Wikipedia, Entziklopedia askea

Industrializazio

Lantegi bateko muntaketa-katea.

Industrializazioa lurralde bat nekazari-gizarte izatetik industria-gizarte izatera daraman aldaketa sozial eta ekonomikoaren garaia da. Industrializazioa, era berean, ondasunen produkzioa kantitate handietan egitea da, makinen, tekniken eta lan-prozesuen garapenaren bidez, horrela, denbora laburragoan gehiago ekoizteko eta irabazi handiagoak lortzeko.

Industrializazioak aldaketa sozial, ekonomiko, politiko, kultural eta geografiko handiei bide eman zien mundu-mailan. Nekazariek makina berrien erabilera sistematizatu zuten beren lanetan, landaguneetako herritarrak hiri handietara joan ziren lan, soldata eta bizi-baldintza hobeen bila.

Industria Iraultza izan zen industrializaziorantz emandako lehenengo pausoa. XVIII. mende erdian eta XIX. mende hasieran hasi zen prozesua, Ingalaterran, hiru oinarriren gainean: makinen erabilera (mekanizazioa), kate-ekoizpena eta ikatzaren erabilera energia lortzeko.

Industrializaziori esker hainbat gauza lortu ziren: produktu asko denbora laburragoan ekoiztea eta haien fabrikazio-kostuak gutxiagotzea, ekoizpen-kopurua izugarri handitzea, langile gutxiago erabiltzea, merkatuak zabaltzea eta irabaziak areagotzea. Prozesu industrial horiek guztiz aldatu zituzten herrialde guztietako ekonomia, garapena, produktibitatea, automatizazioa eta ondasunen kontsumoa.

Industrializatu ziren jarduera nagusiak ehungintza, automobilgintza, farmazeutika eta metalurgia izan ziren.

Hala ere, herrialde guztietan ez zen berdin gertatu industrializazioa. Industrializazioa lehendabizi Ingalaterran, Frantzian eta Alemanian gertatu zen; geroago, Estatu Batuak, Japonia eta Errusia gehitu zitzaizkien; eta duela gutxi Afrikako, Latinoamerikako eta Asiako hainbat herrialde.

Industrializazioaren ondorioak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Industrializazioaren ondorio garrantzitsuenetakoak honako hauek ditugu: