Wikipedia, Entziklopedia askea

Industria litiko

Silexezko bifaz edo aurpegibiko bat

Industria litikoa esaten dugunean, historiaurreko gizakiek egiten zituzten harrizko tresna eta objektuen lanketaz ari gara. Harrizko objektu horiek dira giza historiako teknologiarik zaharrena, duela 2 milioi urte baino gehiagokoak. Arkeologoek halako tresna asko aurkitu dituzte, eta horri esker hominidoak zertan aritzen ziren jakin dezakegu.

Berebiziko garrantzia izan zuen Homo generoaren eboluzioan geroz eta arma zein tresna hobeak lantzeak: tresna horiei esker, historiaurreko gizakiak trebeagoak ziren ehizan, landareak biltzen, janaria prestatzen, arropa egiten eta horrelako beste kontu arrunt baina ezinbestekoetan, eta, horrenbestez, hobeto bizi ziren.

Harria lantzeko tekniketan erabiliena harria puskatzea zen, hau da, harriari kolpeak ematea pusketa zorrotzak lortzeko. Horrez gain, harriak leundu ere egiten ziren, tresnei forma egoki eta atseginagoa emateko.

Historiaurreko gizakiek silexa, obsidiana, kuartzoa eta beste harri batzuk erabiltzen zituzten tresnak egiteko. Guztien artean, silexa asko erabiltzen zuten, erraza delako bertatik ertz zorrotzak lortzea.

Ezagutzen ditugun tresna zaharrenak duela 3,3 milioi urtekoak dira, gutxi gorabehera. Jotzeko eta ebakitzeko erabiltzen ziren harriak dira, 2011n eta 2012an aurkitu zituztenak Kenian, Afrikan. Antropologoek uste dute, segur aski, Australopithecus edo Kenyanthropus espeziekoek sortu zituztela tresna horiek.

Industria litikoaren garapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Paleolitoko hiru aroetan zehar mota desberdineko industria litikoak garatu ziren, alegia, harria lantzeko modu ezberdinak, zein baino zein finagoa. Arkeologoek estiloaren eta erabileraren arabera sailkatu dituzte harrizko tresnen industriak.

Behe Paleolitoan (duela 2,5 milioi eta 300.000 urte artean), lehen tresnak harri puskak baino ez ziren, punta edo ertz zorrotz bat lortu arte landutakoak, harriaren mutur bat beste harri batekin joz. Tresna horiek eskubarrenaren tamainako harriz eginak ziren eta kolpeak emateko erabiltzen ziren, aizkoren antzera. Zaharrenek harriaren alde bat bakarrik izaten zuten landua, eta horregatik esaten da tresna aurpegibakarrak direla. Geroago, Acheul aldiko kultura iritsi zenean, aurreko teknika hobetu eta aurpegibiko esku-aizkorak lortu zituzten. Acheul aldiko kultura Afrikan, Europan eta Asian zabaldu zen, eta Homo Erectusarekin lotzen da.

Erdi Paleolitoan (duela 300.000 eta 35.000 urte artean), Mousteriar kultura agertu zen, Homo Neanderthalensisekin lotzen dena. Aldi horretan, gizakiak tresna txikiagoak egiten hasi ziren, gezi eta lantzen puntak esaterako, eta baita bestelako tresnak ere: moztekoak, urratzekoak eta zulatzekoak. Halako tresnak egiteko, harriak jo eta pusketak lortzen zituzten.

Goi Paleolitoan (duela 35.000 eta 10.000 urte artean), Homo Sapiens Sapiensa agertu zenean, hainbat industria litiko zeuden, gehienak harri pusketak leuntzean oinarrituak. Pusketa zabalen ordez, luzexkak erabiltzen ziren, laban baten tankerakoak. Horri esker, tresna oso espezializatu eta eraginkorrak lortzen zituzten. Garai horretako hezurrezko tresnak ere aurkitu dira, orratzak eta arpoiak adibidez.