eta edan ondoren, "amonarengana" hurbiltzen da eta gizotsoak arropak kendu eta berekin oheratzeko esaten dio. Biluzten ari den bitartean, arropak sutara jaurtitzen ditu, gizotsoak esan baitio ez dituela gehiago beharko. Txano Gorritxok, iruzurraz jabetzen denean, kanpora irten behar duela esaten dio gizotsoari, bere beharrak egitera. Gizotsoak ohean egoteko esaten badio ere, Txano Gorritxok kanpora joan behar duela berriz esaten dio. Orduan, gizotsoak Txano Gorritxo artilezko soka batez oheari lotuta uzten du, kanpora irtetean alde egin ez dezan. Neskatoa irteten denean, orkatilako soka askatu, aranondo bati lotu eta ihes egiten du.

Perraulten bertsioa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bazen behin, txano gorritxo bat eramaten zuen neskato eder bat, hain ongi ematen zion txapelak, ezen leku guztietan Txano Gorritxo deitzen baitzioten. Egun batean, amona gaixorik zegoenez, amak opiltxoak eta gurin-ontzitxo bat eraman ziezazkion eskatu zion. Txano Gorritxo berehala abiatu zen amonaren etxe aldera, baina basoan barrena zihoala, otso batekin topo egin zuen. Otsoak neskatoa jateko gogoa bazuen ere, ez zen ausartu inguruan aizkolari batzuk zirelako, eta horren ondorioz, nora zihoan galdetu zion. Txano Gorritxo, ez zekienez otsoari entzuten gelditzea arriskutsua zela, berarekin hitz egiten geratu zen. Orduan, amonaren etxera zihoala eta etxea non zegoen esandakoan, otsoak bera beste bide batetik joango zela erantzun zion. Beraz, otsoa bide laburrenetik ziztu bizian joan zen eta Txano Gorritxo, aldiz, hurrak biltzen eta tximeletei segika, lasai biderik luzeenetik joan zen.

Otsoa berehala iritsi zen amonaren etxera eta atea jotzean, Txano Gorritxo biloba zela eta amak emandako opiltxoak eta gurin-ontzitxoa zekartzala esan zionez, amonak atea nola ireki esan zion. Otsoak atea zabaldutakoan, amona gaixoaren gainera salto egin eta irentsi egin zuen. Berehala atea itxi, amonaren arropak jantzi eta ohean sartu zen, Txano Gorritxoren zain.

Txano Gorritxo iritsi zenean, atea jo eta otsoaren ahots sendoa entzun zuenean, ikaratu egin zen, baina, gaixorik zegoela pentsatu zuenez, atea ireki eta barrura sartu zen. Opiltxoak eta gurin-ontzitxoa mahai gainean utzi eta berarekin ohean sartzeko esan zion. Txano Gorritxo erantzi eta ohean sartutakoan, harriturik geratu zen. Orduan honela mintzatu zitzaion:

- Amona, nolako beso handiak dauzkazun!

- Heu hobeto besarkatzeko ditun, laztana.

- Amona, nolako hanka handiak dauzkazun!

- Arinago ibiltzeko, laztana.

- Amona, nolako belarri handiak dauzkazun!

- Hobeto entzuteko, laztana.

- Amona, nolako hagin handiak dauzkazun!

- Heu jateko.

Eta hitz horiekin batera, otso gaiztoak Txano Gorritxo jan zuen.[3] [4] [5]

Grimm anaien bertsioa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bazen behin neskatila bat ikuste hutsarekin jende guztiak maite zuena. Gehiena maite zuena bere amona zen, denetik ematen zion. Behin txano bat oparitu zion, tertziopelo gorriz egina. Hain ongi geratzen zitzaionez, beti hura jantzita ibiltzen zen eta horrela hasi zitzaion jendea Txano Gorritxo deitzen. Egun batean, amak opil zati bat eta botila bete ardo eman zizkion amonari eramateko, gaixo baitzegoen. Zuzen joateko eta bidetik ez aldentzeko esan zion amak. Basoan zihoala otsoarekin topo egin zuen, eta gaiztoa zela ez zekienez, ez zion beldurrik izan. Nora eta zertara zihoan galdetu zion otsoak eta Txano Gorritxok dena erantzun zion. Orduan otsoak ideia bat izan zuen. Txanogorritxori loreak biltzeko eta txorien kantuez gozatzeko esan zion eta bitartean bera amonaren etxera joan zen zuzenean.

Amonaren etxera iritsi eta atea jo zuen. Amonak ahul dagoela eta krisketari sakatuz barrura sartzeko esan zion. Otsoak, ezer esan gabe, etxera sartu eta jan egin zuen. Ondoren, haren arropa jantzi eta ohean sartu zen. Berehala heldu zen txanogorritxo eta segituan zerbait arraroa sumatu zuen amonaren etxean. Bere ohera hurbildu eta galderak egiten hasi zitzaion, azkenik otsoak bera jan zuen arte.

Otsoak tripa betea zuela, ohean etzan zen berriro ere, lokartu eta zurrungaka hasi zen. Etxe ondotik igarotzen zen ehiztariak zurrungak entzun eta amonari zerbait gertatzen zitzaiolakoan barrura sartu zen laguntzeko asmoz. Ohean otsoa ikusi eta berehala eskopetarekin tiro egitea pentsatu zuen, baina agian amona irentsia zuela pentsatu eta artaziekin tripa irekitzea hobe izango zela pentsatu zuen. Tripa ireki eta segituan atera ziren Txano Gorritxo eta amona, biak bizirik. Ondoren otsoaren tripa harriz bete zuten eta esnatu zenean, ihes egin nahi izan zuen, baina harriak oso astunak ziren eta berehala lurrera erori eta hil egin zen. Hirurak pozik geratu ziren; ehiztariak otsoaren larrua hartu zuen, amonak Txano Gorritxok ekarritako opila jan eta ardoa edan zuen, eta Txano Gorritxok bere artean pentsatu zuen: ez naun bizi artean behin ere gehiago bidetik kanpo ibiliko, amak galaraziz gero. 

Beste egun batean, berriro ere basoan zihoala, otsoarekin topo egin zuen Txano Gorritxok. Baina oraingoan bere bidetik zuzen jarraitu zuen amonaren etxeraino. Biak etxea zeudela, otsoa joan zen ate joka, baina ez zioten ireki. Azkenik, otsoa teilatura igo zen gero Txano Gorritxo jateko asmoarekin. Baina amonak argi ikusi zituen bere asmoak, eta Txano Gorritxori lan bat jarri zion.

-Har ezazu pertz bat, atzo lukainkak egosi nituen; eraman ezazu etxe aurreko askara lukainkak egosteko erabilitako ura.

Aska urez bete ostean, otsoak lukainka usaina usaindu eta teilatutik lepoa luzatuta behera begira egon zen une batez, azkenik irristatu eta askara erori eta ito zen arte. Txano Gorritxo pozik itzuli zen etxera, inork kalterik egin ez ziolako. [6] [7]

Beste bertsio batzuk

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Txano Gorritxoren ipuinaren bertsio garaikide asko egin dira. Hauek dira euskaraz idatzi edo euskarara itzuli diren ipuinaren bertsio berrietako batzuk:

Pertsonaien deskribapena

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Txano Gorritxo

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ipuin hori oinarritzat harturik, bertsio ugari sortu badira ere, guztietan Txano Gorritxo haur eder gisa irudikatzen da. Maitagarrien ipuin bat denez, ez da protagonistaren izenik ageri eta guztiek Txano Gorritxo deitzen diote, soinean daraman txano gorriak ongi ematen diolako. Haur ederra izateaz gain, ipuin guztietan ikus daiteke pertsonaiak bihotz ona duela eta bere amaren esana betetzen duela. Bertsio batzuetan, ilehori irudikatzen bada ere, beste hainbatetan gaztain koloreko ilea du. Gainera, ipuin gehienetan, otarretxo batekin doa, amona gaixoarentzako opiltxoz betea. Deskribapen fisikoaz gain, nortasunari dagokionez ezaugarri nabarienak inozentzia eta sinesberatasuna dira. Izarea horrek arazoetan sarrarazten du; izan ere, otso gaiztoak ezaugarri horiek baliatu ditu amona eta pertsonaia jaten saiatzeko. [8]

Bruno Bettelheimek egindako interpretazio psikoanalisitikoen arabera, neskatoaren jarrera eta nortasuna aldatu egin da bertsio batetik bestera: zaharrenetan, neskatoaren jarrera aktiboa, eraikitzailea eta maratza da, bere kabuz etxetik ihes egitea lortzen du, kanpoko munduak ez du beldurtzen, erakarri baizik, eta horrek bere arriskuan jartzera darama. [9]

Txano Gorritxoren ama

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Pertsonaia horren inguruan, ez da askorik hitz egiten, ez da haren izen eta adinik zehazten istorioetan. Gainera, bertsio gehienetan ez da aipatzen ezkondua edo alarguna ote den. Bertsio guztietan, amaren rola sukaldean aritzea eta Txano Gorritxo amona gaixoaren etxera bidaltzea baino ez da, beste ezaugarri aipagarririk gabe. Ilustrazioei dagokienez, gehienetan, soineko luze eta amantal batekin irudikatzen da eta etxeko andrearen itxura eman nahi izaten zaio. Jarrerari dagokionez, etxeko lanetan arduratsua da eta ama gisa maitekorra baina, aldi berean, ausartegia dela leporatu izan zaio, Txano Gorritxo amonaren etxera bakarrik bidaltzen duelako. Hau da, basoak dituen arriskuen jabe izanik, guraso arduratsu batek ez luke inoiz bere alaba bakarrik bertara bidaliko. Hala ere, bertako arriskuez ohartarazi eta bidean inorekin ez hitz egiteko agintzen dio. [8]

Txano Gorritxoren amona

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bertsio guztietan, pertsonaia hori gaixorik ageri da eta ezaugarri horretaz hausnartuz gero, bitxia da basoan bakarrik bizi dela jakitea. Ipuineko pertsonaia nagusitzat hartzen da eta bertsio orotan, Txano Gorritxorekiko harreman estua duela ikusten da. Horrekin batera, Txano Gorritxoren txano gorria amonak maitasun handiz egina dela diote bertsio gehienek. Hala ere, neskatoak ez du bere amona ondo ezagutzen; izan ere, otsoa amonaz mozorrotu denean, Txano Gorritxo ez da konturatzen ez dela amona. Gainera, otsoari aurre egiteko gai ez denez, bere inozentziaren ondorioz, berak ere otsoaren tripan bukatzen du. Bertsio "originalean" hiltzen den pertsonaia bakarra amona da: heriotza bortitza du eta gainera, ondoren otsoak eta bilobak jan egiten dute. Kanibalismoa praktika erritual bat zen eta beste pertsona baten haragia jateak haren botereak bereganatzea esan nahi zuen. [8]

Gustave Doré: Txano Gorritxo, eskuan pastela eta gurin potoa dituela, eta Otsoa erakusten dituen irarlana.

Pertsonaia hori basoan bizi da, eta beste animaliez gain, gizakiez ere elikatzen da. Maltzurra da eta nahi duena lortzeko iruzur egiteko prest dago. Zelatan egoten da bere harrapakina egoki hautatzeko. Txano Gorritxo basoan bakarrik dabilela ohartzen denean, bere inozentzia eta sinesberatasuna baliatzen du, behar duen informazio guztia jasotzeko. Irakurlearen aldetik, zalantzan jartzen da zergatik ez duen neskatoa berehala jaten basoan harekin topo egiten duen unean eta zergatik joan behar duen amonaren etxeraino. Agian, hasieratik, helburu bat zuen: bere argitasuna eta Txano Gorritxoren inozentziaz baliatuz, biak jatea. [8]

Bruno Bettelheim psikoanalistaren iritziz, gizon sexualki erakargarriaren irudikapena izateaz gain, otsoa Erdi Aroan beldurrik nagusietako bat zen. Abeltzain eta nekazarien ustez, zailtasunak ekartzen zituen. Batez ere XVI. eta XVII. mendeetan, Frantzian, eraso ugari jasaten zituztenez, eraso baten aurrean, herriko elizako kanpaia jo eta guztiek bertaratu behar izaten zuten laguntzera. Beraz, XVI. mendean Txano Gorritxo bezalako ipuinak ez ziren ipuin ergel edo arintzat hartzen, ezpada abisu edo ohartarazpen gisa. [9]

Txano Gorritxok otsoarekin duen elkarrizketan, otsoak "Zu hobeto jateko!" esaten dio, baina ez du jaten, eta orduan lortzen du ihes egitea. Jatearen kontzeptua metaforatzat hartu izan da psikoanalisian, alegia, otsoak ez duela jateko goserik, sexu gosea baizik.

Pertsonaia horri dagokionez, bertsio guztietan agertzen ez den bat bada ere, Txano Gorritxo aipatzean, burura datorkigun pertsonaia bat da. Grimm anaien bertsioan agertu zen lehen aldiz. Ipuinak ez du zehazten zer ehizatzen duen eta nola sortzen den, kasualitatez basoan zihoala otsoaren zurrunkak entzutean, bertara hurbiltzen dela baizik ez. Ehiztaria iristen denerako, otsoaren sabelaren barnean daude amona eta Txano Gorritxo. Jarraian gertatzen dena ordea, sinesgaitza da; ehiztariak otsoaren sabela irekit eta Txano Gorritxo eta amona sabeletik onik ateratzen ditu. Ondoren, sabela harriz betetzen dio eta otsoa ura edatera doanean, pisuaren ondorioz, uretara erori eta ito egiten da. Beraz, ipuineko benetako heroia ehiztari ezezaguna da. Ipuinaren bukaerari dagokionez, pertsonaia gaiztotzat hartzen den otsoak bukaera doilorra du eta, horren ondorioz, Txano Gorritxo eta amonak, zoriontsua. [10]

Ipuinaren ezaugarriak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ipuina ez zegoen haurrei bideratuta, helduei baizik: urtez urte bertsio ugari izan baditu ere, argumentu orokorra guztietan bera da eta ezaugarriak errepikatu egiten dira; hau da, ahozko tradizioz sortutakoa da, kanibalismoa eta sexua agertzen ditu, identitate nahasketa bat dago eta bertsio guztietan, etsai arriskutsu batekin ohean bukatzen du protagonistak. Jatorrizko bertsioa zein den frogatu ezin bada ere, azken urteetan bertsio originala amonaren istoria dela diote. Ipuin hori, Perraulten bertsioarekin alderatuz, haragijaleagoa eta makabroagoa da. Ezaugarriei dagokienez, istorioak maitagarri-ipuinen irakaspena falta du, nahiz eta funtsezko elementu amankomun ohikoa —heroiak ihes egitea, alegia— lortzen den. Hala ere, ondoren sortu diren bertsio gehienek irakaspen bat dute. [1]

Interpretazioak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Psikoanalitikoa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erich Fromm eta Bruno Bettelheimen arabera, istorioak haur baten sexualitatearen piztuera eta horrek ekar ditzakeen arriskuen berri ematen digu. Bere txanoaren koloreak hilerokoa irudikatzen du eta otsoak, berriz, sexualitatearen sena. Bruno Bettelheimek idatzitako The Uses of Enchantment: The Meaning and Importance of Fairy Tales liburuan, Perraulten bertsioa kritikatu zuen; izan ere, entzuleari libreki amaiera irudikatzea eragozten baitio. Txano Gorritxorengatik zera dio, nerabezaroko arazoei aurre egin nahian dabilela eta pertsonai maskulino bat bilatzen duela. Pertsonaia maskulino hori bi era ezberdinetan ageri da; alde batetik, otso erakargarri eta arriskutsua eta, beste alde batetik, ehiztari arduratsu eta indartsua. [10]

Haur guztiek harreman estu bat mantendu behar dute bere sexuko familiako-kideekin, heldua izateko bidea arrakastaz egin ahal izateko. Ipuinari dagokionez, bertako emakumeen artean, amona eta ama daude baina, amonaren kasuan, Txano Gorritxoren amaiera bera izatzaren arrazoia otsoari aurre egiteko gai ez izana da. [9]

« Ikusten da hemen, neska-mutilak

edozeini kasu eginda dabiltzala oker batez ere neskatila eder, atsegin eta segailak Ez zaitezte, beraz, harritu otsoak hainbeste jaten baditu. Otsoa, diot, ez dira-eta otso guztiak ezpal beretik sortuak; aldarte onekoak ere ba omen dira zarata, haserre eta gorroto gabeak neskatilen atzetik dabiltza jira eta bira; jator, adeitsu eta goxo etxeraino iritsi, gelaraino ere temoso. Baina, ai ene! Nork ez daki otso elezuriak direla guztiz arriskugarriak.

»

Perraulten ipuinak[11]


Ipuineko objektuen sinbolizazioa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bruno Bettelheimek analisi sakona egin zuen ipuinaren inguruan, Perraulten bertsioan oinarrituta, elementu nagusiek zer sinbolizatzen zuten esanez. Haietako osagai asko "bertsio originalean" soilik agertzen dira, hau da, Perrault eta Grimm anaien bertsioa sortu aurretik, ahoz aho kontatzen zen istorioan. Adibidez, neskatoak otarrean opiltxoak eta esne botila bat daramatzala kontatzen dute bertsio batzuek. Jainkotasunerako prozesioan, opilak egin eta eskaintzen dituzte, gehienetan, Atena, Artemis eta Demeter agertzen dira hastapen femeninoko erritualotan, jainkotasun femeninoen omenez. Jatorri paganoko erritua denez, bertsio batzuetan, Txano Gorritxok ez darama saskirik, adibidez, Egbertoren kontakizunean. Adituek diote istorioa kristautzeagatik aldatu zuela ezaugarri hori.[12]

Bestalde, hastapen erritualei dagokienez, ardo botila (amonaren odola) eta haragia (amonaren haragia) ere loturik daudela dio Bettelheimek, amona jan eta edateak Txano Gorritxok heldutasuna bereganatu eta bere boterea irudikatzen baitu.[8]

Basoan orratzen bidegurutzera iristen denean, horrek tresna eta erritual bereko sinboloa irudikatzen du, batez ere, Frantziakoa. Sexualitatearen heldutasunarekin lotuta dago. Bide bat edo bestea aukeratzeak bide erraza aukeratzea adierazten du; horregatik, bertsio batean ikusten den bezala, orratzen bidea aukeratzen du, errazagoa baita gauzak orratz burudunen bidez lotzea, jostorratzen bidez jostea baino. Hau da, gozamenaren hasiera sinbolizatzen du. [8]

Otsoak erabiltzen duen sokari dagokionez, Txano Gorritxori eta oheari lotzeko erabiltzen du. Neskak, ordea, askatzea lortzen du, eta hori askatasuna lortzearen metafora bat da. [13]

Denbora eta lekuaren esanahia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Herriko etxeak eta amonaren etxeak leku segurua sinbolizatzen dute, familiaren segurtasuna. Aldiz, basoak, protagonista arriskura bideratzen duen lekua da, hastapenaren bidea. Ezaugarriei dagokienez, iluna, misteriotsua eta itxia da. Lehen aipatu dugun hastapenaren beste lotura bat da, "beste munduarekin" inguratzen duena, kanpoko munduarekin. [12]

Interpretazio sexuala

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Txano Gorritxo eta otsoa

Bestalde, interpretazio sexualari dagokionez, otsoak neskatoa bereganatu nahi du eta berarekin harreman sexualak izan. Txano Gorritxok, oheratu baino lehen, arropa guztia erantzi eta sutara botatzen du. Arropa bakoitza banaka kenarazten dio hemen otsoaren esfortzua ikus daiteke neskatoa erakartzeko: hori striptise gisa ikus daiteke. Ondorengo bertsioetan, neskatoaren sexualitatea ezkutatzen saiatu dira, ipuina haurrei bideratu ahal izateko. [8] [12]

Ikuspegi feminista

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikertzaile batzuek orokorrean ipuin guztietan sexualitatea eta emakumezkoenganako gizonezkoen fantasia maskulinoaren arrastoak ikusten dituzte. Txano Gorritxo da, horrela, misoginiaz eta matxismoaz zipriztinduta dagoen istorio bat: protagonista da otsoaren sena zirikatzen duenaren erruduna eta jarrera otzanak nahiz egokiak hartzera gomendatzen du; izan ere, gizonezkoen bultzada sexualak saihetsezinak baitira. Txano Gorritxok, bere izaera zirikatzaile eta ergelagatik, bortxatua izatea merezi zuela leporatu izan diote hainbat kritikarik, basoan ez geratzeko arauak ongi aski baitzekizkien. Kritika hori ikuspegi feminista batzuek gogor salatu dute. Emakume politek ez lukete otso erakargarriez fidatu behar eta aldiz, uneoro, gizonezkoaren mende, esaneko eta otzan egon beharko lukete. [12]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. a b c (Gaztelaniaz) Fernando Molina Lopez, Diego. (PDF) Cuatro versiones de Caperucita roja: entre la moral, la pedagogía, y la subversión de valores. (kontsulta data: 2017ko martxoaren 27an).
  2. Laburpena 1697. urteko jatorrizko frantsesezko bertsiotik jaso da: Petit Chaperon rouge
  3. (Gaztelaniaz) (PDF) Caperucita roja: Charles Perrault. (kontsulta data: 2017ko martxoaren 21).
  4. Gomez, Genaro. (1995). Perraulten ipuinak. Pamiela ISBN 9788476811313..
  5. (Gaztelaniaz) (PDF) Caperucita roja. (kontsulta data: 2017ko martxoaren 29).
  6. Gomez, Genaro. (1999). Grimm anaien ipuinak. Pamiela ISBN 9788476813126..
  7. (Gaztelaniaz) Cinthia Kuperman y Jimena Dib. (2012). Caperucita roja. Escuelas del bicentenario ISBN 978-987-1836-96-3..
  8. a b c d e f g (Gaztelaniaz) Alegre San Juan, Begoña. (2014). (PDF) Comparativa de autores: Perrault, Andersen y los hermanos Grimm. (kontsulta data: 2017ko martxoaren 23an).
  9. a b c (Gaztelaniaz) Bettelheim, Bruno. (1994). Psicoanálisis de los cuentos de hadas. Crítica ISBN 8474236924..
  10. a b (Gaztelaniaz) Linares Valcárcel, Francisco. La reescritura del cuento popular. Caperucita y la abuela feroz, de Juan Cruz Iguerabide: una vuelta de tuerca. , 23-32 or..
  11. Gomez, Genaro. (1995). Perraulten ipuinak. Pamiela ISBN 84-7681-312-0..
  12. a b c d (Gaztelaniaz) (PDF) Los cuentos de hadas y su simbologia. (kontsulta data: 2017ko apirilaren 4).
  13. (Gaztelaniaz) (PDF) Tantas caperucitas como lobos. (kontsulta data: 2017ko matxoaren 31).
  • Alegre, B. (2014) Comparativa de autores: Perrault, Andersen y los hermanos Grimm. 2017ko martxoaren 23an, lortuta: https://uvadoc.uva.es/bitstream/10324/5109/1/TFG-B.443.pdf
  • Bermudez, C., Dominguez, E., Garcia, S., Garrido, N., Marfil, X., Ortiz, N. eta Romero, S. (d.g.) Los cuentos de hadas y su simbologia. 2017ko apirilaren 4ean, lortuta: http://diposit.ub.edu/dspace/bitstream/2445/33690/1/Los%20cuentos%20de%20hadas%20y%20su%20simbolog%C3%ADa.pdf
  • Bettelheim, B. (1994) Psicoanalisis de los cuentos de hadas. Barcelona: Crítica
  • Colomer, T. (1999) Introducción a la literatura infantil y juvenil. Madrid: Síntesis
  • Cruz, J. (2005) Caperucita y la abuela feroz. Barcelona: Edebé
  • Gomez, G. (1999) Grimm anaien ipuinak. Nafarroa: Pamiela ISBN 9788476813126
  • Gomez, G. (1995) Perraulten ipuinak. Nafarroa: Pamiela ISBN 8476813120
  • Grimm, J. eta Grimm, W. (2003) Caperucita Roja y el lobo feroz. Caracas: Ekaré.
  • Guardia, I. (2007) Tantas caperucitas como lobos. 2017ko, martxoaren 31n, lortuta: http://www.uv.es/extravio/pdf2/i_guardia.pdf
  • Linares, F. (d.g.) La reescritura del cuento popular. Caperucita y la abuela feroz, de Juan Cruz Iguerabide: una vuelta de tuerca.
  • Perrault, C. (1983) Caperucita Roja. Barcelona: Lumen.

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]