Wikipedia, Entziklopedia askea

Adriatikoa

Eduki-taula

Itsaso Adriatikoaren kokapena.

Adriatikoa Mediterraneo itsasoaren beso bat da, Italiar penintsula eta Balkanetako penintsula banatzen dituena. 800 kilometro luze da eta batez beste 160 kilometro zabal. Haren sakonera 1.250 metrokoa da gehienez.

Itsaso Adriatikoa iparraldean Veneziako golkoan hasten da, hego-ekialderantz zabaltzen da eta hegoaldean Otrantoko kanalean bukatzen da, beraz Itsaso Jonikoarekin bat egiten du. Adriatikoan itsasoratzen diren ibai garrantzitsuenak Po eta Adige dira, biak iparraldean daude, Italiar penintsulan. Ekialdeko kosta arrokatsua eta menditsua da eta irla asko ditu, baina mendebaldeko kosta apala eta laua da.

Adriatikoko kostaldean bi haize-mota nagusi daude: lehenengoak Bora izena du eta ipar-ekialdeko mendietatik jotzen duen haize gogor bat da, eta bigarrenak Siroko izena du, leunagoa da eta hego-ekialdeko lur lauetatik jotzen du.

Abuztu aldera Itsaso Adriatikoaren azaleko uraren tenperatura 24° eta 25° C bitartekoa izaten da, eta urtarril aldera 10° C ingurukoa. Baina iparraldeko ura hotzagoa izaten da; izan ere, Alpeetako mendietako elurra urtzen denean ura ibaietara joaten da, eta ibai horietako ura Adriatikoan itsasoratzen da.

Hiri hauetan daude Adriatikoko portu italiar garrantzitsuenak: Bari, Brindisi, Venezia eta Trieste. Eta hiri hauetan daude Adriatiko ekialdeko portu garrantzitsuenak: Rijeka, Split eta Dubrovnik Kroazian; Kotor, Montenegron; Durrës eta Vlorë, Albanian.

Otarrainak, sardinak eta atunak dira Itsaso Adriatikoan gehien arrantzatzen diren arrainak.