Wikipedia, Entziklopedia askea

Halloween

Jack-o-lantern izeneko kalabaza argituak

Halloween urriaren 31ko gauean egiten den festa bat da, duela gutxira arte herrialde anglosaxoietan (Irlanda, Erresuma Batua, Ameriketako Estatu Batuak, Kanada eta Australia) ospatzen zena eta, gaur egun, munduko leku askotara zabaldu dena. Europako beste herrialde askotan eta Euskal Herrian ere gero eta ezagunagoa da, batez ere gazteen artean.

Ospakizun honetan, ume eta gazteak (baina baita heldu asko ere) pertsonaia beldurgarrien mozorroak janzten dituzte: oso ohikoak da banpiro, sorgin, zonbi, momia edo mamu bezala mozorrotzea, adibidez. Gainera, etxeetan, tabernetan eta beste leku askotan, dekorazio "beldurgarriak" ipini ohi dira, hala nola hezurrak, eskeletoak, armiarma-sareak, aurpegi beldurgarriak eginda dituzten kalabazak, etab.

Herrialde anglosaxoietan, horrela mozorrotutako umeak auzokoen etxeetara joaten dira, gozokiak, pastelak edo dirua eskatzeko, eta horretarako "trick or treat" esaten dute, hau da, "tratua ala trukua"; alegia, etxekoek zerbait ematen ez badiete, sorginkeria bat botako dietela, zerbait txarra gertatzeko.

Nondik dator?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Jatorrian, anglo-zelten ospakizun bat du festa honek. Zeltek ospakizun handi bat egiten zuten urtaro aldaketa bakoitzean, eta urteko garrantzitsuena urriaren 31 inguruan egiten zuten: egun horretan, "Samhain" izeneko Zelta Urte Berria ospatzen zuten, uzta jaso ondoren, negua etorri baino lehen. Beraz, urtaro beroaren amaiera eta urtaro hotzaren hasiera markatzen zuen jai honek. Egun horretan, zeltek su guztiak itzaltzen zituzten eta muino baten tontorrean biltzen ziren; han, druidek su sakratu berri bat pizten zuten, jainkoei uztagatik eskerrak emateko eta negurako babesa eskatzeko. Gau horretan, hildakoen mundua bizidunen munduarekin komunikatzen zen, eta zeltek uste zuten hildakoen izpirituak Lurretik noraezean ibiltzen zirela gau horretan. Ondoren, familiako buru bakoitzak su sakratuaren txingarra jaso eta bere etxera eramaten zuen, sua berpizteko. Kondairaren arabera, hurrengo egunean, zeltek errautsak behatzen zituzten, urtean zehar nor hilko zen jakiteko.

Askoz beranduago, XIX. mendean, irlandarrak AEBetara joan ziren izurrite baten ondorioz, eta han Samhain ospatzen jarraitu zuten. Amerikarrak festa horretan oinarritu ziren Halloween sortzeko. Pixkanaka, ospakizun honek bere zentzu erlijiosoa galdu eta, gaur egun, ondo pasatzea du helburu eta oso komerzializatuta dago.

Kristau katolikoek ere ospatzen dute hildakoak gogoratzeko egun bat urriaren 1ean, Santu Guztien eguna, hain zuzen ere.

Urriaren azken gauean, uste zen. Santu Guztien bezperan ere deitzen da festa. Eliza kristauan, Santu Guztien Egunaren aurreko gaua da. Azaroaren 1ean, Santu Guztien Egunak santu kristau guztiak ohoratzen ditu. Pixkanaka, Halloween ospakizun ez-erlijioso bihurtu zen.

Nor da Jack-o-lantern?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Barrutik hustuta dagoen kalabaza bat da, azala ebakia duena aurpegi beldurgarri bat osatuz eta barruan kandela piztu bat jartzen zaiona. Ameriketan asmatu zuten eta Jack-o-lantern izena eman zioten.

Irlandako ipuin baten arabera, Jack hori errementari alfer baina azkar bat zen, deabrua tranpa batean harrapatu zuena: sagarrondo batera igoarazi zuen eta, gero, gurutzeak ipini zituen enborraren inguru guztian, deabrua handik jaitsi ezin izateko. Jackek ez omen zuen deabrua askatu haren arima eramango ez zuela eta infernura bidaliko ez zuela agindu zion arte.

Jack geroago hil zenean, ezin izan zen zerura joan, bekatu gehiegi egin zituelako, baina infernura ere ezin zen joan, deabruak bere promesa bete zuelako eta ez ziolako infernura sartzen utzi. Era horretan, Jack lurretik noragabe ibiltzera kondenatuta zegoen. Gau batean deabruari galdetu zion nondik jarraitu behar zuen, ez baitzuen ikusten. Deabrua, iseka egiteko, ikatz goritu bat jaurti zion, bidea argitzeko. Jackek arbi handi bat hartu, zulo bat egin, eta ikatz piztua barruan sartu zuen, esku-argi bat balitz bezala. Horrela jarraitu zuen batetik bestera, atsedentoki baten bila.

Amerikarrek, arbi horretatik atera zuten kalabaza erabiltzeko ohitura, zulatzen errazagoa delako.