Wikipedia, Entziklopedia askea
Euskal probintzien armarria

Euskal Herriaren izena gai eztabaidatua da gure egoera politikoaren ondorioz. Euskal gizartean gai honi buruzko iritzi politiko desberdinak dituzten pertsonak bizi dira; hori dela eta, jarrera kontrajarriak ere badaude Euskal Herriaren izenaz eta izanaz. Hori dela eta, Euskal Herria izenak ez du esanahi berbera iritzi-talde eta ideologia politiko guztientzat.

Jatorria, badirudi Euskal Herria izena euskaraz hitz egiten den lurraldea izendatzeko erabiltzen zutela antzinako euskaldunek. Hau da, ezaugarri linguistiko eta kultural bat adierazten zuen, eta ez ezaugarri politikoa edo nazionala. Esanahi horrekin agertzen da Euskal Herria izena idatziz lehen aldiz erabilita XVI. mendeko testu batzuetan: hegoaldean, Joan Perez Lazarragaren eskuizkribuan (Eusquel erria) eta, iparraldean, Joannes Leizarragaren Bibliaren itzulpenean (Heuscal Herria). XVII. mendean, Pedro Axularrek Euskal herria izena erabili zuen bere Gero liburuan, zentzu berean.

Euskadi izena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskal abertzaletasuna jaio zenean, Sabino Aranak Euzkadi izena asmatu zuen 1901. urtean, zentzu politikoarekin, euskal nazioa izendatzeko; hau da, Arabak, Bizkaiak, Gipuzkoak, Nafarroa Garaiak, Lapurdik, Nafarroa Behereak eta Zuberoak osatzen dute lurraldea izendatzeko. Euzkadi izenak, beraz, Euskal Herria izenak baino eduki politiko nabarmenagoa zuen, herrialde burujabe bat eraikitzeko bidean. Aranarentzat eta berak sortutako EAJ (Euzko Alderdi Jeltzalea) alderdiarentzat, Euzkadi euskaldunen aberria zen.

Denborarekin, Francoren diktaduraren garaian eta geroago, beste alderdi politiko batzuk eta jende asko Euskadi izena hasi ziren erabiltzen; 1979ko Gernikako Estatutuan, Euskadi eta Euskal Herria izenak erabili ziren Euskal Autonomia Erkidegoa (EAE) izendatzeko, hau da, Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak bakarrik osatutako lurraldea izendatzeko. Honen ondorioz, gaztelaniaz ere gero eta gehiago errotu da Euskadi izenaren erabilera, baina bakarrik EAEko hiru lurralde historikoak izendatzeko; eta euskaraz ere gero eta gehiago ikusten da erabilera hori.

Izendapen ofizialak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Egoera honen guztiaren ondorioz, izendapen ofiziala duten euskal lurraldeak honako hauek dira:

Ipar Euskal Herrian, frantziar estatuak ez die inolako lurraldetasun politikorik aitortzen Lapurdik, Nafarroa Behereak eta Zuberoak osatzen duten lurraldeari; hiru euskal lurralde hauek batzen dituen erakunde administratibo bakarra Euskal Hirigune Elkargoa deritzona da, 2017ko urtarrilaren 1ean sortua. Erakunde honek izaera administratiboa du, ez politikoa, frantziar estatuak ez baitie inolako lurraldetasunik onartzen hiru probintziei, eta haren egitekoa Elkargoaren barneko udalerriei eskumen gehiago ematea da. Hori dela eta, hiru lurralde horiek batzen dituen inolako izendapen ofizialik ere ez daukate.

Erdarazko izendapenak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aspaldiko historialari eta geografoentzat, argi zegoen hizkuntza bera eta antzeko ohiturak eta sinesmenak zituzten herri batzuk bizi zirela Bizkaiko golkoaren eta Pirinioen arteko lurretan. Adibidez, duela 2.000 urte inguru, Estrabon izeneko greziar geografoak, Tito Livio erromatar historialariak eta Plinio Zaharra erromatar militarrak Vasconia izenaz deitu zioten lurralde horri, eta vascones (baskoiak) bertako jendeei. Izen hori XIX. mendean erabiltzen hasi zen berriro gaztelaniaz euskal lurralde historiko guztiak izendatzeko eta gure garairaino iritsi da.

XVII. mendean, Vascongadas edo provincias vascongadas izendapena zabaldu zen gaztelaniaz, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa izendatzeko. Vascongado hitzak, berez, euskalduna esan nahi zuen, hau da, euskal hiztuna, eta horregatik nafar euskaldunak izendatzeko ere erabiltzen zen, baina ez Nafarroa izendatzeko. Hala ere, XIX. mendearen bukaeran, lege-proiektu bat egon zen Vascongadas izena erabili zuena Arabak, Bizkaiak, Gipuzkoak eta Nafarroak osatuko zuten egitura administratibo-politikoa izendatzeko. Provincias vascongadas izendapena ofizialki ere erabili zen Espainian Francoren diktadura amaitu zen arte.

XIX. mendean, Frantzian nahiko zabalduta zegoen Pays Basque izenaren erabilera, baina zentzu desberdinekin; batzuetan, bakarrik Frantziako euskal lurrak izendatzeko, eta beste batzuetan, aldiz, euskal lur guztiak izendatzeko, baita Espainia barrukoak ere, beraz. Louis Lucien Bonaparte printzeak euskal lurraldeen eta euskararen mapa bat egin zuen 1869an Carte des sept provinces basques izenburuarekin.

Itxura batean, frantsesezko Pays Basque izendapen horren eraginez hasi zen zabaltzen gaztelaniaz País Vasco izena, batez ere XX. mendean, eta gaur egun ere askotan erabiltzen da. Bereizketa egin behar izaten denean, gaztelaniaz País Vasco francés erabiltzen da, eta frantsesez, aldiz, Pays Basque espagnol.