Jerusalem

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search
Jerusalem hiriko irudi batzuk.

Jerusalem Ekialde Hurbila deitzen den Asiako eskualdeko hiri bat da. 2012ko datuen arabera, milioi bat biztanle baino gutxiago ditu. Israelgo gobernuak eta Palestinar Aginte Nazionala delakoak beren nazioko hiriburutzat dute, baina herrialde askok oraindik ez dute hori onartzen; Nazio Batuen Erakundeak berak ere dio Jerusalemeko mendebaldea Israelgoa dela eta ekialdea Palestinakoa.

Historia apur bat[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hiria zehazki noiz sortu zen ez dakigu, baina 4.000 urtetik gora izango ditu seguruenik, eta munduko hiri zaharrenetariko bat da. Dena dela, gizakia askoz lehenagotik bizi zen inguru hauetan.

Bibliak dio David izeneko errege judu batek hiria konkistatu eta bere jauregia eraiki zuela bertan. Haren semeak, Salomon erregeak, tenplu bat eraiki zuen K.a. 10. mendean. Hiria Juda izeneko erresuma juduko hiriburua izan zen, baina K.a. 6. mendean Babiloniako erregearen armadak hiria suntsitu zuen eta biztanle asko esklabo bihurtu zituen.

Gauza berbera gertatu zen geroago, K.a. 1. mendean, erromatarrekin. Kristauen arabera, urte horietan hil zen hiri horretan Jesukristo. Erromatar inperioa desagertu zenean, hiria lehendabizi Bizantzioko inperioaren esku egon zen, eta geroago musulmanek konkistatu zuten.

Erdi Aroan, kristauek eta musulmanek borroka eta gerra ugari egin zituzten Jerusalem eta "Lur Santua" deitzen zuten lurralde guztia konkistatzeko. Azkenik, musulmanen esku geratu zen, eta XX. mende hasiera arte Otomandarren inperioaren barruan egon zen.

Gaur egun, biztanle gehienak juduak dira, eta heren bat inguru musulmanak, baina kristauak ere badaude. Judu gehienak mendebaldeko auzoetan bizi izan dira orain arte, eta musulmanak ekialdean; horregatik, Nazio Batuen Erakundeak defenditzen du Jesusalemgo mendebaldea Israelentzat izan behar dela, eta ekialdea, berriz, Palestinarentzat. Baina hori oraindik konpondu ez den gatazka edo arazo politiko bat da.

Leku ikusgarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Jerusalem "hiri santua" da hiru erlijiorentzat: judaismoarentzat, kristauentzat eta islamarentzat. Hiriak urtero bi milioitik gora bisitari izaten ditu, eta ez bakarrik arrazoi erlijiosoengatik. Hiriko alde zaharra Gizateriaren Ondare izendatu du UNESCOk, eta hiru erlijioekin zerikusia duten 200 monumentutik gora ditu. Honako hauek dira garrantzitsuenak:

  • Erosten harresia: juduentzako lekurik garrantzitsuena, Salomon erregearen tenplutik geratzen omen den azken zatia delako.
  • Al Aksa meskita: musulmanentzako eraikinik garrantzitsuena, inguru horretatik igo omen zelako zerura Mahoma profeta.
  • Hilobi Santuaren eliza: kristauentzako monumenturik garrantzitsuena, bertan hil eta hilobiratu omen zutelako Jesukristo, zerura igo zen arte.