Alexandriako Liburutegia antzinaroko liburutegi ospetsuena izan zen. Gure aroa baino lehenagoko 235. urtean-edo sortu zen Alexandria hirian, antzinako Egiptoko hiriburuan. Alexandriako Museoa deituriko ikerketa-zentro baten parte zen liburutegia. Bata zein bestea III. mendearen amaieran suntsitu zituzten.
Alexandriako Liburutegia Ptolomeotar dinastiak sortu zuen, ia 300 urtez (zehatz-mehatz gure aroa baino lehenagoko 323tik 30era) antzinako Egipton agindu zuen familiak.
Kleopatra erregina familia horretako azken ondorengoa izan zen, eta antzinako Egiptoko azken erregina ere izan zen.
Liburutegiko liburuak ez ziren gaur egungoen modukoak, papiro-biribilkiak baizik. Gehienak grezieraz zeuden idatzita, agintari ptolomeotarren hizkuntzan. Alexandriako Liburutegian itzuli ziren lehen aldiz Biblia juduko testuak grezierara.
Alexandriako Museoa jauregiaren barrutian zegoen, baina inork ez daki zehazki non. Uste da liburutegian loretokiak, pasealeku bat, jangela handi bat, irakurgela bat, ikasgelak eta bilera-gelak zeudela. Bertan jakintsu askok bizi eta lan egin zuten, Euklidesek eta Arkimedesek esaterako. Izan ere, zentro honen xedea ez zen liburuak gordetzea soilik, baizik eta ikerketa-zentro garrantzitsu bat ere izatea.
2002an Egiptoko gobernuak liburutegi berri bat eraiki zuen liburutegi zaharraren inguru horretan eta Alexandrina Liburutegia deitu zion. Liburutegi berri horren bitartez Egiptoko gobernuak liburutegi zaharraren espiritua berreskuratzea espero du.