Edukira joan

Druida

Wikipedia, Entziklopedia askea
Druida
Druida baten marrazkia
Antzina Europako mendebaldea druiden lurraldea zen
Pertsonaia Mitologikoaren Ezaugarriak
Mota izaki mitologikoa
Mitologia zelta mitologia
Lekua Irlanda

Druidak antzinako zelta herri batzuetako mahia-altuko apaiz, jakintsu, gobernu aholkulari, irakasle eta epaileak izan ziren.[1] Druidek gizarte maila independentea osatzen zuten, maila intelektuala. Eginkizun erlijiosoekin batera beste batzuk zituzten, eta euren artean badirudi espezialistak zeudela, eta hala nola, bardo, sendagile, astronomo, filosofo eta azti izan zitekeen.

Druiden lehen erregistro ezagunak K.a. III. mendekoak dira. Bere izena "haritzaren ezagutzailea" esan nahi duen hitz zelta batetik etor daiteke. Bere izena hitz zelta batetik etor daiteke, "haritza ezagutzen duena" esan nahi dezake. Oso gutxi dakigu ziur druidei buruz, ez baitzuten erregistro propiorik.[1]

Thomas Downing Kendrick arkeologo eta historialari britaniarrak druiden hiru eginkizun nagusi ezberdindu zituen, nahiz eta banaketa hau ez zen izan beti oso zehatza eta zenbait autore oso eszeptiko dira sailkapen proposamen honekin:

  • "Druidak", gudaren artea irakasten zuten eta ahalmen magikoak zituzten.
  • "Baird"-ak edo bardoak, ahozko ohituren arduradunak ziren
  • "Filidh"-ak edo etorkizuna aurresaten zuten igarleak.

Galietako druidak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Julio Zesarren arabera, druidei buruzko informazio-iturri nagusia dena, Galian bi gizon-talde zeuden ohorean berdinduak, druidak eta nobleak (zaldunak). Zesarrek kontatu zuen druidak arduratzen zirela sakrifizio publiko eta pribatuez, eta gazte asko joaten zirela haiengana heziketa jasotzera. Eztabaida publiko eta pribatu guztiak epaitzen zituzten eta zigorrak ezartzen. Norbaitek bere dekretuari jaramonik egiten ez bazion, jainkoei sakrifizioa egitea debekatzen zitzaion, eta hori zigorrik larriena zen. Druida bat izendatzen zen buruzagi, eta hura hiltzean, beste bat izendatzen zen. Druidek biltzarrak egin eta bozkatzen zuten erabakiak hartzeko, nahiz eta batzuetan, indarkeria armatua erabiltzen zuten beren helburuak lortzeko. Urtean behin, druidak leku sakratu batean biltzen ziren Karnuteen (egungo Chartres inguruan bizi zirenak) lurraldean, Galia osoaren erdigunea zelakoan, eta lege eztabaida guztiak druiden iritziaren mende jartzen ziren han.

2 druiden irudikapena. XVIII. mendeko erliebe baten XIX. mendeko marrazkia.

Zesarrek ere argi utzi zuen druidek gerrari uko egiten ziotela eta ez zutela zergarik ordaintzen. Pribilegio horiek erakarrita, gazte asko borondatez batu ziren ordenara edo beren familiek bidali zituzten. Antzinako bertsoak, filosofia naturala, astronomia eta jainkoen jakinduria aztertzen zituzten, eta batzuek 20 urte ere ematen zituzten ikasten. Druidek arima hilezkorra zela uste omen zuten, eta hiltzean pertsona batetik bestera pasatzen zela.

Idazle erromatarrek ere esaten zuten druidek giza sakrifizioak eskaintzen zituztela gaixotasun larriak zituztenen alde edo batailan hiltzeko arriskuan zeudenei. Idatzi zuten aldi berean, zumez egindako irudi handi bat gizon biziz betetzen zutela eta erre egiten zutela, hartara, gizonak bizirik zeudela oraindik; druidek nahiago zuten kriminalak sakrifikatu, baina biktima errugabeak aukeratzen omen zituzten behar izanez gero. Historialari kritikoek ohartarazten dute, ohikoa zela erromatarrek bere etsaiak basati gisa deskribatzea.[2]

Plinio Zaharraren arabera, Tiberio (K.o. 14tik 37ra) enperadoreak legeak sartu zituen druidak ez ezik, beste igarle eta sendatzaile batzuk ere debekatzeko. Suetoniok, bere aldetik, dio Augustok dekretatu zuela druida zen inork ezingo zuela erromatar hiritartasuna eduki, eta ondoren, Klaudio enperadoreak emandako lege batek, druidak "erabat ezabatu" zituen, beren erlijio-praktikak debekatuz.

Litekeena da azken druida galiarrek Britaniara ihes egitea, uharteetako homologoen artean babesa bilatuz. Badakigu druidismoak nolabaiteko iraupena izan zuela Irlandan eta Galesen uharteak kristautu ondoren, Erdi Aroraino ere iritsiz, nahiz eta antzinako druiden irudi oso desitxuratu gisa, igarle, azti edo sendatzaile soil gisa.[3]

Zesarrek druiden buruz gehien idatzi zuen idazle klasikoa bada ere, uste da Posidonio greziar filosofo estoikoagandik jaso ahal izan zituela datu batzuk. Bestalde, Zesarren kontakizuna Erdi Aroko irlandar lehen sagek maiz baieztatzen dituzte Zesarren informazioaren parte batzuk. Adibidez, Zesarrek druiden urteroko batzarrari buruz egiten duen deskribapena eta hauek "druida nagusi" bat aukeratzea irlandar saga batek ere berresten du.[1]

"Druida" hitzaren jatorria oso eztabaidatua dago. Dáithí Ó hÓgáin folklorean doktore irlandarraren ustez, hitza "jakindurian aberatsa" esan nahi du. Beste batzuek ordea drus-etik eratorria dela onartzen dute, "haritz" zuhaitzaren zelta hitza, alegia. Amaitzeko, beste teoria batek dru (kontuduna, sakonki) eta uid (jakintza) hitzak elkarren artean erlazionatzen ditu.

Egungo druidismoa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Antzinako druida zelten eta gaur egungo druiden arteko ezberdintasuna aipatu beharra dago. Lehenengoak testigantza idatzirik gabe desagertu ziren. Azkenak, Aro Modernoaren kontzeptuen arabera Gales eta Irlandan garatu ziren eta ohiturak gaur egungo ideia, nazionalismoa eta erromantizismoarekin batzen dituzte.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. a b c (Ingelesez) «Druid | Description, History, & Facts | Britannica» www.britannica.com 2025-03-21 (kontsulta data: 2025-05-19).
  2. (Gaztelaniaz) Campodarve Lacoma, Claudia; Alfayé Villa, Silvia (tutorea). (2023). Los Druidas: sacerdocio y ritual (Gradu Amaierako Lana). Zaguan. Universidad de Zaragoza Repository: Unizar, Zaragozako Unibertitatea.
  3. (Gaztelaniaz) Martinez, Alberto. (2024-03-05). César y los druidas - HA Historia y Arte. (kontsulta data: 2025-05-19).

Bibliografia sakontzeko

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  • (Frantsesez) Guyonvarc'H Christian eta Le roux, Francoise (1986). Les druides Editions Ouest-France. ISBN: 9782858829200.
  • (Ingelesez) Green, Miranda (2005) The World of the Druids. Thames and Hudson. ISNB: 978-0500285718.
  • (Ingelesez) Cunliffe, Barry (2010): Druids: A Very Short Introduction. Oxford university Print. ISBN: 9780199539406.
  • (Ingelesez) Ellis, Peter Berresford (1996): The Druids. Eerdmans. ISBN: 9780802837981.

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  • Cartwright, Mark (2021-02-01) «Druid». World History Enciclopedia