Wikipedia, Entziklopedia askea

Aste Santua

Bilboko Aste Santuko prozesioa

Aste Santua kristautasuneko erlijio-ospakizun oso garrantzitsua da. Martxo bukaeran edo apiril hasieran ospatzen da, Erramu-igandetik Pazko-igandera doan astean.

Aste Santuan, kristauek Jesusen pasioa, heriotza eta berpiztea gogoratzen dute. Erramu-igandean, Jesus Jerusalemen sartu zela ospatzen da. Astean zehar, hainbat zeremonia eta prozesio egiten dira leku askotan, esaterako, Ostegun Santukoa. Egun horretan, Jesusek bere jarraitzaileekin egin zuen azken afaria irudikatzen da eta eukaristia ospatzen da. Beste prozesio ezagun bat Ostiral Santukoa da, zeinetan Jesusen gurutziltzaketa eta heriotza irudikatzen den.

Larunbat Santuan ez da ospakizunik egiten eta, horren ordez, isilean hausnartzen da gogoratzeko Jesus hilobian egon zela berpiztu aurretik. Eta azkenik, Pazko-igandea da Aste Santuko egunik garrantzitsuena, orduan ospatzen delako Jesus berpiztu zela eta heriotza garaitu zuela.

Munduko toki askotan, batez ere tradizio katolikoa dagoen herrialdeetan, Aste Santuan jendeak oporrak hartzen ditu eta prozesio eta ospakizunak egiten dira kalean eta tenpluetan. Kristauentzat, Aste Santua hausnartzeko momentua da, fedeaz eta Jesusen sakrifizioak eta berpizteak norbere bizitzan duen garrantziaz hausnartzeko momentua.

Aste Santua Euskal Herrian[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Segurako prozesioa

Aste Santua oso errotuta dago euskal kulturan eta erlijio-tradizioan. Hainbat herrik ospatzen dute Aste Santua era berezian, interes handiko prozesioak eginez; adibidez, Balmasedan Pasio biziduna ikus daiteke, zeinetan herriko 500 lagun baino gehiagok Jesusen azken egunetan gertatutakoak irudikatzen dituzten. Ostegun Santuko gauean hasten da "Azken Afaria", "Ortuko orazioa" eta "Jesusen atxiloketa" antzeztuz. Ostiral Santuan, goizeko 9etan erromatar guardiaren danbor-hotsa hasten da eta dena prest dago "Pilatoren epaiketarako" eta Judas urkatzeko. Gainontzeko Pasioko gertakari guztiak pauso bizidun gisa antzezten dira bata bestearen atzetik, azkenean Jesusen gurutziltzaketara iristeko.

Bilbon ere prozesio ikusgarriak egiten dituzte. Izan ere, hiru mila "kofradiakide" baino gehiagok jarraitzen diete Pausoei edo zizelkatutako irudiei. Horien artean ikusgarrienak Nazaretarraren prozesioa eta Isiltasunaren prozesioa dira. Lehena San Frantzisko auzoan barrena ibiltzen da eta, bigarrena, gauez egiten da Zazpikaleetan.

Beste hainbat herrik ere ospakizun oso interesgarriak egiten dituzte Aste Santuan. Nabarmentzekoak dira Gipuzkoako Segura, Azkoitia eta Hondarribiako ikuskizunak. Araban, Gasteizkoak eta Guardiakoak dira ikusgarrienak.

Iruñean ere 2.000 lagun baino gehiagok hartzen dute parte prozesioetan. Eta Andosillan, Balmasedan bezalaxe, Pasio biziduna antzezten dute. Aldiz, Andosillan pertsona batek egiten du Jesukristorena bizkarrean 100 kilo inguruko gurutze bat daramala.

Antzerki eta ospakizun horiek guztiek interes turistiko handia dute, erlijiozko balioaz gain; turista asko hurbiltzen dira prozesio horiek ikustera.