Kroazia

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search
Kroaziaren kokapena Europar Batasunean.
Kroaziako bandera.

Kroazia Erdialdeko Europako herrialde bat da. Adriatiko itsasoaren ondoan dago, Balkanetako penintsulako iparraldean. Zagreb da hiriburua eta hiririk handiena.

2017ko datuen arabera, herrialdeak 4,1 milioi biztanle ditu. Haietako %5 inguru jatorri serbiarrekoak dira. Serbokroaziera izeneko hizkuntza eslaviarra hitz egiten dute denek; baina kroaziarrek alfabeto latinoaz idazten dute eta serbiarrek alfabeto zirilikoaz. Bestalde, kroaziarren artean, katolizismoa da erlijio nagusia; eta serbiarren artean, berriz, kristautasun ortodoxoa.

Geografia eta klima[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mendebaldetik, Itsaso Adriatikoak banatzen du Kroazia Italiatik, baina bi herrialdeek ez dute mugarik bien artean. Kroaziarekin muga duten herrialdeak honako hauek dira: Serbia eta Bosnia-Herzegovina ekialdean, Montenegro hegoaldean eta Eslovenia eta Hungaria iparraldean

Adriatikoko itsasertzean, Dalmaziako eskualdea eta Istriako penintsula ditu. Gainera, 1.000tik gora uharte txiki ditu kostaldearen aurrean. Alpeen zati bat (Dinariar Alpeak izenekoa) iristen da Kroaziako mendebalderaino.

Itsas ondoko eskualdeetan klima beroa izaten dute; iparraldeko zatia oso menditsua da eta klimahotzagoa izaten du.

Ekonomia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Meategiak, industria eta turismoa dira Kroaziako jarduera ekonomikorik garrantzitsuenak. Ontzigintzak ere lanpostu ugari ditu kostaldean.

Herrialdeko ekonomian toki aipagarria dute, azkenik, Nekazaritzak (ardoa, garia eta patatak ekoizten dira nagusiki), abeltzaintzak (abelgorriak, ardiak eta txerriak hazten dituzte, batez ere) eta, kostaldean, arrantzak ere.

Historia apur bat[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gaurko Kroaziako lurraldea Erromatar Inperioaren mende egon zen antzinaroan, eta erromatarren aztarna asko geratzen dira herrialde osoan (Pulako anfiteatroa, adibidez. Beheko argazkien artean duzu). Kroaziar herri eslaviarreko jendeak K.o. VI. mende inguruan iritsi ziren inguruotara. XI. mende bukaeran, Hungariako erreinuak konkistatu zituen Kroaziako lurrak, eta geroztik Austria-Hungariako Inperioarenak izan ziren 1918ra arte. Lehen Mundu Gerraren ondorioz inperio hori desegin zenean, 1918tik aurrera, Kroaziak estatu burujabe bat osatu zuen Serbia, Eslovenia, Mazedonia, Bosni-Herzegovina eta Montenegrorekin batera; 1929an, estatu horrek Jugoslavia izena hartu zuen; hasieran, monarkia bat izan zen, hau da, errege bat zen estatu-burua.

Bigarren Mundu Gerraren ondoren, komunistek hartu zuten Jugoslaviako agintea 1980ko hamarkadara arte. Gobernu komunistak boterea galdu zuenean, berriro piztu ziren Jugoslaviako nazio desberdinen arteko ezinikusi zaharrak. Horrela, 1991n, Kroaziak bere independentzia aldarrikatu zuen; Jugoslaviak, serbiarren kontrolpean, bere armada bidali zuen orduan; baina beste nazioek ere (Esloveniak eta Bosnia-Herzegovinak batez ere) independentzia aldarrikatu zuten eta gerra sortu zen. Horrela desagertu zen Jugoslavia. 1995ean, Kroaziako, Serbiako eta Bosnia-Herzegovinako ordezkari politikoek bake-hitzarmena sinatu zuten. Horrela, independentzia aitortu zieten Kroaziari eta Bosnia-Herzegovinari, eta Kroaziak gobernu demokratikoa lortu zuen.

Kroazia 2013an sartu zen Europar Batasunean, baina ez du erabiltzen euroa, bere dirua baizik, kuna izenekoa.

Irudi batzuk[aldatu | aldatu iturburu kodea]