Wikipedia, Entziklopedia askea

Industria Iraultza

Industria-iraultzaren garaiko ehundegi ingeles bat.

Industria-iraultza gizadiaren historiako garai edo aldi bat da. Aldi horretan, gauza asko asmatu ziren, meategi eta lantegi asko eraiki, eta horrek goitik behera aldatu zuen herrialde askotako ekonomia. Eskulangintzaren ordez —huraxe baitzen ordura arte produktuak egiteko era—, makinak agertu ziren. Aldaketa handia izan zen hori, eta horregatik deritzo iraultza.

Industria-iraultza Ingalaterran hasi zen, XVIII. mendearen hondarrean eta XIX.aren hasieran. Energia hidraulikoaren, eolikoaren eta abere-indarraren ordez —horiexek erabiltzen baitziren ordura arte—, Ingalaterran lurrun-makinak hasi ziren erabiltzen, zertarako eta lantegietako beste makinak martxan edukitzeko. Makina haiek, esate baterako, ehunak eta oihalak egiteko ehundegiak ziren. Makinei esker, ordura arte baino askoz ehun gehiago ekoitz zitekeen, eta langile gutxiago behar ziren.

Ingalaterratik, Industria-iraultza Europako beste herrialde batzuetara hedatu zen. Industrian gertaturiko aldaketek hobekuntza ekarri zuten nekazaritzara ere. Golde hobeak egiten ziren, eta, batez ere, ongarri modernoak asmatu ziren. Landareak askoz hobeto hazten dira ongarriei esker, eta ordura arte baino askoz uzta ederragoak biltzen hasi ziren. Hartara, jende gehiagorentzako elikagaia zegoen, eta merkeago. Elikadura ez ezik, medikuntza ere hobetu egin zen: jakin zen gaixotasun asko bakterioek eraginak direla, eta oso garrantzitsua dela garbitzea. Horri guztiari esker, jendeak urte gehiago hartzen zituen, eta ez ziren hiltzen hainbeste haurtxo. Ondorioz, Europako herrialdeak ordura arte baino askoz biztanle gehiago izatera iritsi ziren.

Industria-iraultzaren beste asmakari garrantzitsu bat trena eta burdinbideak izan ziren. Trenari esker, errazagoa zen salgaiak erosleak bizi ziren lekuetara eramatea. Gainera, beharginek ez zuten beren lantokitik oso gertu bizi beharrik.

Hobeto bizi al zen jendea Industria-iraultzari esker?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mutiko gazte bat meategi batean lanean.

Jende askok aurkitu zuen lana fabriketan, eta dirua irabazi ahal izan zuen lanaren truke. Hori garrantzitsua zen: nekazari batek lurra seme-alaba askoren artean banatzen bazuen, inork ez zuen aski lur. Horregatik, jenderik pobreena industriarik ez zegoen lekuetakoa zen. Hirietan lana bazegoenez, jende asko joan zen landatik hirietara, pentsatuz bizibidea hobetuko zutela.

Fabriketako lana, ordea, gogorra eta zikina izaten zen maiz. Hori txarra zen osasunarentzat, batez ere haurrentzat. Prusian, esate baterako, haur-lana 1839an baino ez zen debekatu, eta ez erabat: fabrika batean edo meategi batean lan egiteko, handik aurrera gutxienez 9 urte beteak behar zituen izan haurrak. Kontuan hartu behar da garai hartan normal samarra zela haur txikiek gogor lan egitea baserri eta etxaldeetan.

Karl Marxek eta komunistek pentsatzen zuten Industria-iraultzak pobrezia handia ekarri zuela hirietara ere. Fabriketako langileek soldata eskasa jasotzen zuten, eta ezin zuten baldintza hoberik eskatu, ez zutelako prestakuntzarik. Langileei proletario deitzen zitzaien, seme-alaba asko besterik ez zutelako (latineko “prole” hitzak “haurrak” esan nahi du). Baina langileak elkartzen hasi ziren beren interesen defentsan; hala, sindikatuak sortu zituzten, eta are grebak egiten ere hasi ziren, fabriken jabeek gaizki tratatzen bazituzten.

Denborarekin, langileen eta sindikatuen borrokei esker, jendea diru gehiago irabazten eta hobeto bizitzen hasi zen, eta gizartean oro har nolabaiteko aberastasuna hedatu zen. Hori ona izan zen Estatuarentzat ere: jende askorentzako lana zegoenez, eta ekonomiak hobera egiteari esker, Estatuak zergak bildu eta eskolak eta erietxeak eta ospitaleak eraikitzeko erabil zitzakeen.

Noiz amaitu zen Industria-iraultza?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Industria-iraultza 1900 inguruan amaitu zen. Berez, esan behar litzateke lehen Industria-iraultza amaitu zela. Baziren asmakizun berri gehiago ere, eta produktuak egiteko erak etengabe aldatzen ziren. Esate baterako, XX. mendearen hasieran, produkzio modu berri bat asmatu zuten Estatu Batuetan: muntaketa-lerroa. Horrek esan nahi du langile batek ez duela produktua osorik egiten, parte bat baizik, eta horixe egiten duela lanaldi guztian. Produkzio modu horren ondorioz, bizkorrago egiten dira produktu beraren ale asko; esate baterako, autoak.

Ikertzaileek diotenez, izango omen dira industria-iraultza gehiago ere; esate baterako, etorkizunean oso litekeena da gaur egun gizakiek egiten dituzten produktu asko robotek egitea. Horrek ere industria-iraultza ekarriko du gure gizarteetara, fabriketan ez baita beharko hainbeste langile. Eta oraindik ezin dugu jakin zer aldaketa ekarriko dituen iraultza berri horrek, baina sakonak izango dira, noski.

eta