Edukira joan

Zelta

Wikipedia, Entziklopedia askea
Zeltak» orritik birbideratua)
Gaur egungo nazio zeltak.

Zelta[Oh 1] (latinez, celtae; antzinako grekeraz, Κέλτoι) hitza, hizkuntza zeltaren bat hitz egiten zuten Europako antzinako herrietako edozein deskribatzeko erabiltzen da.[1] Beren buruari galiain, hau da, «galiar» esaten zioten.

Gaur egun arte hizkuntza zeltak gorde dira, nahiz eta oso murriztuak, Europako zelta eskualdea zenaren zenbait herrialdetan, "Nazio zeltak" izena ematen zaie.

Talde historikoak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Hallstatt (horiz) e La Tène (berdez) kulturen eremua irudikatzen duen mapa. Kontuan hartu behar da, lusitaniarrak adibidez, ez zirela zeltak.
K.a. 350 Agriseko urrezko kaskoa.

Talde zelta historiko nagusien artean, galiarrak (egungo Frantzian, Belgikan, Suitzan, Italia iparraldean eta europar kontinenteko beste lurraldetan); zeltiberiarrak eta galaikoak[2][3] daudela esan daiteke. Guadiana ibaiaren inguruan beste zelta batzuei buruz hitz egiten du Herodotok;[4] Britainia Handiko eta Irlandako britoiak, piktoak eta gaelikoak; boiarrak (Italia iparraldeko galoak); eta Anatolian, galatak zeuden, migrazio nahiko berri baten ondorioz. Zelten munduan etniaren, hizkuntzaren eta kulturaren arteko erlazioak ez daude argi eta eztabaidagai dira;[5] adibidez, Britainia Handiko eta Irlandako Burdin Aroko herriei zelta izena emateko moduei buruz.[6][7][8][9] Gaur egungo ikasketetan, «zelta» hizkuntza zelta hizkuntzen hiztunei buruz ari da nagusiki, eta ez talde etniko bakar bati buruz.[10]

Antzinako zeltak: definizioaren arazoa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Urdinez, zelten eragineko Europa, K.a. 1500. urtean. Arrosaz, kultura zeltaren zabalpenik handiena. K.a. 400. urtean.
Borneiroko kastroa, Cabana de Bergantinos, A Coruña, Galizia. Eztabaida luze dago Galiziaren zeltismoaren inguruan, batzuek defendatzen dutelako antzinako eskualdeko biztanleak zeltak zirela eta beste askok dio ez dagoela frogarik.

Zeltak indoeuropar herri bat edo herri multzo bat da, germaniarrak, latinoak, grekoak eta eslaviarrak bezala, besteak beste. Arkeologikoki bi kultura material[Oh 2] lotzen dira batez ere zeltekin: K.a. V. mendean agertu zen La Tène kultura, eta horren aurrekaria izan zen Hallsttat kultura (K.a. 1200- K.a. 450).

Zelta zer den eta zer ez den erabakitzeko hiru ikuspuntu ezberdin egon dira: arkeologiarena, historiarena eta hizkuntzarena. Arkeologiak, adibidez, ezin ditu ezaugarri kultural komun batzuk definitu Europako herri zelta guztientzat. Galesesko Burdin Aro amaierako herrietan, adibidez, etxeak oinplano zirkularra dute, baina garai berdineko zeltiberiarrek, oinplano laukizuzeneko etxeak dituzte. La Tène kultura materiala zelten artean erruz zabaldu zen, baina Iberiako zelten kultura materialean (zeltiberiarrak) oso objektu gutxik dauzkate La Tène ezaugarriak. Historiako iturrietara joan ezkero, ikusten da garaiko dokumentu idatzietan, ez dela beti argi geratzen nor da zelta (greziar jatorriko hitza) edo "galoa" (latinoek lehen mendeetan erabili zuten hitza) eta nor ez. Hori gertatu da, adibidez, piktoekin; erromatarrek ez zuten inoiz esan zeltak zirenik. Dena den, gaur egun etnia bat definitzeko bere hizkuntza kontuan hartzen da, batez ere.

Bestalde, erromatarrek galo (galli) izena erabiltzen zuten hasieran, baina grekoek erabiltzen zuten keltoi hitza ere adoptatu eta forma latinoa zuen celtae ("keltae" ahoskatua ), erabili zuten ere.

Azkenik, maiz nahastu egin dira indoeuropar eta zelta, nahiz eta, indoeuropar, askoz kontzeptu zabalagoa izan. Adibidez, historialari gehienen arabera, Galiziako edo Asturiaseko erromatar aurreko herriak indoeuroparrak ziren, baina ez zeltak. Galizian, batez ere, eztabaida luzea dago horri buruz.

Herri zelten historiaurrea eta historia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ia ziurra da K.a. XIII. mendean izugarri hedatu zirela, Rodanotik jaitsi eta Languedoc, Katalunia eta Ebroren bailararaino. Beste zabaltze fronte bat Belgikan eta Britainiar Uharteetako hegoaldean izan zen.

K.a. VII. mendea inguruan, Iberiar Penintsulako erdialdetik zabaldu ziren, baina K.a. VI. mendean penintsularen ipar-ekialdea iberiarren esku galdu zuten, Iberiako zeltak kontinenteko beraien kideetatik bananduta geratu baitziren.

K.a. IV. mendetik aurrera, zeltek Frantziako iparraldea eta erdialdea hartu zuten (Galia), Italiako iparraldea eta britainiar irlen zati handiena. Balkanetara eta Asia Txikira (egungo Turkia) ere iritsi ziren; Anatolia erdian Galazia erresuma sortu zuten. Garai hartan, irletako zeltek druidismoa garatu zuten; gerora, kontinentera zabaldu zen.

K.a. II. mendetik aurrera, zeltek germaniarren eta geroago erromatarren presio militarra nozitzen hasi ziren. Handik hamarkada gutxira, erromatarrek Galia osoa zelten lurralde guztiak okupatu zituzten, Irlanda ezik. Dena den, erromatarren presentzia Britainia Handian ez zen luzea izan: hori zela eta, hizkuntza zeltek bizirik iraun zuten han eta, geroago, haietako bat kontinentera itzuli (bretoiera).

K.o. V. edo VI. mendean, zelten azken zabaltzea izan zela uste da, Irlandako eskotoak (Dál Riata erresuma gobernatzen zuen jendea) Kaledonia inbaditu omen zutenean[Oh 3]. Eskualdeak Eskozia izena hartu zuen.

  1. Euskaltzaindiak ez ditu forma hauek onartu: kelta, keltar, keltiar, zeltar eta zeltiar. Keltiar eta zeltiar gaizki sortutako jentilizioak dira (*egipziar, *marrokiar eta beste hainbat bezala).
  2. Kultura materiala da herri edo gizarte batek sortutako edo erabilitako objektuen eta eraikuntzen multzoa. Arkeologian erruz erabiltzen den kontzeptua da, kultura materiala baita hain zuen, aztarnetan geratzen dena. Erlazionatuta dauden gizarteek, garai jakin batean, kultura material antzekoa izaten dute. Adibidez: Antzinako Grezia kontinentaleko eta Mediterraneo osoan zabaldutako greziar koloniek antzeko tenpluak eraikitzen zituzten eta antzeko zeramika baxerak erabiltzen zituzten.
  3. Eskoziako mendebaldea eta Irlanda ipar-ekialdearen arteko lotura nabaria da, baina gaur egun ikerlari askok uste dute eskotoak, garai hartan dagoeneko bertako herritarrak zirela.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. John Koch (2005): Celtic Culture: A Historical Encyclopedia. ABL-CIO. XX. orrialdea. ISBN 978-1-85109-440-0.
  2. Luján, E.R. PUEBLOS CELTAS Y NO CELTAS DE LA GALICIA ANTIGUA: FUENTES LITERARIAS FRENTE A FUENTES EPIGRÁFICAS1. Universidad Complutense, 229-250 or..
  3. "If, as is the first criterion of this Encyclopedia, one bases the concept of 'Celticity' on language, one can apply the term 'Celtic' to ancient Galicia", Koch, John T., ed. (2006). Celtic culture: a historical encyclopedia. ABC-CLIO. 790. or. ISBN 1-85109-440-7.
  4. (Gaztelaniaz) Astures. (2019-11-22). «Celtización de la Península Ibérica. Apuntes de una clase de Antigüedad» Astures. Historia de un pueblo surgido de la Edad del Hierro. (kontsulta data: 2025-12-10).
  5. James, Simon (1999). The Atlantic Celts – Ancient People or Modern Invention. University of Wisconsin Press.
  6. Koch, John T. (2005). Celtic Culture: A Historical Encyclopedia. Santa Barbara, California: ABC-CLIO. p. xix–xxi. ISBN 978-1-85109-440-0. Retrieved 9 June 2010. This Encyclopedia is designed for the use of everyone interested in Celtic studies and also for those interested in many related and subsidiary fields, including the individual CELTIC COUNTRIES and their languages, literatures, archaeology, folklore, and mythology. In its chronological scope, the Encyclopedia covers subjects from the HALLSTATT and LA TENE periods of the later pre-Roman Iron Age to the beginning of the 21st century.
  7. James, Simon (1999). The Atlantic Celts – Ancient People or Modern Invention. University of Wisconsin Press.
  8. Collis, John. (2003). The Celts: Origins, Myths and Inventions. Stroud: Tempus Publishing ISBN 978-0752429137..
  9. Pryor, Francis. (2004). Britain BC. Harper Perennial ISBN 978-0007126934..
  10. Sims-Williams (August 2020). "An Alternative to 'Celtic from the East' and 'Celtic from the West'". Cambridge Archaeological Journal. 30 (3): 511–529. doi:10.1017/S0959774320000098. hdl:2160/317fdc72-f7ad-4a66-8335-db8f5d911437.

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]